Udako bisitaldi lagunduak itzuli dira - Nafarroako Museoa

Udako bisitaldi lagunduak itzuli dira

Beste uda batez, Nafarroako Museoak ateak irekiko ditu jendeari harrera egiteko, uztailaren 1etik abuztuaren 31ra bitartean (San Fermin jaiak salbu) bere erakusketa iraunkorrera doako bisitak eskainiz

Nafarroako Unibertsitateko Historia eta Filosofia ikasleek, Nafarroako Museoko pieza nabarmenetako batzuen ibilbidea egingo dute. Aurten, Museoko hainbat solairutan egiten ari diren eraginkortasun energetikoko obrak direla eta, proposatutako ibilbidea historiaurreko eta erromatar garaiko ondasunak erakustera bideratuko da. Erakusgai jarritako objektuek aukera ematen dute Antzinaroan, Nafarroan bizi izan ziren komunitateen bizimoduak eta ohiturak ezagutzeko. Oso ibilbide erakargarria da, eta Museoko erakusketa-aretoetara gehitu berri diren piezekin gozatu ahal izango dugu.
Nobedadeen artean, "Harrizko erraldoiak" areto berria nabarmentzen dugu. Bertan, elite gerlariek lurraldearen gainean duten boterea irudikatzen duten eskultura protohistorikoen multzo berezia dago. Halaber, Historiaurreko aretoan, Nafarroako azken urteetako aurkikuntza arkeologiko garrantzitsuenetako bi azalduko dira. Irulegiko Eskua eta "Loizuko Gizona" izenez ezagutzen den giza eskeletoa dira, biak ala biak oso garrantzitsuak Europa mailan, bakoitza bere testuinguru kulturalean.
Bisitaren ondoren, El Ramalete villa erromatarra eta "Dulcitius" mosaikoa bezala ezagutzen den zoladura oktogonal ikusgarria ikusiko ditugu. Ibilbidea beheko solairuan amaituko da, Pompeloren estatua togadun bereziarekin. Brontzezko eskultura hau, erromatarren garaikoa, 1895ean aurkitu zen Iruñeko Nabarreria kalean, eta mende bat baino gehiago desagertuta egon ondoren, 2022an jatorrizko kokagunera itzuli ahal izan zen. Brontzezko estatuaren azken azterketek adierazten dutenez, 10 eta 12 urte bitarteko neskato baten irudikapena izan daiteke, toga janzten eta galburu sorta bat eramaten.

Berrikuntza gisa, aurten, egunero 12:00etan eta 17:00etan euskarazko bisitak egingo dituzten gidak gehitu dira taldeara.


Bisiten ordutegia
Bisitak asteartetik larunbatera izango dira, 11:00etan, 12:00etan (eusk), 12:30ean, 17:00etan (eusk) eta 17:30ean. Igandeetan, 11:00etan, 12:00etan (euak.) eta 12:30ean.


Ibilbideak ordubete inguruko iraupena izango du eta sarrera librea (ez da erreserbarik egingo) eta doakoa izango da taldea osatu arte (25 lagunentzako tokia).


Informazio gehiagorako: 848 42 89 26.

Inicio - Pie de página