(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Landa garapena :
    • Prozedura orokorrak :
      • 29/2007 Foru Agindua, otsailaren 8koa, Nekazaritza Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, FEAGAk finantzatzen dituen laguntzak kudeatzeko prozedura ezartzen duena

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

29/2007 Foru Agindua, otsailaren 8koa, Nekazaritza Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, FEAGAk finantzatzen dituen laguntzak kudeatzeko prozedura ezartzen duena

 

(2007ko 23. NAOn argitaratutako testua, otsailaren 21ean)

Atarikoa

Europar Batasuneko Kontseiluaren 1290/2005 Erregelamenduaren (nekazaritzako politika batuaren finantzazioari buruzkoa), eta Europar Batzordearen 885/2006 Erregelamenduaren arabera, FEAGAren eta FEADERen funtsen pagamendua nahitaez "erakunde ordaintzaile" izenekoen bidez egin behar da. Erakunde horiek Europar Batasuneko kide diren estatuen erakunde edo zerbitzuak dira, dagozkien pagamenduei dagokienez, behar adinako bermeak eskaintzen dituztenak: a) eskatutako dokumentuak Batasunaren xedapenetan aurreikusitako epe eta moduan aurkezten dira, b) ordaintzeko agindua eman aurretik, kontrolatzen dute eskaerak behar diren baldintzak betetzen dituen ala ez eta Batasunaren xedapenen araberakoa den ala ez; c) egindako ordainketak zehatz-mehatz eta zorrotz kontabilizatzen dituzte.

Batzordearen 2006ko ekainaren 21eko 885/2006 EE Erregelamenduaren bidez, 1290/2005 EE Erregelamendua aplikatzeko xedapenak ezarri ziren. Haren I. eranskinean, 2. atalean, ezartzen dira erakunde ordaintzaileak jarraitu beharreko bideak eskaerak onartu eta ordainketak egiteko.

Urriaren 2ko 67/2006 Foru Dekretuaren bidez, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentua Nafarroako Foru Komunitateko erakunde ordaintzaile gisa baimendu zen, eta haren antolamendu eta funtzionamendurako arauak ezarri. Halaber, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariari esku ematen zaio, nekazaritzarako Europar Batasuneko funtsen bidez osorik edo hein batean finantzaturiko dirulaguntzei buruzko arau eta deialdiak eman ditzan.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 4. artikuluak ezartzen du Europar Batasuneko funtsekin finantzatzen diren dirulaguntzak Europar Batasunean aplikatzekoak diren arauei lotuko zaizkiela, bai eta Europako arauak garatzen dituzten edo haien transposizioa diren arau nazionalei ere. Foru lege honek dirulaguntzak eman eta kontrolatzeko ezartzen dituen prozedurak, zuzenean aplikatu behar diren Europar Batasuneko arauen osagarri izanen dira prozedura.

Argitasun eta segurtasun juridikoa izate aldera, foru agindu honek, Europar Batasuneko xedapenetan eta 11/2005 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz, prozedura zehazten du, FEAGAk Nafarroan finantzatzen dituen dirulaguntzak eman eta kontrolatzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, agindu dut:

1. artikulua. Xedea.

Foru agindu honen xedea da FEAGAk finantzatzen dituen laguntzetarako eskaerak kudeatzeko prozedura arautzea.

2. artikulua. Eskabideen aurkezpena.

1. Eskabideak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko erregistroan eta eskualdeko edo arloko bulegoetan aurkeztuko dira. Halaber, aurkezten ahalko dira Nafarroako Gobernuko gainerako erregistroetan, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan biltzen diren tokietako edozeinetan.

2. Eskabideak horretarako prestatzen diren inprimaki normalizatuetan aurkeztuko dira, kasu bakoitzean behar den dokumentazioarekin batera.

3. Halaber, eskabideak eta bestelako komunikazioak aurkezten ahalko dira Foru Komunitateko erakunde ordaintzaileak, zuzenean edo entitate laguntzaileen bitartez, prestatzen dituen baliabide elektronikoak erabilita.

4. Laguntzarako eskaerak edozein unetan kentzen ahalko dira, osorik edo hein batean. Hala ere, ez dira kentzen ahalko Administrazioak eskatzaileari adierazi dionean akatsak daudela eskaeran eta tokian bertan kontrola egin nahi duela eta horren ondorioz akatsak atzeman direnean.

5. Laguntzarako eta ordainketarako eskaerak aurkeztu ondoren edozein unetan aldatzen ahalko dira, agintari eskudunek akats agerikoak daudela onartzen dutenean.

3. artikulua. Eskabideen egiaztapena.

1. Eskaerak harturik, eskatzen diren agiri guztiak ote dauden egiaztatuko da. Bestela, interesatuari eskatuko zaio haiek osatzeko, gehienez ere hogeita hamar eguneko epean, eta ohartaraziko, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta artxibatzeko ebazpena eman eta jakinaraziko zaiola.

2. Beharrezkoa den dokumentazioa osatu ondoren, dagokion baimen-unitateak eskabideek laguntzak jasotzeko baldintzak eta beharkizunak betetzen ote dituzten aztertuko du.

4. artikulua. Ordainketak baliozkotzea, kontrol administratiboak eta tokian tokikoak.

1. Eskaera bat ordaintzeko baimena behar adina kontrol egin eta gero emanen da, hau da, dena araudi indardunaren araberakoa dela ziurtatu eta gero. Horretarako, baimenaren ardura duenak egin behar dituen egiaztapen kontrol-zerrenda bat izanen du, paperean edo euskarri elektronikoan. Behar diren kontrolak egin izanaren egiaztapenak espedientean erregistratuko dira, paperean edo euskarri informatikoan.

2. Kontrol administratiboek aukera eman beharko dute akatsak atzemateko, eta bereziki automatikoki atzemateko baliabide elektronikoak -kontrol gurutzatuak barne- erabilita.

3. Kontrol administratiboen osagarri izanen dira tokiko kontrolak, laguntzen onuradun izateko baldintzak betetzen direla egiaztatzeko. Tokiko kontrolerako planak prestatuko dira, erakunde ordaintzailearen zuzendariak onetsiko dituenak. Tokiko kontrolak baimen-unitateak edo eginkizun hori esleitua duen unitateak eginen ditu.

4. Erakunde ordaintzaileari dagokio kontrolak koordinatzea eta haien ardura hartzea.

5. artikulua. Ordainketak baimentzea.

1. Eskabideak egiaztatu eta gero, ordainketen baimen-unitateak ezarriko du eskatzaileari ordaindu behar zaizkien laguntzen zenbatekoa eta, kasua denean, onargarritasun kontroletatik etortzen diren murrizketak. Halaber, zehaztuko ditu laguntzetatik baztertzeko kasuak, kontroletatik etortzen direnak.

2. Baimen-unitatea zer zerbitzutan sartu den, horretako zuzendariak gainbegiratuko du eskabideak egiaztatu direla eta ordainketaren baimena zuzena dela.

3. Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendariak ebazpena emanen du laguntzak eta, kasua bada, baimendutako ordainketak onesteko. Ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariari zuzendua.

4. Ordaintzeko baimenak Ordainketak Burutzeko Bulegoari jakinaraziko zaizkio.

6. artikulua. Baldintzen kontrola.

1. Behar diren tokiko kontrolak eginen dira, ziurtatzeko zuzeneko ordainketak jasotzen dituzten nekazariek (EK) 1782/2003 Erregelamenduan diren baldintzak betetzen dituztela. Azken horiek zehaztuko dira dagokien foru aginduaren bidez, baldintzen pean dauden laguntzetarako.

2. Kontrol plana prestatuko da baldintzak betetzen ote diren egiaztatzeko. Erakunde ordaintzaileko zuzendariak onetsi beharko du plana.

3. Baldintzen kontroletatik etortzen diren murrizketa eta bazterketak erakunde ordaintzaileko zuzendariak onetsi beharko ditu. Ebazpen hori jakinaraziko zaie ez-betetzeak antzeman dizkieten nekazariei eta Ordainketak Burutzeko Bulegoari. Horren aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariari zuzendua.

