(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

185/1998 Foru Dekretua, ekainaren 8koa, Iruñerriko Hiri-garraioaren Batzordea sortu eta arautzen duena

 

(Testu bateratua. Jatorrizkoa 1998ko 76. NAOn argitaratua, ekainaren 26an. Aldaketak: 6/2004 Foru Dekretua, urtarrilaren 12koa)

Atarikoa

Maiatzaren 20ko 8/1998 Foru Legeak, Iruñerriko bidaiari-garraio erregularrari buruzkoak, 5. artikuluan ezartzen du Iruñerriko Hiri Garraioaren Batzordea eratuko dela, Nafarroako Gobernuaren ordezkariek eta zerbitzuaren titular den entitatearenek osatuta, eta bi aldeetan ordezkari-kopuru berbera izanen duena. Halaber, Garraioen lehen Plana prestatzeko, hau da, entitate titularra zerbitzu lanean hasi aitzin, Lehen Xedapen Gehigarrian ezartzen da Batzordea Nafarroako Gobernuko eta Iruñerriko Mankomunitateko ordezkariek osatuko dutela.

Batzordearen eginkizunetako bat Hiri-garraioaren Planaren proiektua prestatzea denez gero, beharrezkoa da lehenbailehen forma ematea eta horren arauak ezartzea.

Horrenbestez, Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak proposatuta eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko ekainaren zortziko bilkuran hartutako Erabakiari jarraikiz, dekretatu dut:

1. artikulua. Sorrera.

Iruñerriko Hiri Garraioaren Batzordea sortzen da, Nafarroako Gobernuaren eta Iruñerriko Mankomunitatearen ordezkariek osatuko duten organo kolegiatua izanen dena.

2. artikulua. Osaera.

Iruñerriko Hiri Garraioaren Batzordeak kide hauek izanen ditu:

Lehendakaria: Garraio zuzendari nagusia, Garraioen Plangintza eta Araubide Juridikoaren Zerbitzuko zuzendariak ordezkatzen ahalko duena.

Lehendakariordea: Iruñerriko Mankomunitateak izendatu beharreko teknikari bat.

Kideak:

-Garraio Zuzendaritza Nagusiko hiru teknikari, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak izendatu beharrekoak.

-Iruñerriko Mankomunitateak izendatu beharreko hiru teknikari.

Idazkaria: Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak Garraio Zuzendaritza Nagusiko administrari funtzionarioen artetik izendatu beharreko bat.

Kontuen izaera dela-eta beharrezkoa denean, lehendakariak kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteen eta zerbitzuaren kontzesioa daukaten enpresen ordezkariak gonbidatzen ahalko ditu bilkuretara. Horiek parte hartzen ahalko dute. Hizpidea izanen dute, baina botorik ez."

3. artikulua. Eginkizunak.

Batzordea tresna tekniko bat da, Foru Komunitateko Administrazioak eta Iruñerriko Mankomunitateak elkarlana egiteko.

Eginkizun hauek izanen ditu:

a) Planaren proiektua erredaktatzea, baita aldaketak ere.

b) Planaren aplikazioaren jarraipena egitea.

c) Ukitutako beste entitateekin ibilgailuen trafikoa koordinatzea.

d) Beste garraio mota batzuekin harremanak koordinatzea.

e) Koordinatzea hirigintzako antolamendua, udal hirigintza planeamenduari atxikitako garraioaren azpiegituren diseinua eta jarduketa bateratuak eskatzen duen beste edozeinena, behar denean ukitutako udalerrietako ordezkariek bertan egon beharko dutelarik.

4. artikulua. Araubide juridikoa.

Batzordearen funtzionamendurako araubide juridikoa Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legean organo kolegiatuentzat ezarritakoa izanen da.

Batzordeak Antolaketa eta Funtzionamendurako bere Erregelamendua prestatu ahalko du, gero Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak onets dezan.

5. artikulua. Batzordeburua eta batzordeburuordea.

1. Batzordeburuak segurtatuko du Batzordearen funtzionamendua eta horren egitekoa beteko dela. Gainera, Batzordea ordezkatuko du Estatuko Administrazioarekin, Nafarroako Gobernuarekin, toki entitateekin, enpresa kontzesio hartzaileekin eta Iruñerriko garraio sistema osatzen duten zerbitzuen ardura duten gainerako enpresekin izaten diren harremanetan.

2. Batzordeburuordeak bere eginkizunen artean izanen du batzordeburua ordezkatzea haren lanetan, hark erabakitzen duenean eta legez ezarritako kasuetan

6. artikulua. Idazkaria.

1. Idazkaria administrazioaren aldetik Batzordeburutzari dago lotua eta Batzordearen laguntzarako eta kudeaketa administratiborako organoa da. Berari dagokio Planak ukitzen dituen gainerako administrazioekin harremanak segurtatzea.

1. Idazkariak, hizpidea bai baina botorik gabe, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Bilkuren gai-zerrenda prestatzea.

b) Bilkuretako aktak egitea.

c) Dokumentazioa gordetzea.

d) Ziurtagiriak luzatzea, batzordeburuaren edo buruordearen ikus-onespenarekin.

e) Agintzen dizkioten gainerako eginkizunak egitea.

3. Idazkaria ez badago edo eritzen bada, bitarte baterako batzordeburuak batzordekideen artean hautatzen duen pertsonak ordezkatuko du.

7. artikulua. Lankidetza teknikoa.

Plana formulatzeko, Batzordeak Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren, Mankomunitatearen eta gainerako Administrazioen eta Planean sartutako enpresen lankidetza teknikoa eta administratiboa izan ahalko du.

Azken Xedapen Bakarra

Foru Agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa