Castellano | Euskara | Français | English
(Testu bateratua. Jatorrizkoa 1996ko 21. NAOn argitaratua, otsailaren 16an. Aldaketak: 290/1996 Foru Dekretua, uztailaren 22koa; 499/1999 Foru Dekretua, urriaren 4koa)
Atarikoa
Martxoaren 7ko 78/1986 Foru Dekretuaren bidez, "Nafarroako Mahastilan eta Enologi Zentroa" erakunde autonomoa sortu zen, haren eginkizunak Dekretu horren 3. artikuluan arautuz, eta geroago martxoaren 2ko 83/1992 Foru Dekretuaren bidez aldatu zen.
Eginkizun horiek aurrera eraman ahal izateko, komeni da kontsulta organo baten laguntza izatea, mahastizaintza sektorearen interes guztiak koordinatzeko.
Horrenbestez, Nekazaritza, Abeltzaintza et Herrien Sustapenerako kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hamaseiko urtarrilaren hogeita bederatzian eginiko bilkuran hartutako erabakiarekin bat etorriz, dekretatu dut:
1. artikulua
Nafarroako Mahastizaintza eta Ardogintzaren Kontseilua sortu da, Nafarroko Mahastilan eta Enologi Zentroaren agente sozialen partaidetza organoa izan dadin.
2. artikulua
Nafarroako Mahastizaintza eta Ardogintzaren Kontseilua honako kide hauek osatuko dute:
Kontseiluburua: Nafarroako Mahastilan eta Enologi Zentroko (E.V.E.N.A.) zuzendaria.
Kontseilukideak:
-Bat, "Unión de Agricultores y Ganaderos de Navarra (U.A.G.N.)" delakoaren ordezkari gisa.
-Bat, Euskal Herriko Nekazari Elkartearen (E.H.N.E.) ordezkari gisa.
-Bat, "Asosiación de Exportadores de Vinos de Navarra" delakoaren ordezkari gisa.
-Bat, "Bodegas Cooperativas" delakoaren ordezkari gisa, Unión de Cooperativas Agrarias de Navarra (U.C.A.N.)" delakoak proposaturik.
-"Nafarroa" jatorrizko izendapenaren Kontseilu Arau-emaileko zuzendaria.
-"Errioxa" jatorrizko izendapenaren zerbitzu teknikoetako burua.
-Hiru, "Nafarroa" jatorrizko izendapenaren Kontseilu Arau-emailearen ordezkari gisa; bi, mahastizainen ordezkari gisa, eta bat Ardandegietakoen ordezkari gisa.
-EVENAko Mahastizaintzako arduraduna.
-EVENAko Enologiako arduraduna.
-EVENAko Enologi Laborategiko arduraduna.
-Nafarroako Mahastizaintza eta Ardogintza Elkartearen ordezkari bat.
3. artikulua
Izendapen libreko kideen kargu uztea gertatuko da Nafarroako Gobernuarena gertatzen den une berean, eta haien agintaldia bukatzen denean berriz ere izendatzen ahal dira.
4. artikulua
Kontseiluak bere eginkizunak hobeki bete ahal izateko egoki juzkatzen dituen adituak deitzen ahal ditu bere bilkuretara.
5. artikulua
Nafarroako Mahastizaintza eta Ardogintzaren Kontseilua organo aholku-emailea denez, Nafarroako Mahastilan eta Enologi Zentroari (E.V.E.N.A.) aholkuak ematea izanen du eginkizunetako bat, hau da, mahastizaintzari eta enologiari buruzko ihardueren plangintza, programazioa eta antolaketari dagokienean.
6. artikulua
1. Kontseiluak urtean behin eginen ditu bere bilkura arruntak, eta nahi adina bilkura berezi egiten ahal ditu, Kontseiluburuak bere ekimenez deituta edota Kontseilukideen bi herenak hala eskaturik.
2. Kontseilua legez eratuta geldituko da lehenbiziko deialdian kideen erdiak gehi bat biltzen direnean, edo bigarren deialdian kideen herena bertara agertzen denean.
7. artikulua
Erabaki guztiak bertan direnen gehiengo soilaz hartuko dira.
8. artikulua
Nafarroako Mahastizaintza eta Ardogintzaren Kontseiluak bere antolaketa eta funtzionamendurako erregelamendua sortzen ahal du, ondotik Nekazaritza, Abeltzaintza eta Herrien Sustapenerako kontseilariak onetsi beharko duena.
Azken Xedapenetako Lehena
Ahalmena ematen zaio Nekazaritza, Abeltzaintza eta Herrien Sustapenerako kontseilariari Foru Dekretu hau bete eta betearazteko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.
Azken Xedapenetako Bigarrena
Foru Dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.