7. artikulua. Ordainketak burutzea.

1. Ordaintzeko baimenaren jakinarazpena jasota eta, kasua bada, murrizketa eta bazterketena, Ordainketak Burutzeko Bulegoak koherentzia-kontrolak eginen ditu eta ordaintzeko prozesuak burutuko.

2. Prozesua burutzeko ondoko eragiketak eginen dira:

a) Proposamenak konpentsatzea, ordaindu beharreko zenbatekoekin eta itzuli beharrekoekin.

b) Murrizketak modulazioagatik.

c) Murrizketak baldintzengatik.

d) Laguntzen bazterketak aplikatzea.

e) FEAGA-FEADER zordunen konpentsazioa.

f) Bahitura eta atxikipen judizialak.

3. Ondotik, ordaintzeko agindua emanen du et behar diren tramiteak eginen ordainketak sartzeko onuradunaren edo haren lagapen-hartzailearen bankuko kontuan, edo, kasua denean, bahitura prozeduran ezartzen den hartan. Ordainketak eginen dira FEGAk funtsak igorri eta gero, FEAGAren bankuko kontu berariazkoaren kargura.

4. FEAGA-FEADERen Kontabilitate Bulegoari emanen zaio ordainketen eta, kasua bada, egindako atxikipenen berri.

5. Ordainketak burutzeko kudeaketa egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariari zuzendua.

8. artikulua. Ordainketaren kontabilitatea.

FEAGA-FEADERen Kontabilitate Bulegoak ordainketak erregistratuko ditu, erakunde ordaintzailearen kontabilitate-liburuetan. Horiek euskarri informatikoan eramanen dira.

9. artikulua. Itzulketa, arau-hausteak eta zehapenak.

1. FEAGAk finantzatzen dituen laguntzen itzulketa, arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Europar Batasuneko araudian xedatutakoa ez dagoen horretan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeari segituko zaio.

2. Berreskuratzeko prozeduratik salbuetsita daude FEAGAk finantzatutako laguntzak, 20 euro baino txikiagoak badira.

3. FEAGAk finantzatzen dituen laguntzen inguruko itzulketa eta zehapen prozedurak hasi eta ebaztea Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendari nagusiari dagokio, erakunde ordaintzaileko zuzendaria den aldetik.

4. Arau-hausteak zehazteko eta zehapenak ezartzeko zehapen prozedura administratiboa abenduaren 9ko 369/1997 Foru Dekretuan ezarritakoa izanen da, haren bidez onetsi baitzen nekazaritza, abeltzaintza eta elikadura arloetako zehapenak jartzeko administrazio prozedura.

Lehenengo Xedapen Gehigarria. Prozeduraren gaineko esku-liburuak.

1. Nafarroako Foru Komunitateko erakunde ordaintzaileak egindako ordainketak baimendu, burutu eta haien kontabilitatea egiteko ardura dutenek administrazio prozeduraren gaineko esku-liburu bat izan beharko dute.

2. Administrazio prozeduraren gaineko esku-liburuetan agertuko dira aplikatzekoa den araudia, eskura diren baliabideak eta espedientea erabat itxi arte egin behar diren eragiketen azalpena.

Bigarren Xedapen Gehigarria. Komunikazioa.

Europar Batasuneko araudian diren aldaketen berri emanen zaie unitate administratiboei, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Ezagutza Kudeatzeko atariaren bidez. Horretarako, atarian argitaratuko dira arauen gaineko berrikuntzen aldizkariak eta eguneratua mantenduko da neurri ezberdinetarako aplikatzen ahal diren arauen biltokia.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra. Indargabetutako xedapenak.

Indarrik gabe utzi dira:

1. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak 1997ko urriaren 13an emandako Foru Agindua, FEOGA-Bermearen Ataleko laguntza eskaerak aurkeztu eta laguntzak baimendu eta ordaintzeko prozedura ezarri zuena.

2. Foru agindu honetan ezarritakoaren kontrako maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak.

Azken Xedapen Bakarra. Indar hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa