(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Landa garapena :
    • Prozedura orokorrak :
      • 30/2007 Foru Agindua, otsailaren 8koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, FEADERek kofinantzatzen dituen nekazaritza aldeen garapenerako laguntzak kudeatzeko prozedura ezartzen duena

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

30/2007 Foru Agindua, otsailaren 8koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, FEADERek kofinantzatzen dituen nekazaritza aldeen garapenerako laguntzak kudeatzeko prozedura ezartzen duena

 

(2007ko 24. NAOn argitaratutako testua, otsailaren 23an)

Atarikoa

Europar Batasuneko Kontseiluaren 1290/2005 Erregelamenduaren (Europar Batasuneko nekazaritzako politikaren finantzazioari buruzkoa), eta Europar Batzordearen 885/2006 Erregelamenduaren (aurrekoa aplikatzekoa) arabera, FEAGAren eta FEADERen funtsen ordainketa nahitaez "erakunde ordaintzaile" izenekoen bidez egin behar da. Erakunde horiek Europar Batasuneko kide diren estatuen erakunde edo zerbitzuak dira, haiek egin behar dituzten ordainketei dagokienez, behar adinako bermeak eskaintzen dituztenak: a) eskatutako dokumentuak Batasunaren xedapenetan aurreikusitako epe eta moduan aurkezten dira, b) ordaintzeko agindua eman aurretik, kontrolatzen dute eskaerak behar diren baldintzak betetzen dituen ala ez eta Batasunaren xedapenen araberakoa den ala ez; c) egindako ordainketak zehatz-mehatz eta zorrotz kontabilizatzen dituzte. Nafarroan, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak du erakunde ordaintzailearen izaera, urriaren 2ko 67/2006 Foru Dekretuak xedatzen duenari jarraikiz.

Kontseiluaren 1698/2005 (EK) Erregelamenduak, Nekazaritza aldeen garapenerako Europako Funtsaren bitartez (FEADER) nekazaritza aldeen garapenari laguntzekoak, esparrua ezartzen du Batasunaren laguntzak emateko nekazaritza aldeen garapenerako. Batzordearen 1974/2006 Erregelamenduak ezartzen ditu 1698/2005 Erregelamendu hori aplikatzeko xedapenak, ondokoari dagokionean: nekazaritza aldeen garapenari laguntzeko printzipio eta arau orokorrak, nekazaritza aldeen garapenerako neurriak arautzen dituzten xedapen berariazkoak eta komunak, dirulaguntzak jaso ahal izateko irizpideak eta xedapen administratiboak, salbu eta kontrolaren arloko xedapenak.

Batzordearen 1975/2006 Erregelamenduak ezartzen ditu 1698/2005 Erregelamendua aplikatzeko xedapenak, kontrolaren prozedurak aplikatzeari eta nekazaritza aldeen garapenerako laguntzak jaso ahal izateko baldintzei dagokienez. Erregelamendu horrek kudeatu eta kontrolatzeko sistema integratuaren (SIGC) eraginkortasuna onartzen du, eta horrekin batera haren printzipioen aplikazioa azaleren eta animalien gaineko neurriei. Hala ere, beharrezkotzat jotzen du kudeatzeko eta kontrolatzeko arauak egokitzea nekazaritza aldeen garapenerako laguntzen dituzten ezaugarri bereziei, eta xede horrekin berariazko xedapenak ezartzea. Erregelamendu honek arau ezberdinak ezartzen ditu honetarako: a) 2. eta 4. ardatzei dagozkien neurri batzuk eta b) nekazaritza aldeen garapenerako laguntzak, 1. eta 3. ardatzetan oinarrituta eta 2. eta 4. ardatzei dagozkien neurri batzuk. Foru agindu honek, aipatu erregelamenduarekin bat, berariazko arauak ezartzen ditu neurri multzo bakoitzerako, salbu eta 4. ardatzean biltzen diren neurrietarako.

Nekazaritza aldeen garapenerako neurrietatik Nafarroan aplikatzen ahal direnak jaso dira Nafarroako Nekazaritza Garatzeko 2007-2013 Programan. Neurri horiek Foru Komunitateak finantzatzen ditu, Nafarroako aurrekontu orokorren kontura, dagokien ekitaldi bakoitzean. Horregatik, haiek eman eta kudeatzeko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoari lotu behar zaizkio. Foru lege hori, haren 4. artikuluan xedatutakoaren arabera, Europar Batasuneko funtsen kontura finantzatutako dirulaguntzei zuzenean aplikatzen zaizkien arauen osagarri da.

Urriaren 2ko 67/2006 Foru Dekretuak, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariari esku ematen dio, nekazaritzarako Europar Batasuneko funtsen bidez osorik edo hein batean finantzaturiko dirulaguntzei buruzko arau eta deialdiak eman ditzan.

Argitasun eta segurtasun juridikoa izate aldera, foru agindu honek, Europar Batasuneko xedapenetan eta 11/2005 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz, prozedura zehazten du, FEADERek nekazaritza aldeen garapenerako kofinantzatzen dituen laguntzak Nafarroan eman eta kontrolatzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, agindu dut:

I. KAPITULUA. Arau komunak nekazaritza aldeen garapenerako laguntzak kudeatu eta kontrolatzeko

1. artikulua. Aplikazio eremua.

1. Foru agindu hau nekazaritza aldeen garapenerako laguntzen eskaerei aplikatuko zaie, laguntza horiek FEADERek kofinantzatzen dituenean.

2. Foru agindu honen esparrutik kanpo gelditzen dira:

a) Laguntzak eman ez, baizik eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zuzeneko inbertsioak diren neurrietarako, haiek duten berariazko arautegiari jarraituko zaio.

b) Leader ardatzaren esparruan emandako laguntzak.

2. artikulua. Laguntzen eskaera eta ordainketa.

1. Laguntza eman eta ordaintzeko eskaerak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko erregistroan aurkeztuko dira, eskualdeko eta ataletako bulegoetan eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko erregistroan, haren eskumenekoak diren laguntzetarako. Halaber, aurkezten ahalko dira Nafarroako Gobernuko gainerako erregistroetan, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan biltzen diren tokietako edozeinetan.

2. Eskaerak horretarako prestatzen diren inprimaki normalizatuetan aurkeztuko dira, paperean edo euskarri elektronikoan, eta kasu bakoitzean behar den dokumentazioarekin batera.

3. Halaber, eskaerak eta bestelako komunikazioak aurkezten ahalko dira xede horrekin prestatzen diren baliabide elektronikoak erabilita.

4. Laguntzarako eskaerak edozein unetan kentzen ahalko dira, osorik edo hein batean. Hala ere, ez dira kentzen ahalko Administrazioak eskatzaileari adierazi dionean akatsak daudela eskaeran eta tokian bertan kontrola egin nahi duela eta horren ondorioz akatsak atzeman direnean.

5. Laguntzarako eta ordainketarako eskaerak aurkeztu ondoren edozein unetan aldatzen ahalko dira, agintari eskudunek akats agerikoak daudela onartzen dutenean.

6. Hainbat urtetan ordaintzeko konpromisoa dakarten neurrien kasuan, onuradunak urtean ordaintzeko eskaera aurkeztuko du, laguntzak arautzeko oinarrietan horrela aurreikusten bada.

3. artikulua. Kontroleko printzipio orokorrak.

1. Kontrol administratiboak eta tokian tokikoak eginen dira laguntzak emateko baldintzak betetzen ote diren era eraginkorrean egiaztatu ahal izateko moduan.

2. Laguntzen eskaerak baztertu eginen dira baldin eta ekoizleak edo haren ordezkariak tokian tokiko kontrolak egitea galarazten badute.

3. Onargarritasun irizpideak betetzen ote diren egiaztatuko da foru agindu honetan eta laguntzak arautzen dituzten oinarrietan ezartzen diren kontrolen bitartez.

4. Ahal delarik, tokiko kontrolak eta nekazaritzarako laguntzekin lotutako Batasunaren arautegian aurreikusten diren bestelako kontrolak aldi berean eginen dira.

5. Berariazko xedapenak ezertan ukatu gabe, ez zaie inolako ordainketarik eginen onuradunei, frogatzen baldin bada laguntzen helburuez beste onurak lortzearren ordainketa horiek emateko eskatutako baldintzak artifizialki sortu dituztela.

4. artikulua. Laguntzen eskaerak egiaztatu eta baliozkotzea.

1. Eskaerak harturik, eskatzen diren agiri guztiak ote dauden egiaztatuko da. Bestela, interesatuari eskatuko zaio haiek osatzeko, gehienez ere hogeita hamar eguneko epean, eta ohartaraziko, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta artxibatzeko ebazpena eman eta jakinaraziko zaiola.

2. Beharrezkoa den dokumentazioa osatu ondoren, dagokion baimen-unitateak eskabideek laguntzak jasotzeko baldintzak eta beharkizunak betetzen ote dituzten aztertuko du.

3. Eskatzen diren baldintzak betetzen dituzten eskaerak atal eskudunak ebaluatuko ditu, baimen-unitate gisa jardunen baitu, oinarrietan ezartzen diren irizpideen arabera. Ebaluaketa egin ondoren, baimen-unitateak laguntza emateko ebazpen proposamena eginen du.

4. Espedientean jasoko dira, paperean edo euskarri elektronikoan, egiaztapenen emaitzak eta, ados jarri ezean, hartzen diren neurriak.

5. artikulua. Dirulaguntzak emateko ebazpena.

1. Ebazpen proposamena ikusirik, gaian eskumena duen zuzendari nagusiak edo, kasua bada, kontseilariak, laguntzak ematearen gaineko ebazpena emanen du.

2. Ebazpenak dirulaguntza izateko eskubidea aldarrikatzen du, baina betiere eskabidea aplikatu beharreko araudiaren araberakoa baldin bada. Eskubide hori, hortaz, dirulaguntzaren oinarri den jarduera egitearen edo jokabidea hartzearen menpe egonen da, eta egin dela egiaztatutakoan bakarrik emanen da ordaintzeko baimena eta erabakiko dira eskatzaileari eman beharreko laguntzak.

6. artikulua. Aurrerakinak.

1. Onartutako laguntzaren ordainketaren aurrerakinak laguntzen oinarrietan espresuki aurreikusita daudenean baizik ez dira eginen. Aurrerakinak oinarrietan ezarrita dauden epe, betebehar eta bermeekin eginen dira. Bermea ezarri beharko da nahitaez aurrerakina 60.000 eurotik goitikoa bada, onuraduna administrazio publiko bat edo sektore publikoko entitate bat denean izan ezik.

2. Berme hauek baizik ez dira onartuko: 2220/1985 (BE) Erregelamenduak ezarritako baldintzak betetzen dituzten finantza erakundeek emandakoak. Likidatu edo eskatu arte balio duten bermeak izanen dira eta erakunde ordaintzailearen eskari hutsarekin ordainduko dira.

3. Aurrerakinak oinarrietan aipatzen diren epeetan justifikatu beharko dira, dirulaguntzak justifikatu eta ordaintzeko, orohar aipatzen diren baldintza berberekin.

4. Kontrolak egin eta gero, onuradunari dagokion zenbatekoa aurrerakin gisa jasotakoa baino txikiagoa bada, baimen-unitateak igorriko dizkio egindako kontrolen emaitza, egoki juzgatzen dituen alegazioak aurkez ditzan, gehienez ere 30 eguneko epean. Horiek ikusirik, edo epea iragan eta alegaziorik aurkeztu ez bada, ebazpen proposamena prestatuko du. Aurrerakina itzuli behar den kasuan, ebazpenean adieraziko zaio interesatuari ordainketa zein toki, modu eta epetan egin behar den, eta ohartaraziko zaio ezen, ordainketa epean egiten ez badu, premiamendu bidezko dirubilketaren prozedura aplikatuko dela.

7. artikulua. Laguntzen ordainketa.

1. Behar diren kontrolak egin eta gero, baimen-unitateak ezarriko du eskatzaileari ordaindu behar zaizkion laguntzen zenbatekoa eta ordaintzeko ebazpen proposamena prestatuko du. Ordaintzeko proposamenari erantsiko zaio egiaztagiri bat, laguntzaren helburuak betetzen direla eta hura kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak betetzen direla frogatzen duena.

2. Kontrolak egiteko, kudeatzaileek egin behar dituzten egiaztapen kontrol-zerrenda bat izanen dute, paperean edo euskarri elektronikoan. Laguntza eskatzeko espedientean kontrol horiek egin izanaren ziurtagiria jasoko da, paperean edo euskarri elektronikoan.

3. Egiaztatzea eta ondoriozko ordainketa, dena batera egin daiteke jarduera bukatzean, edo zatika, zatikako justifikazioen ondoren, oinarrietan eta aplikatzekoa den gainerako araudian ezartzen diren baldintzak betez.

4. Ebazpen proposamena ikusirik, zuzendari nagusiak edo, kasua bada, eskumena duen kontseilariak, laguntzak ematearen gaineko ebazpena emanen du.

5. Ebazpena interesatuei jakinaraziko zaie, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legeak ezarritako moduan.

6. Ordaintzeko ebazpena Departamentuko Kontabilitate Zentroari eta Ordainketak Burutzeko Bulegoari jakinaraziko zaie.

8. artikulua. Gainbegiratzea.

Baimen-unitatea zein zerbitzuri dagoen atxikia, horretako zuzendariak gainbegiratuko du laguntza emateko eta ordaintzeko egiaztapena, ebaluazioa eta ebazpen proposamena egin direla, eta berak gainbegiratu izanaren adierazpena utziko du espedientean.

9. artikulua. Ordainketak burutzea.

1. Ordaintzeko baimenaren jakinarazpena jasota eta, kasua bada, murrizketa eta bazterketena, Ordainketak Burutzeko Bulegoak koherentzia-kontrolak eginen ditu eta ordaintzeko prozesuak burutuko. Halaber, bidezko diren konpentsazio eta atxikipenak eginen ditu.

2. Ordainketak Burutzeko Bulegoak ordaintzeko agindua emanen du. Agindua Europar Batasuneko Batzordearen uztailaren 21eko 885/2006 Erregelamenduan esan bezala egin beharko da.

3. FEAGA-FEADERen Kontabilitate Bulegoari eta dagokion departamentuko Kontabilitate Zentroari emanen zaie ordainketen eta, kasua bada, egindako konpentsazio eta atxikipenen berri.

10. artikulua. Ordainketaren kontabilitatea.

FEAGA-FEADERren Kontabilitate Bulegoak funtsa horren kargura egindako ordainketak erregistratuko ditu, erakunde ordaintzaileak horretarako dituen kontabilitate-liburuetan, Liburuak euskarri informatikoan egonen dira.

11. artikulua. Itzulketa, arau-hausteak eta zehapenak.

1. FEADERen kontura diren nekazaritza aldeen garapenerako laguntzen itzulketa, arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Europar Batasuneko araudian xedatutakoa ez dagoen horretan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeari segituko zaio.

2. Berreskuratzeko prozeduratik salbuetsita daude FEADERek kofinantzatutako laguntzak, 40 euro baino txikiagoak badira.

3. Nekazaritza aldeen garapenerako laguntzen inguruko itzulketa eta zehapen prozedurak hasi eta ebaztea Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendari nagusiari dagokio, erakunde ordaintzaileko zuzendaria den aldetik.

4. Arau-hausteak zehazteko eta zehapenak ezartzeko zehapen prozedura administratiboa abenduaren 9ko 369/1997 Foru Dekretuan ezarritakoa izanen da, haren bidez onetsi baitzen nekazaritza, abeltzaintza eta elikadura arloetako zehapenak jartzeko administrazio prozedura.

12. artikulua. Errekurtsoak.

1. Eskaeren inguruan ematen den ebazpenaren edo ustezko ezespenaren kontra, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, ebazpena emateko eskumena duen zuzendari nagusiaren gainean den kontseilariari zuzendua, eta Nafarroako Gobernuari zuzendua, ebazpenaren eskumena kontseilari batena denean.

2. Ordainketak burutzeko kudeaketa egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariari zuzendua.

II. KAPITULUA. Nekazaritza aldeen garapenerako laguntzak, 1. eta 3. ardatzetan oinarritutakoak, kontrolatu eta kudeatzeko arauak, eta 2. ardatzari dagozkion neurri batzuk, 1974/2006 Erregelamenduaren II. Tituluan biltzen direnak

13. artikulua. Aplikazio eremua.

Kapitulu honetan ezartzen diren arauak ondoko neurriei, Nafarroako Nekazaritza Garatzeko 2007/2013 Programan daudenei, aplikatzen zaizkie:

a) Nekazari gazteak bere gain hasteko laguntzak.

b) Nekazariak eta nekazaritzako langileak lehenago erretiratzeko laguntzak.

c) Nekazariek aholkularitza zerbitzuak erabiltzeko laguntzak.

d) Nekazaritzako ustiategiak modernizatzeko laguntzak.

e) Basoen balio ekonomikoa hobetzea.

f) Nekazaritzako eta oihaneko produktuen balio erantsia handitzea.

g) Nekazaritza eta oihangintza garatu eta egokitzeko azpiegiturak hobetu eta garatzea.

h) Nekazaritzakoak ez diren jardueretara bideratzeko dibertsifikazioa.

i) Nekazaritzako elikagaien mikroenpresak sortu eta garatzeko laguntzak.

j) Landa ondarea zaindu eta hobetzea.

k) Oihan gaitasuna berreskuratzeko eta prebentzio neurriak ezartzeko laguntzak.

l) Produkziokoak ez diren inbertsioak, oihan lurretan.

m) Alorretan lehen oihantzea egiteko laguntzak, ezartzeko kostuei dagokienean.

