Descárgate la app
Hezkuntzak ez du ikasturtea bertan behera utziko ez eta Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioa (USE), nahiz eta azterketa atzeratu daitekeen
2020ko martxoaren 17a
Hezkuntzak ez du ikasturtea bertan behera utziko ez eta Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioa (USE), nahiz eta azterketa atzeratu daitekeen
Carlos Gimeno, Hezkuntzako kontseilariak, prentsaurrekoan adierazi duenez “ez da ikasturtea ez eta Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioa (USE) bertan behera geratuko, nahiz eta azterketa atzeratu daitekeen”. Prentsaurreko berean, Javier Remírezek Gobernuak lehendabiziko bi egun baliodunetan enplegu-erregulaziorako 95 eskaera jaso direla eman du ezagutzera.
Irakasturteari dagokionez, Gimenok esan du gaur goizean, autonomia erkidegoetako arduradunekin egindako batzar sektorialean, ados agertu direla USE bertan behera ez uzteko proposamenarekin, eta, behar izanez gero, “atzeratu egin beharko dela egokitzat jotzen diren baldintzetan”.
Halaber, kontseilariak gehitu du aurrez aurreko jarduera eten eta lehen egunaren ondoren, “ikasleei beste modu batera erantzuten ari direla, eta, beraz, inork ez duela ikasturtea galduko”.
Era berean, aurreratu du, ikastetxeetan jangela-zerbitzua etetearen ondorioz, Hezkuntza Departamentuak Eskubide Sozialetako Departamentuaren eskura jar dezakeela haur bakoitzeko eguneko 3,27 euroko zenbatekoa, ikasle bekadunen elikadura-beharrak artatzearren. Neurri horren baitan egon daitezke 3.153 bat ikasle.
Ostiraletik 95 enplegu-erregulazioko espediente aurkeztu dira
Javier Remirez lehen lehendakariordeak eta bozeramaileak enplegu-erregulazioaren eskaerari buruzko datuen berri eman du. Guztira 94 eskaera egin dira: “Atzoko egunez, 84 espediente erregistratu ziren, Lan Zerbitzuan aurkeztuak; ostiralean, martxoak 13, aldiz, 11 izan ziren”.
Remírezek baita ere azaldu du eskaerak “izugarri igotzea” espero dela datozen egunetan, agerraldiaren unean bilduta zegoen Ministroen Kontseiluak hartutako erabakien arabera.
Horri dagokionez, Lan Zerbitzuak adierazi du egitura berrantolatzen eta baliabide gehiago lortzen ari dela espediente horien izapideen igoera artatzeko.
Javier Remírezek gogoratu du zein den derrigorrez aurkeztu beharreko dokumentazioa Covid-19a dela-eta Ezinbestean Enplegu Erregulazioko Espedienteen aurkezpenerako.
Ezinbesteko EREa aurkeztu ahal izango dute COVID-19ak eragindako osasun-krisiaren egoera kudeatzeko alarma-egoera aitortzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren Eranskinean eta Osasun Kontseiluak martxoaren 14an emandako 4/2020 Foru Aginduan adierazitako jarduerak egiten dituzten enpresek; azken agindu horren bitartez, osasun publikoko neurriak eta jarraibideak hartu dira koronabirusaren (COVID-19) egoeraren eta bilakaeraren ondorioz.
Beraz, horretarako, enpresek ondorengoak gehitu beharko dituzte:
- Lan Agintaritzari jakinarazteko inprimakia
- Langileen zerrenda nominatiboa
- Beharrezko proba bitartekoak adierazten dituen Memoria (enpresa inkardinatuaz Eranskineko kasuetan).
- Langileen legezko ordezkaritzari egindako jakinarazpena.
Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsulta egin daiteke zerbitzu-fitxa honetan agertzen den araudi-atalean.
Laneko agintaritzak, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren derrigorrezko txostena aurretik izanik, Ebazpena emango du ezinbesteko arrazoia dagoela egiaztatuta, eta atzeraeraginezko izaera izango du.
Bideokonferentzia arte eszenikoetako agenteekin sektorean duen inpaktua aztertzeko
Bestalde, astearte honetako goizean zehar, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilari Elma Sáiz, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilari Manu Ayerdi eta Kultura eta Kiroleko kontseilari Rebeca Esnaola bideokonferentzia bidez elkartu dira arte eszenikoen sektoreko agenteekin ikuskizunak bertan behera uzteak eta atzeratzeak eragindako egoera ekonomikoa aztertu eta baloratzeko.
Bideokonferentzian parte hartu dute, besteak beste, enpresa sustatzaile eta banatzaileetako ordezkariek, kultur erakundeek, ekoizleek, sortzaileek, konpainiek eta antzokietan, auditorioetan, kultur etxeetan edo kontzertuen lokaletan lana garatzen duten zerbitzu laguntzaileetako enpresek. Agenteek zerga, lan eta finantza arloko proposamenak egin dizkiete Gobernuko ordezkariei, eta arlo horietan sektorearekin bat egiteko asmoa agertu dute.
Bilera hori Nafarroako Gobernua informazioa biltzeko eta sektore bakoitzak bere eremu ekonomikoan duen egoera ezagutzeko egiten ari den kontaktuen txandan kokatzen da.
Espainiako Gobernuak alarma-egoera aitortzeko emandako Errege Dekretuaren arabera, ikuskizun publikoak eta aisiakoak garatzen diren lokalak eta establezimenduak irekitzea bertan behera uzten da. Espazio horien artean aurkitzen dira erakustaldien lokalak, auditorioak, antzokiak, kontzertu-aretoak eta kontzertuak eskaintzeko tabernak.
Etorkinentzako aholkularitza telefono bidez eta telematikoki
Nafarroako Gobernuko Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuak telefono bidez eta telematikoki egingo ditu atzerritarren esparruko aholkularitza-zerbitzuak eta kultur arteko bitartekaritzakoak etorkinekin; zerbitzu horiek Gurutze Gorriaren bitartez eskaintzen ditu.
Zehazki, Atzerritarren esparruko Aholkularitza Zerbitzua ez da aurrez aurre emango, eta soilik bide telematikoa erabili beharko da. Kultur arteko Bitartekaritza Zerbitzuari dagokionean, soilik aurrez aurre artatuko dira, bizi-beharra medio, ezinbestekoak diren premiak. Gainerako kasuak artatzeko, telefono bidez eta telematikoki eskainiko da zerbitzua.
Horrez gain, Departamentuak sei hizkuntzatan jarri ditu koronabirusari buruzko oinarrizko aholkuak ematen dituzten bideoak eta arreta-kanalak. Hain zuzen ere, kanal horiek herritarren eskura jarri ditu Nafarroako Osasun Departamentuak. Txineraz, arabieraz, errumanieraz, bulgarieraz, frantsesez eta ingelesez daude, gure Komunitateko etorkinen hizkuntza nagusietan.