Castellano | Euskara | Français | English
(1999ko 26. NAOn argitaratutako testua, martxoaren 1ean)
Atarikoa
Nafarroako Lanbide Elkargoei buruzko apirilaren 6ko 3/1998 Foru Legeak, bere 8.3 artikuluan, xedatzen du lurralde-eremu zabalago batetik bananduz Nafarroako eremurako Lanbide Elkargo bat eratzea Foru Dekretu bidez onetsi beharko dela.
Era berean, aipatu Foru Legearen hirugarren xedapen gehigarriak ezartzen duenez, Nafarroako Foru Komunitatea baino lurralde-eremu zabalagokoak diren Lanbide Elkargoen Nafarroako ordezkaritzetan diharduten profesional gehienek banaketa sustatu ahal izanen dute elkargo independenteak eratzeko. Beharrezkoa izanen da banaketa Nafarroako Gobernuak Foru Dekretu bidez onestea eta aldez aurretik Elkargoen Kontseiluak txostena egitea.
Nafarroako Kudeatzaile Administratiboen Elkargo Ofiziala Aragoi, Errioxa eta Nafarroako Kudeatzaile Administratiboen Elkargo Ofizialetik bananduz eratzeko eskaera egin denez gero, eta Nafarroako Lanbide Elkargoei buruzko apirilaren 6ko 3/1998 Foru Legeak ezarritako baldintzak betetzen direlarik, bidezkoa da Elkarte hori, banantze bidez, sortzeari buruzko Foru Dekretua onestea.
Horrenbestez, Lehendakaritza eta Barne kontseilariak proposatuta eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hemeretziko otsailaren hamabosteko bilkuran hartutako erabakiari jarraikiz, dekretatu dut:
Artikulu Bakarra
Banantze bidez, Nafarroako Kudeatzaile Administratiboen Elkargo Ofiziala eratzea. Elkargo honen lurralde-eremua Nafarroako Foru Komunitatea izanen da eta Dekretu honek indarra hartzen duen momentutik nortasun juridikoa izanen du eta jarduteko ahalmena, bere gobernu organoak eratzen dituenenetik aitzina.
Xedapen Gehigarri Bakarra
Nafarroako Kudeatzaile Administratiboen Elkargo Ofizialak, Dekretu honek indarra hartzen duenetik hiru hilabeteko epearen barnean, Elkargoaren Estatutuak prestatu eta bere gobernu organoen karguak beteko dituzten pertsonak hautatu behar ditu.
Azken Xedapen Bakarra
Foru Dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.