Ingurunea - CIN - Lumbier/Irunberri

Arroilak

Pirinioaurreko arroetan, Nafarroa ekialdean, arroila edo zintzur ugari daude. Inguruko gailurretatik jaisten diren ibaiei jarraituz gero, ekialdea-mendebaldea norabidean Leire edo Illon bezalako mendilerroak daude, eta ibaien pasabidea ixten dute. Denborak eta urak kareharrizko arrokaren gainean izan duen eraginak hazpitarte horiek ireki dituzte mendien artean. Zaraitzu ibaiak Arbaiun eta Aizpurgiko arroilak sortu ditu; Irati ibaiak, Irunberri, Iñarbe eta Gaztelukoak; Urrobi ibaiak Txintxurrumearko arroila zeharkatzen du, Areta ibaiak Ugarrongoa, eta, Ezka ibaiak, berriz, Burgi eta Benasakoak.

Labarretan habiak egiten dituzte sai zuriek, ugatzek, sai arreek eta beste hegazti errupikola batzuek, baita hontz handiek, miruek eta oihan eta ibai ertzetako berezko beste espezie batzuek ere, hala nola okil beltzak eta martin arrantzaleak. Arroketako zuloetan saguzar komunitate handia bizi da; ibaien inguruan uhandre piriniotarra, suge leun europarra, amuarraina eta loina bizi dira, eta uraren gainean mariorratzak, tximeletak eta txitxi burruntziak ikusten ahal dira.

Begetazioa aldatu egiten da arroila batetik bestera, baita bakoitzaren barruan ere, eta hezetasunak, lurrak eta eguzkiarekiko esposizioak paisaia aldakorra marrazten dute. Hurrondo, haltz, intsusa, lizar eta zume jatorrek erriberako basoak osatzen dituzte. Harritza eguzkitsuetan arte eta ipuruak hazten dira, eta laiotzetan, berriz, zumarrak, gurbeak, haginak era gorostiak daude, besteak beste.

Aberastasun hori zaintzeko, Pirinioaurreko arroilek babes figurak dituzte: aipatutako guztiak natura erreserbak dira, Ugarrongoa izan ezik, lekune naturala baita. Gainera, gehienak Natura Sarean daude, eta hegaztientzako babes eremu bereziak dira.

Ezagutu Nafarroako naturagune guztiak