Azkenaldian jasotakoak

Urtero sartzen dira museoan pieza gehiago eta, gisa horretan, bildumak osatzen dira. Hurrena, informazio pixka bat emanen dugu horietako batzuei buruz.


Espeleologia tresnak

Principe de Viana Erakundeko Espeleologia Taldearen ekipamendua

2012an, Herri Lan Zuzendaritza Nagusiak 50 tresna eman zizkion Museo Etnologikoari. Vianako Printzea Erakundeak 1953an sortutako Espeleologia taldearenak ziren objektuak. Bilduman zenbait gauza daude, hala nola: burubabes argidunak, urpeko igeriketarako jantzi eta bonbonak, eskiak, zurubiak, geologo mailu eta bizkar-zorroak, eta abar.

Itzagako San Migelerako penitentearen gurutzea

Zuhatzuko (Itzagaondoa) Felipe Itulainek hagin egurraz eginiko gurutzea. Itzagako gailurrean den San Migel Santutegirako erromeria Hirutasunaren egunean egiten da, Pentekostes bigarrenean. Garai batean, beraiek egindako gurutz hauek gainean zituztela igotzen ziren penitenteak, arrosarioa errezatuz eta letaniak kantatuz. Gurutze bakoitzak irarriak zeramatzan jabearen inizialak eta haren herriaren izena.

Txistua

2011ko hasieran museoaren bilduman sartu da XX. mendearen hasierako txistu bat. Une honetan aztertzen eta katalogatzen ari dira.

Kaikua

Esnea lantzeko tresnen bilduma osatzeko asmoz, museoak urkiaren zuraz eginiko zenbait ontzi bereganatu ditu. Erratzuko kaikugile ezagun Domingo Etxandiren zigilua daramate.

Lehen Mundu Gerrako kaskoa

Museoak aurten dohaintza berezi bat jaso du: Gerla Handian frantziar armadako soldadu batek erabili zuen kaskoa; soldaduak Jean Etchebarne zuen izena, 1896 aldera Maulen jaioa, eta Lehen Mundu Gerra odoltsu hartarako Baionan errekrutatu zuten 1916an. Ordea, Etchebarnek desertatu zuen, Pirinioak gurutzatu zituen, eta Lizarraraino iritsi zen, bertan gelditzeko; hortik iritsi zaigu gurera pieza bitxi hau. Pieza norena zen argi dago, jabeak berak kaskoan soldatu zuelako militar gisara zegokion nortasun-xafla.