14. artikulua. Laguntzen eskaerak baliozkotzea.

1. Behar den dokumentazioa oso-osorik dagoenean, baimen-unitateak behar diren kontrol administratiboak eginen ditu eskaerek haien gaineko araudian eskatzen diren baldintzak betetzen ote dituzten egiaztatzeko. Betiere, ondokoa egiaztatuko du:

a) Laguntzaren xede den eragiketaren onargarritasuna.

b) Hautatzeko ezarri diren irizpideak betetzen ote diren.

c) Laguntzaren xede den eragiketa bat ote datorren Espainiako eta Europako xedapenekin, bereziki kontratu publikoak, estatuen laguntzak eta derrigorrezkoak diren gainerako arauak tartean direnean.

d) Eskatzailearen fidagarritasuna, 2000. urtetik aitzina kofinantzaturik burutu diren beste eragiketekin lotuz.

e) Proposatzen diren kostuen egokitzapena, dagozkien oinarrietan ezarritako irizpideei jarraikiz.

f) Laguntzen oinarrietan eskatzen diren gainerako baldintzak.

3. Eskaerak baldintzak betetzen baditu, baimen-unitateak baliozkotuko du. Betetzen ez baditu, ebazpena emanen da hura ukatzeko, eta espedientea artxibatuko da.

15. artikulua. Diruz lagundutako jardueraren justifikazioa.

1. Laguntzaren oinarri den jarduera egin edo jokabidea hartu eta gero, onuradunak diruz lagundutako jarduera burutu dela justifikatu beharko du, oinarrietan zehazten den eran.

2. Onuradunek egindako ordainketak fakturen eta ordainagirien bidez justifikatuko dira. Ezin bada horrela egin, ordainketak antzeko froga-balioa duten agirien bidez justifikatuko dira.

3. Fakturen eta gainerako ordainagirien jatorrizkoak eta kopiak aurkeztu beharko dira. Behin kopiak egiaztaturik, baimen-unitateak jatorrizkoak zigilatu eta onuradunei itzuliko dizkie. Zigilatzearen bidez kontrolatuko da bestelako araubideko laguntzetarako aurkezten ote diren eta bateraezintasunen eta metatzen ahal den gehieneko mugen araubidea bermatzeko.

4. Oinarrietan aurreikusia baldin badago diru-kopurua zatika edo aurrerakinekin ordaintzea, aurreko atalean aipatzen den egiaztapena azkeneko likidazio eta ordainketarekin batera eginen da.

17. artikulua. Ordaindu aurreko kontrol administratiboak.

1. Baimen-unitateak behar diren kontrol administratiboak eginen ditu, ondokoak egiaztatzeko, ematen den laguntzarako egokia den heinean.

a) Diruz lagundutako produktu eta zerbitzuen hornidura.

b) Adierazitako gastuen egiazkotasuna.

c) Eragiketa bukatua alderatzea laguntzaren xede eta hartzaile izan den eragiketarekin.

d) Arautik kanpoko finantzaketa bikoitzik ez egotea, Europako edo Espainiako bestelako araubideetakoa edo programazioaldietakoa. Laguntzak bateragarriak badira beste batzuekin, egiaztatuko da guztira jasotzen den laguntzak ez duela gainditzen gehienez ere baimentzen den muga.

e) Gastuak ezarritako epean burutzea.

f) Gastuak ezarritako epean justifikatzea.

g) Ordaindu aurreko baldintzak, dagozkien oinarrietan ezarritakoak, betetzea.

2. Inbertsioen egiaztapenean sartuko da bisita bat, laguntzaren xede den eragiketa burutzen den tokira edo inbertsioaren kokagunera, egiaztatu ahal izateko emateko baldintzak betetzen direla edo inbertsioaren benetako helburua gorde dela. Bisita ez da beharrezkoa izanen inbertsioa 25.000 eurokoa baino txikiagoa denean, edo biltzen diren inguruabarrek zail egiten dutenean laguntza emateko baldintzak ez betetzea edo inbertsioaren benetako helburua ez gordetzea. Erabaki hori eta haren justifikazioa erregistratuko dira.

18. artikulua. Tokian tokiko kontrolak, ordaindu aurretik.

1. Tokian tokiko kontrolak, ordaindu aurretik eginen direnak, burutzeko prestatuko den laginean kapital dirulaguntzak sartuko dira, 60.000 eurotik gorakoak direnean.

2. Lehenago erretiratzeko laguntzen kasuan, laguntzaren lehen ordainketaren ondotik, ez da beharrezkoa izanen tokiko kontrolak egitea, betiere kontrol administratiboetan sartzen badira, besteak beste, kontrol gurutzatuak 1782/2003 Erregelamenduaren 19. artikuluan aipatzen den datu-baseko informazioarekin, ordainketen legezkotasuna eta erregulartasuna bermatzeko balio dutenak.

19. artikulua. Murrizketak eta bazterketak.

1. Murrizketak eta bazterketak aplikatuko dira 1975/2006 Erregelamenduan eta laguntzen oinarrietan ezarritakoari jarraikiz.

2. Murrizketak eta bazterketak aplikatuko dira Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legean ezarritako zehapenak ukatu gabe.

20. artikulua. Geroko kontrolak.

Inbertsioko eragiketek, 1698/2005 Erregelamenduaren 72. artikuluko 1. atalean edo laguntzen oinarrietan dauden iraunkortasun-konpromisoen menpe badaude, geroko kontrolak izanen dituzte.

III. KAPITULUA. 2. ardatzari dagozkion neurri batzuk kudeatu eta kontrolatzeko arauak

21. artikulua. Aplikazio eremua.

Kapitulu honetan ezartzen diren arauak ondoko neurriei, Nafarroako Nekazaritza Garatzeko 2007/2013 Programan daudenei, aplikatzen zaizkie:

a) Mendiko eskualdeetarako konpentsazioko kalte-ordainak.

b) Eskualde behartsuetarako konpentsazioko kalte-ordainak.

c) "Natura 2000" laguntzak eta 2000/60/EE Zuzentarauarekin lotutako laguntzak.

d) Nekazaritza eta ingurumen arloetako laguntzak.

e) Alorretan lehen oihantzea egiteko laguntzak, salbu eta ezartzeko kostuei dagokienean.

22. artikulua. Eskaeren aurkezpena.

1. 21. artikuluaren a), b) eta d) letretan agertzen diren laguntzen eskaerak 796/2004 Erregelamenduaren 11. artikuluan agertzen den eskaera bakarraren barnean aurkeztuko dira. 21. artikuluan diren gainerako laguntzen eskaerak foru agindu honen 2. artikuluan ezartzen den moduan aurkeztuko dira.

2. Eskaeretan behar diren datuak emanen dira alorrak diren eta ez diren lurrak, laguntzaren xede direnak, identifikatzeko, eta oinarrietan zehazten den gainerako informazioa.

3. Eskaerak aldatzen ahalko dira, eskaera bakarrarendako ezarritakoari jarraikiz.

23. artikulua. Ordainketak.

Ordaindu aurretik bukaturik egonen dira kontrol administratiboak eta tokikoak, laguntzen onargarritasun irizpideen gainekoak, eta, kasua bada, aplikaturik egonen dira dagozkien murrizketak. Hala ere, oinarrietan horrela ezartzen denean, laguntzaren %70 ordaintzen ahalko da, gehienez ere, 24. artikuluan agertzen diren kontrol administratiboak egin ondoren.

24. artikulua. Kontrolak.

1. Onargarritasun irizpideak eta onuradunaren konpromiso eta betebeharrak betetzen ote diren kontrolatzeko aplikatzekoa den araudian ezarritakoari eta laguntzen oinarrietan kontrolerako ezarri diren irizpide eta metodoei jarraituko zaie.

2. Behar diren tokiko kontrolak eginen dira, laguntzen onuradunek (EK) 1782/2003 Erregelamenduan diren baldintzak betetzen dituztela ziurtatzeko. Baldintza horiek, Nafarroako Foru Komunitaterako, zehaztuko dira dagokien foru aginduaren bidez.

3. Planak prestatuko dira, ordainketen onargarritasunaren eta baldintzen gainean tokian tokiko kontrolak egiteko. Landa Garapenerako zuzendari nagusiaren adostasuna beharko dute, foru agindu honen lehen xedapen gehigarrian aurreikusten diren ondorioetarako, erakunde ordaintzaileko zuzendariaren ebazpenaren bidez onetsiko dira.

25. artikulua. Murrizketak eta bazterketak.

1. Baldintzei eta aitortutako azalerari edo abere kopuruari lotutako murrizketak eta bazterketak eginen dira Batzordearen abenduaren 7ko 1975/2006 (BE) Erregelamenduan ezarritakoari jarraikiz.

2. Gainerako murrizketa eta bazterketak eginen dira laguntzen oinarrietan ezarritakoari jarraikiz.

Lehenengo Xedapen Gehigarria. Kudeatzeko ardura duen agintaria.

1. Nekazaritza Garatzeko 2007-2013 Programa modu eraginkor, efikaz eta egokian kudeatu eta aplikatzeko, 1698/2005 Erregelamenduaren 75. artikuluan ezarri bezala, honakoa dagokio Landa Garapenerako zuzendari nagusiari:

a) Adostasuna adieraziko du baimen-unitateek jarraitu beharreko prozedurekiko, finantzatuko diren eragiketak hautatzeko.

b) Adostasuna adieraziko du laguntzen kontrolak tokian bertan egiteko planarekiko.

c) Aldian behin informazioa jasoko du programaren aplikazioaren gaineko datu estatistikoak erregistratu eta biltegiratzeko sistema informatizatuari buruz.

d) Adostasuna adieraziko du foru agindu honetan agertzen diren laguntzen oinarriekiko.

e) Informatuko dute programaren ebaluaketari buruz, bereziki epeak betetzeari eta jarraipen eta ebaluaketarako Batasunaren esparruari egokitzeari dagokien heinean.

f) Gainbegiratuko du programari publizitatea ematen ote zaion, 1698/2005 Erregelamenduaren 76. artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak interneten duen ataria eta bidezko diren bestelako baliabideak erabilita.

2. Ordainketak baimentzea beste erakunde edo entitate batzuei eskuordetzen zaienean, eskuordetzeko hitzarmena sinatuko du, ziurtatzeko bertan ezartzen direla nekazaritza aldeen garapenerako programa egoki kudeatzeko behar diren aurreikuspenak.

Bigarren Xedapen Gehigarria. Ordainketak baimentzea eskuordetzea.

Ordainketak baimendu eta kontrolatzeko eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren gaiak gainbegiratzeko eginkizunak departamentu honetako unitateek beteko dituzte, foru agindu honetan ezarritakoari eta aipatu departamentuak eta erakunde ordaintzaileak, Batzordearen ekainaren 21eko 885/2006 (BE) Erregelamenduan aurreikusitakoaren babesean, sinatzen duten eskuordetzeko hitzarmenean ezarritakoari jarraikiz.

Hirugarren Xedapen Gehigarria. Prozeduraren gaineko esku-liburuak.

1. Laguntzak kudeatzen dituzten unitateek haiek kudeatzeko prozeduraren gaineko esku-liburuak prestatuko dituzte. Haietan agertuko dira aplikatzekoa den araudia, eskura diren baliabideak eta espedientea erabat itxi arte egin behar diren eragiketen azalpena.

2. Prozeduraren gaineko esku-liburuak Landa Garapenerako zuzendari nagusiari igorriko zaizkio, foru agindu honen lehen xedapen gehigarrian biltzen diren ondorioetarako.

Laugarren Xedapen Gehigarria. Jakinarazpena.

Europar Batasuneko araudian diren aldaketen berri emanen zaie unitate administratiboei, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Ezagutza Kudeatzeko atariaren bidez. Horretarako, atarian argitaratuko dira arauen gaineko berrikuntzen aldizkariak eta eguneratua mantenduko da neurri ezberdinetarako aplikatzen ahal diren arauen gunea.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra. Indargabetutako xedapenak.

Indarrik gabe utzi dira:

1. Nekazaritza aldeak garatzeko laguntzak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariaren 2000ko maiatzaren 5eko Foru Agindua, FEOGAren Berme Atalak kofinantzatzen dituen laguntzak eman eta kudeatzeko prozedura, Nekazaritza Garatzeko Europar Batasuneko araudiarekin bat, finkatzen duena.

2. Foru agindu honetan ezarritakoaren kontrako maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak.

Azken Xedapen Bakarra. Indar hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa