Castellano | Euskara | Français | English
(1999ko 134. NAOn argitaratutako testua, urriaren 27an)
Atarikoa
Nafarroako Nekazaritza Ganbarari buruzko apirilaren 6ko 4/1998 Legeko 6.2 artikuluak ezartzen du: Nafarroako Nekazaritza Ganbararen estatutuak Korporazioaren osoko bilkurak onetsi beharko ditu. Onetsi ondoren, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentura igorri beharko dira, berretsi ditzan, eraginkortasun juridikoa izan dezaten. Eraginkortasun hori ukatuko da legeria errespetatzen ez dutenean. Estatutuen testua eta berrespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko dira.
Nafarroako Nekazaritza Ganbarako lehendakariak, 1999ko urriaren 5ean, korporazioaren estatutuak igorri ditu Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentura, 1999ko irailaren 24ko osoko bilkuran behin betikoz onetsi ondoren.
Estatutu horien edukia azterturik, ikusi da bat datorrela indarra duen legeriarekin. Bidezko da, beraz, berretsi eta testua Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Hori horrela, Nafarroako Nekazaritza Ganbarari buruzko apirilaren 6ko 6.2 artikuluaren arabera, agindu dut:
1. Nafarroako Nekazaritza Ganbarako estatutuak berrestea, korporazioak 1999ko irailaren 24ko osoko bilkuran onartuak.
2. Estatutuen testua argitaratzea, Foru Agindu honen eranskinean ageri dena.
3. Aditzera ematea, Foru Agindu honen aurka bidezko dela gora jotzeko helegitea paratzea, Nafarroako Gobernuan, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu edo Ganbarari jakinarazi eta hilabeteko epearen barrenean, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legearekin bat.
4. Foru Agindu hau Nekazaritza eta Nekazaritzaren Finantzaketarako Zerbitzuari eta Nafarroako Nekazaritza Ganbarari jakinaraztea, behar diren ondorioak sor ditzan.
Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemeretziko urriaren hemezortzian.-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, Ignacio Javier Martínez Alfaro.
ERANSKINA. Nafarroako Nekazaritza Ganbarako Estatutuak
I. KAPITULUA. Izaera, eginkizunak eta helbidea
1. artikulua. Izaera.
Nafarroako Nekazaritza Ganbara zuzenbide publikoko korporazio bat da, apirilaren 6ko 4/1998 Foru Legearen bidez sortua, Foru Lege horrek zehazten dituen eginkizunak Foru Komunitateko lurralde osoan izanen dituena.
2. artikulua. Eginkizunak.
Hauek dira Nafarroako Nekazaritza Ganbararen eginkizunak:
a) Nafarroako Administrazio Publikoentzako aholkularitza eta lankidetza organo gisa aritzea, nekazaritzaren inguruko gaietarako, haiek eskatzen dutenean behar diren ikerlan eta txostenak eginez.
b) Indarra duen legeriak eskatzen dituen txosten edo irizpenak luzatzea.
c) Administrazio publikoen erakunde publiko edo organo kolegiatuetan parte hartzea, haien eraketan horrela xedatuta badago.
d) Nafarroako Gobernuak delegatzen dizkion nekazaritza arloko eginkizun administratiboak bere gain hartzea.
3. artikulua. Helbidea.
Nafarroako Nekazaritza Ganbarako helbidea Iruñeko Sarasate pasealekuko 38ko 2. oinean egonen da, edo Foru Komunitateko Administrazioaren egoitza batean, hark uzten badio ordezkaritza handieneko organo kolegiatuaren osoko bilkurak egiteko.
II. KAPITULUA. Nafarroako Nekazaritza Ganbarako kideak. Eskubideak eta eginbeharrak
4. artikulua. Kideak.
Nafarroako Nekazaritza Ganbarako kideak dira Nafarroako Nekazaritzako Hauteskunde Batzordeak hautatu eta beraz hautatutzat jotzen dituen nekazaritzako profesionalak, apirilaren 6ko 4/1998 Foru Legeko 26. artikuluak xedatzen duenaren arabera.
5. artikulua. Eskubideak.
Nafarroako Nekazaritza Ganbarako kideek eskubide hauek dituzte:
1. Osoko bilkuretan esku hartzea, botoa eta hizpidea dutela.
2. Nekazaritza Ganbararen ordezkari karguetarako hautatzea eta hautatuak izatea, erakunde publikoetan edo Administrazio Publikoen organo kolegiatuetan, haien eraketan horrela xedatuta badago.
3. Kasuan-kasuan ematen zaien ordezkaritzaz baliatzea.
4. Ganbararen jardueretan parte hartzea, indarra duen legeriak ezartzen duenarekin bat.
5. Osoko bilkuran adieraztea Ganbarak hobeki funtzionatzen laguntzen ahal duen guztia, baita haren eginkizunak eraginkortasun handiagoz betetzen ere.
6. Ganbararen jarduerei buruz argibideak eskatu, bildu eta eskuratzea.
6. artikulua. Eginbeharrak.
Ganbarako kideek eginbehar hauek dituzte.
1. Ezarririko arauei jarraituz aritzea.
2. Ganbarak ongi funtzionatzeko behar den lankidetzan aritzea.
3. Osoko bilkuraren erabakiak eta indarra duen legeriak ezartzen dituen arauak betetzea.
7. artikulua. Kide izatetik gelditzea.
1. Ganbara uzteko zioak:
a) Hiltzea, gai ez izatea edo nekazaritza sektoreko profesional izateari uztea.
b) Indarra duen legeriak ezarririko bateraezintasunen bat izatea.
c) Kargua nahita uztea, norbaitek eskatuta.
2. Osoko bilkurako kide izatetik gelditzen denaren ordez hura hautatu zeneko zerrendan hurrengo dagoena izanen da kidea.
3. Dagokion kideari buruzko erabakia osoko bilkurak idatziz jakinarazi beharko du. Horrek Nafarroako Nekazaritzako Hauteskunde Batzordeari jakinaraziko dio.
III. KAPITULUA. Gobernu organoak
8. artikulua. Organoak.
Nafarroako Nekazaritza Ganbararen gobernu organoak osoko bilkura eta lehendakaria dira.
9. artikulua. Osoko bilkura.
1. Osoko bilkura Ganbararen organo gorena da. Hamazazpi kide izanen ditu, sufragio ireki, berdin, zuzen eta isilpekoaren bidez aukeratu beharrekoak, lau urterako, ordezkaritza proportzionaleko irizpideen arabera hautatuak. Kide guztiak hauteskunde prozesu berean hautatuko dira, Nafarroa osoa hartuko duen hauteskunde barruti bakarrean.
2. Osoko bilkurari dagokio:
a) Nafarroako Nekazaritza Ganbararen estatutuak onestea, bai eta estatutuen aldaketak ere.
b) Ganbarako lehendakari eta lehendakariordea hautatu eta berritzea.
c) Jardueren urteko oroit-idazkia onestea.
d) Jarraibide orokorrak finkatzea, Ganbararen eginkizunak betetzea ahalbidetzen dutenak.
e) Estatutu hauetako 7. artikuluan aipatzen diren zioengatik kideak kanporatzeko erabakia hartzea.
f) Nafarroako Gobernuak esleitzen dizkion eginkizunak onartzea.
g) Administrazio publikoen erakunde publiko edo organo kolegiatuetan parte hartzea, haien eraketan horrela xedatuta badago.
h) Estatutuek eta indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten gainerako ahalmenak aurrera eramatea.
3. Osoko bilkura sei hilabetetik behin bilduko da, gutxienez, bilera arrunta egiteko. Bilera bereziak noiznahi egin ahalko ditu, lehendakariak edo kideen herenak eskatuz gero.
4. Osoko bilkuraren bileretarako deialdia egiteko zitazioa egin beharko zaie kideei hamar egun lehenago, gutxienez, eta horrekin batera bileraren eguneko gai-zerrenda bidali behar da. Presagatik hamar eguneko epea hiru eguneko bihurtzen ahalko da, beti ere deialdia presakoa dela adieraziz. Bilera balioduna izateko lehenbiziko deialdian kideen erdiek agertu behar dute. Bigarren deialdian aski izanen da kideen herena agertzea, Ganbarako lehendakaria eta lehendakaria hautatzeko eta Nafarroako Nekazaritza Ganbarako Estatutuak onesteko erabakiak hartzen direnean izan ezik, kasu horietan osoko bilkurako kideen gehiengo osoa beharko baita.
5. Nekazaritza Ganbararen osoko bilkura guztietan, lehendakariak agertu beharko du edo lehendakariordeak, hark jarduterik ez duenean.
6. Osoko bilkuraren erabakiak bertara agertzen diren kide gehienen botoaz hartuko dira, estatutuetan edo indarra duten xedapenetan bestelako gehiengoa izatea eskatzen denean izan ezik. Berdinketarik gertatzen bada, lehendakariak kalitatezko botoaren bidez erabakiko du.
7. Osoko bilkuretan Ganbarako kideek boto bana izanen dute.
10. artikulua. Lehendakaria.
1. Ganbarako Osoko Bilkurak hautatuko du lehendakaria, bertako kideen artean, eraketa bilkuran.
2. Kargualdia lau urtekoa izanen da, osoko bilkuraren kargualdiarekin bat.
3. Nekazaritza Ganbarako Osoko Bilkurak, gehiengo osoaz onetsiriko zentsura mozioaren bitartez, Lehendakaria agintaldiko edozein unetan kendu ahalko du, horretarako aparteko eta arrazoituriko deialdia aldez aurretik eginez.
Zentsura mozioa gutxienez ere osoko bilkurako kideen herenak proposatu beharko du eta Ganbarako lehendakari izateko hautagai bat aurkeztu beharko du.
Zentsura mozioa ezin bozkatuko da aurkezten denetik gutxienez bost egun pasa arte. Epe horretako lehenbiziko bi egunetan bestelako mozioak aurkezten ahalko dira.
Osoko bilkuran zentsura mozioa onesten ez bada, izenpetzaileek ezin aurkeztuko dute besterik hurrengo sei hilabeteetan.
4. Lehendakariari dagokio:
a) Ganbararen legezko ordezkaria izatea eta haren jarduerak zuzentzea.
b) Osoko bilkuraren bilerei dagokienez, deialdiak egitea, buru izatea, etetea, amaiera ematea eta kalitatezko botoaz baliatzea berdinketak hausteko.
c) Osoko bilkurak hartzen dituen erabakiak bete daitezen begiratzea.
d) Administrazio Publikoekin egin beharreko hitzarmenak izenpetzea, Osoko bilkuraren baimena izanda.
e) Osoko bilkurari proposatzea Ganbarako lehendakariordea izenda dezala.
f) Estatutuek esleitzen dizkion gainerako eskumenak baliatzea.
11. artikulua. Idazkaria.
1. Zuzenbide lizentziadun bat izanen da Nafarroako Nekazaritza Ganbarako idazkaria. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko plantilla organikoko kidea izanen da eta Nekazaritza Ganbarako osoko bilkurak onartu beharko du.
2. Nekazaritza Ganbarako idazkaria gobernu organoen bilkuretara joanen da. Hizpidea izanen du, baina botorik ez. Eginkizun hauek izanen ditu:
a) Nafarroako Nekazaritza Ganbararen bilkuretarako dei egitea, lehendakariak aginduta edo gutxienez ere osoko bilkurako kideen herenak eskatuta. Egiten diren bilkuretako akta eginen du, baita erabakien ziurtagiria ere.
b) Osoko bilkuraren erabakiak betearazteko behar diren neurriak hartzea.
c) Aktak idaztea eta akta liburua zaintzea. Nafarroako Nekazaritza Ganbarako osoko bilkurako kideek edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko beste edozein erakundek eskatzen dizkieten ziurtagiriak emanen ditu.
d) Lehendakariari eta osoko bilkurari aholkuak ematea eta ohartaraztea haien egintza edo erabakiak legez kanpokoak izan daitezkeela, indarra duten xedapenen aurkakoak, beraz.
e) Agirien sarrera eta irteeren Erregistro Liburuaz arduratzea.
IV. KAPITULUA. Araubide ekonomikoa
12. artikulua. Oroit-idazkia.
Nafarroako Nekazaritza Ganbarak urtean-urtean bere jardueren oroit-idazkia eginen du.
Jardueren oroit-idazkia bat etorriko da egutegiko urtearekin eta abenduaren 31n bukatuko da.
13. artikulua. Gastuak.
Nafarroako Gobernuak Nekazaritza Ganbararen jardueren ondoriozko gastu guztiak ordainduko ditu, baita Nafarroako Nekazaritza Ganbarari osoko bilkurak egiteko utziko dion egoitza erabiltzekoak ere, lehenagoko Nekazaritza Ganbara Probintzialak izenpeturiko hitzarmenaren arabera.
14. artikulua. Egoteko eta bertaratzeko dietak.
Nafarroako Nekazaritza Ganbarara eta haren gobernu organoetara joateko dietak eta lekualdatzeko gastuak Nekazaritza Kontseilu, Landa Errentamenduen Arbitraje Batzorde eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren menpeko beste organo batzuetarako ezarririkoaren adinakoa izanen dira.
15. artikulua. Kontu korronteak edo kreditu libretak.
Nafarroako Nekazaritza Ganbararen izenean ireki eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak aldez aurretik baimenduriko kontu korronte edo kreditu libretetan lehendakari edo lehendakariordearen eta idazkariaren izenpeak agertuko dira. Idazkaria, ondorio horietarako, entitateko diruzain lanetan arituko da.
16. artikulua. Administrazioarekiko lotura organikoa.
Nafarroako Nekazaritza Ganbarak Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren bidez izanen ditu harreman organikoak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin. Departamentu horrek tutelatuko du, Nafarroako Nekazaritza Ganbarari buruzko apirilaren 6ko 4/1998 Foru Legean xedaturikoarekin bat.