Lurraldea - CIN - Lumbier/Irunberri

Lurraldea

Pirinioaurreko Agoitz-Irunberri arroa Pirinioetako ibarren eta Alaitz eta Izko mendilerroen artean dago, Nafarroa ekialdean. Udalerri hauek osatzen dute: Agoitz, Artzibar, Ibargoiti, Itzagaondoa, Lizoain, Longida, Irunberri, Elo, Orotz-Betelu, Erromantzatua, Untziti, Urraulgoiti, Urraulbeiti eta Urrotz-Hiria.

Klima mediterraneoa du, ezaugarri atlantikoren batekin, eta paisaia aldatzen da iparraldetik hegoaldera. Iparraldean, haritz, pago eta pinu gorriz betetako oihanak daude, eta, hegoaldean, arteak eta abaritzak.  Baina paisaiaren ezaugarri nagusia, hegoaldeko eskualdeetan, labore soroak eta mahastiak dira, eta iparraldean, berriz, larreak.

Eremuan Nafarroako historiako pasarte ugari gertatu dira, adibidez, Independentzia Gerran, Aizpurgiko arroilan gertatua; ondorioz, Cafarelli jeneral frantziarrak “deabruaren arroila” izena jarri zion. Horrez gain, ondare artistiko eta kultural aberatsa du: Zilegieta eta Aianzko dorreak, Artiedako jauregia eta hainbat Erdi Aroko ermita, zubi eta gurutze. Beste monumentu batzuk zaharragoak dira, adibidez Leire eta Illon mendilerroetako eta Idokorri eta Ugarra mendietako dolmenak.

Gaur egun lurraldea bisitatzen duenak, arroilez eta beste balio natural batzuez gain, gastronomia ederraz ere gozatzen ahal du: potxak, bildoskia txilindron erara, artzain-apurrak, eskualdeko upeltegietako ardo nafar bikainak eta Agoizko “kostrada”, bertako kremazko tarta tipiko eta gozoa.