Castellano | Euskara | Français | English
(Testu bateratua. Jatorrizkoa 1991ko 155. NAOn argitaratua, abenduaren 6an. Aldaketak: 15/1997 Foru Dekretua, urtarrilaren 27koa)
Atarikoa Lurreko Garraioaren Antolamenduari buruzko uztailaren 30eko 16/1987 Legeak Garraioaren Arbitrai Batzordeak eratu zituen, garraio-prozesuan parte hartzen duten aldeak babestu eta defendatzeko baliabide gisa. Batzordearen helburua lurreko garraio-kontratuak eta iharduera osagarri eta lagungarrien kontratuen betearaztearen inguruan, aipatu Legean esandakoarekin bat etorriz, Batzordearen oneskizun jarritako eztabaidak auzibidez kanpo ebaztea da. Aipatu Legeak ezarri zuen Batzordekideen artean Administrazioaren ordezkariek (batzorde-buru lanetan), garraio-enpresen ordezkariek eta zamari eta erabiltzaileen ordezkariek egon beharko dutela. Organo horri buruzko lege aurrikuspenak irailaren 28ko 1211/1990 Errege Dekretuak garatu ditu, Estatuko eskurantzak Elkarte Autonomikoetara aldatzen dituen uztailaren 30eko 5/1987 Lege Organikoa, errepidez egindako garraioei dagokienean, azalduriko Arautegia eta 1950.eko azaroaren 22ko Antolamenduari buruzko Hitzarmenaren 1. artikuluaren babesean daudelarik. Hortaz, xedapen horietan azalduriko helburuak lortu asmoz, beharrezko da Nafarroako Garraioaren Arbitrai Batzordea eratzeko behar diren arauak ematea. Hori horrela, Herrilan, Garraio eta Komunikazio Kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeitamaikako azaroaren hemezortzian izandako bilkuran hartutako Erabakiarekin bat etorriz, dekretatu dut: 1. artikulua Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan, Nafarroako Garraioaren Arbitrai Batzordea eratzea, egoitza Iruñean izanen duena. 2. artikulua Nafarroako Garraioaren Batzordeari honako eginkizun hauek dagozkio: a) Arbitraiari buruzko legeria orokorrean aurreikusitakoaren ondorioetarako, lurreko garraioaren kontratuak betetzearekin lotuta sor daitezkeen merkataritzako tira-birak ebaztea, parte hartzen dutenek edo legezko interesa duten aldeek, ados jarrita, Batzordeari jakinarazten diotenean. Era berean, haren ardura izanen da, aurreikusitako modu berean, garraio enpresek eta garraioaren jarduera osagarri eta lagungarrien enpresek eginiko gainerako kontratuekin sortutako tira-birak ebaztea, beti ere, eta Lege honetan aurreikusitakoarekin bat, enpresa horien xedeak zuzeneko zerikusia duenean enpresa jarduketa horren eremuan biltzen diren zerbitzuak eta jarduerak besteren kontura ematearekin. Batzordeen arbitraiaren menpe jartzeko erabakia hartua dela usteko da tira-biraren xede den kopurua 500.000 pezetatik beherakoa denean eta kontratuan parte hartzen duten bi aldeetako batek ere ez badio bere aurkako borondatea beste aldeari espreski adierazten, kontratatutako zerbitzu edo jarduera hasi baino lehen edo hasi beharko litzatekeen momentua baino lehen. b) Lurreko garraioaren eta errepidez egindako garraioaren iharduera osagarri eta lagungarrien kontratuak betearazteko baldintzak, kontratuak aurrera eramateko klausula orokor eta partikularrak, horiek betearazteko orduan izan daitezkeen gorabeherak, aplikatu behar diren tarifak eta betetze orokorreko merkataritza-erabilerei buruzko txostena eman eta horiek ebaztea, beti ere Administrazioak edota legezko interesa adierazten duten pertsonek eskatuta. c) Gordailuzaintza lanak egitea, eta, hala behar balitz, jaso ez diren eta galtzeko arriskua duten merkantziak inorentzea, bai eta garraio-kostuak ordaindu ez dituzten merkantziak ere, guzti hori garraiolariak kostuak jasoko dituela bermatzeko. d) Garraiogaien egoerari buruzko zalantza edo eztabaidak sortzen diren kasuetan eta interesaturen batek eskatuta, garraiogaien egoerari buruzko peritu-lanak egitea, a) atalak eztabaidak argitzeko aipatzen duen behin-behineko planteamendua egin aurretik. Kasu hauetan, hala behar balitz, garraiogaiak gordailatu ahal izanen dira. e) Garraioaren kontratuak betearazteko eta garraiolari, erabiltzaile edota zamarien interesak babesteko legalki esleitu dakiokeen bestelako eginkizunik. Aurreko ataletan aurrikusitako eginkizunak lurreko garraioen esparruan bete beharko ditu Batzordeak; halaber, garraiobide bat baino gehiago erabili arren, kontratu bakarra sinatzen den kasuetan ere, baldin eta horietariko bat lurrekoa bada. 3. artikulua 1. Aurreko artikuluaren a) eta b) ataletan aurrikusitako eginkizunak betetzeko Batzordeak duen ahalmena hauetariko baldintza baten pean egonen da: a) Kontratuan parte hartzen duten bi aldeek idatziz eskatzea. b) Eskatzaileak edo salatzaileak konponbide hori hautatzea, horretarako, garraiogaien irteera-tokiak edo heltokiak, Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan kokatua edo kontratua Komunitate honetan sinatua izan beharko duela. 2. 2. artikuluaren c) eta d) ataletan aurrikusitako eginkizunak Batzordearen gain egonen dira garraiogaiak Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan kokatuta dauden kasuetan. 4. artikulua Nafarroako Garraioaren Arbitrai Batzordea Batzorde-buruak eta lau batzordekidek osatuko dute, guztiak Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentu-buruak izendatuko dituela. Batzorde-burua, zuzenbidean lizentziatua izan beharko duena, eta bi batzordekide Administrazioko langilegoaren artean izendatuak izanen dira, hauek Batzordearen eginkizunak ezagutu beharko dituztela. Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentu-buruak Batzordearen idazkaria izendatuko du, lan hau Administrazioko langilegoaren artean hautaturiko batzordekide batek bete beharko duela. Geratzen diren beste bi batzordekideren bat zamari eta erabiltzaileen ordezkaria izanen da, Nafarroako Industria eta Merkataritzako Ganbara Ofizialak edo Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Kontseiluak hautatua, gatazkaren izaeraren arabera. Beste batzordekidea merkantziak edo bidaiariak garraiatzeko enpresen edota hauen iharduera osagarri edo lagungarrien enpresen ordezkaria izanen da, eztabaidaren izaeraren arabera. Horretarako, ondoren aipatzen diren garraio-sektoreen ordezkariak hautatuko dira, bakoitzaren ordezkarien batasunek proposatu eta Nafarroako Gobernuko Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentu-buruak izendatuko dituenak: -Errepidez egiten den merkantzien garraio publikoaren enpresen ordezkari bat. -Errepidez egiten den bidaiarien garraio publikoaren enpresen ordezkari bat. -Garraio-agentzien ordezkari bat. -Turismo erako ibilgailuetan egindako bidaiarien garraio publikoaren enpresen ordezkari bat. -Trenbidezko garraio-enpresen ordezkari bat. 5. artikulua Aurreko puntuan adierazitako ordezkarien parte hartzea eztabaida zein garraio-sektoretan sortzen den araberakoa izanen da. Bi garraio-enpresa edo garraioaren iharduera lagungarri eta osagarriren bi enpresaren artean sortzen diren gatazketan, zamari edo erabiltzaileen ordezkari den batzordekideak ez du parte hartzerik izanen. Kasu hauetan, beharrezko diren bi batzordekideen tokia eztabaidan parte hartzen duten bi enpresei dagozkien garraio-sektoreen ordezkariek beteko lukete, baldin eta sektore hauek ezberdinak izan eta biek ordezkari izendatuak badituzte, baldintza hauek betetzen ez diren kasuetan, batzordekide bakarra arituko delarik. 6. artikulua Batzorde-buruaren eta batzordekideen ordezkoak izendatu ahal izanen dira. 7. artikulua Foru Dekretu honen 2.a) artikuluan aurrikusitako arbitrai-lanen iharduenean, Nafarroako Garraioaren Arbitrai Batzordea Lurreko Garraioen Antolamenduari buruzko 16/1987 Legea garatzen duen Erregelamenduaren 9. artikuluan xedatutakoaren arabera arituko da prozedura gaietan. Erregelamendu hau irailaren 28ko 1211/1990 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen (1990.eko urriaren 8ko "EAO"). Aipatu Arautegia aplikagarri ez den kasuetan, Arbitraiaren Erregimen Juridikoari buruzko abenduaren 5eko 36/1988 Legean esandakoari jarraituko zaio. 8. artikulua Foru Dekretu honen 2. b), c) eta d) artikuluan aurrikusitako eginkizunen ihardunean, Nafarroako Garraioaren Arbitrai Batzordea Lurreko Garraioaren Antolamenduari buruzko 16/1987 Legea garatzen duen Arautegiaren 10, 11 eta 12 artikuluetan xedatutakoaren arabera arituko da (1990.eko urriaren ka "EAO."). 9. artikulua Batzordeak emandako laudoek arbitraiari buruzko legeria orokorrean aurrikusitako ondorioak izanen dituzte, horien kontra, arauteria horretan aurrikusitako kasu berezietan, deusestatu eta berraztertzeko helegitea paratu ahal izanen delarik. Laudoa eman eta hamar egun pasatu ondoren, Lehen Instantziako Iruñeko Epailearen aurrean hura betearaztea eskatu ahal izanen da. Azken Xedapenetan Lehena Foru Dekretu hau aplikatu, garatu eta aurrera eramateko ahalmena ematen zaio Herrilan, Garraio eta Komunikazio Kontseilariari. Azken Xedapenetan Bigarrena Xedapen honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.