Boluntariotzaren Estatuko XXIV. Biltzarra Nafarroan egin zen - Agenda 2030

Boluntariotzaren Estatuko XXIV. Biltzarra Nafarroan egin zen

Responsive Image

Nafarroa Espainiako boluntariotzaren gune bihurtu zen egun batzuetarako, azaroaren 26an eta 27an Iruñean Boluntariotzaren Estatuko XXIV. Biltzarra egitearekin batera. Gizarte Eskubideetako, Kontsumoko eta 2030 Agendako Ministerioak eta Nafarroako Gobernuak antolatu zuten biltzar hori eta, bertan, toki, autonomia erkidego eta estatu mailako ekintza boluntarioaren eragile nagusietako batzuk elkartu ziren. 

Edizio horren leloa “Batzen gaituen taupada, mugitzen gaituen adimena” izan zen, eta asmoa zuen erakustea nola milaka lagunen taupada partekatuak bat egiten duen, eskuzabaltasunez eta konpromisoz, gizakien neurrira egindako mundu berri bat eraikitzeko eginahalean. Alde horretatik, Félix Taberna Nafarroako Gobernuko lehen lehendakariordea eta Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilaria izan zen biltzarra inauguratzeko arduradunetako bat, eta, boluntariotzaren ezaugarri diren gizarte eraldaketako hiru dimentsioak azpimarratu zituen.

Lehenik eta behin, maila pertsonalean gertatzen den aldaketari buruz hausnartu zuen kontseilariak, hauxe esanez: “boluntariotzaren bidez, ematen dena baino gehiago jasotzen da, eta beste ikuspegi batzuk irekitzen dizkizu”. Bigarrenez, dimentsio kolektiboan gertatzen den inpaktua nabarmendu zuen, oso garrantzitsua baita kontuan hartzen bada “gizartea ez dela gizabanakoen batura, baizik eta pertsona guztien arteko hartu-emana”. Bukatzeko, arreta jarri zuen boluntariotzak “kontu txikien matxinadatik” abiatuta gizarte errealitatea eraldatzeko duen gaitasunean: “borondate eta keinu txikiak batuz, ondorio positibo handiak lor daitezke”.

Harekin bat egin zuen María Rosa Martínez Eskubide Sozialetako estatu idazkariak, honako hau adierazi zuenean: “boluntariotza gizabanakoaren borondatetik abiatzen bada ere, garrantzitsua eta indartsua da, ekintza kolektiboa delako”. Era berean, mahaigaineratu zuen “ea norantz eraldatu nahi dugun gizartea, norabide batean zein bestean eralda baitaiteke”. Alde horretatik, “balio demokratikoen, giza eskubideen eta justizia sozialaren defentsan” oinarritutako eraldaketa defendatu zuen. Martínezen iritziz, hiru elementu horiek “sare komunitarioak eraikitzen dituzte”, eta horiexek dira “daukagun tresna eraldatzaileenetako bat”. Eta puntu horretan nabarmendu zuen boluntariotzaren “funtsezko zeregina”, “komunitateak indartzen baititu”; izan ere, “kidetasun sentimendua eta nortasun kolektibo eta inklusiboa” sortzen dituzte.

Hala ere, Eskubide Sozialetako estatu idazkariak ñabardura hau egin zuen, eta gainerako hizlariak bat etorri ziren horrekin: “boluntariotzaren balio erantsiak ezin ditu politika publikoak ordeztu”; aldiz, “balio erantsi hori da bai sareak ehuntzea, bai harreman pertsonalak eraikitzea, bai indartzea ordezkatzen dituen gizarte entitateak, tokiko proiektuak eta, bereziki, politika publikoen eta erakundeen bidez maiz ase ezina zaigun kapilaritatea”.
 

Hainbat mendetan errotutako boluntariotza

Joseba Asiron Iruñeko alkateak XVI. menderaino atzera egin zuen, berreskuratzeko Nafarroan “oso errotuta” zegoen kontzeptu bat: auzolana. “Antzinako instituzio tradizional bat da, auzokideen arteko lana esan nahi duena“. Oso lotuta dago arlo kolektiboan inplikatzearekin, eta egungo “gizarte joera handiei” egiten die aurre. Kasu horretan, Asiron indibidualismoaz aritu zen: “deserrotzea, belaunaldien arteko arrakala, norberak hautatu gabeko bakardade egoerak eta abar dakartza berekin eta, gainera, ikuspegi desegokia da, gizakiok, definizioz, interdependenteak garelako”.

Alde horretatik, Iruñeko alkateak azpimarratu zuenez, “ez da egia gizartea laguntzaileen eta lagunduen artean banatzen denik”, baizik eta “denok, gure bizitzako uneren batean, laguntza beharko dugu, eta komunitatea da gu salbatzera etorriko dena”. Beste behin ere, hauxe zehaztu zuen: “komunitate horrek ez ditu zerbitzu publikoak ordezten, baina horien osagarri da, eta nolabait zerbitzu horiek zabaldu egiten ditu”.

Bestalde, Boluntariotzaren Estatuko Plataformako kide den Saturnino Peñak honela definitu zuen boluntariotza: “begirada babesgarri eta lagungarria, eta hitz kontsolagarri eta lasaigarria”. Eta gaineratu zuenez, “desberdinkeria, krisi eta gatazkez beteriko testuinguruan, boluntariotza gizarte eraldaketarako tresna indartsua da, zerbitzu publikoak osatzen dituena giza eskubideen ikuspegitik”.

Hala ere, zehaztu zuen “ikuspegi kolektibo horrek ez duela bat-bateko izaerarik; aitzitik, eraginkorra izateko eta XXI. mendeko erronkei erantzun ahal izateko, antolatuta eta prestatuta egon behar du”. Peñaren hitzetan, ”begirada hori beharrezkoa da kohesionatzeko, eta begirada horrek babesten du, lasaitasuna ematen du, eta gizartea eraldatzen laguntzen du”.
 

Bestelako jarduerak

Lau hitzaldi horiekin inauguratutzat jo zen Boluntariotzaren Estatuko XXIV. Biltzarra. Bertan, hainbat mahai inguru eta lantegi egin ziren, Boluntariotzaren Estatuko Sariak eman ziren, eta 2025eko Nafarroako Boluntarioaren Saria entregatu zen; aurten, Carlos Bardají zirujau pediatrikoari eman zitzaion, Senegalen eta Gambian Hope & Progress GKEarekin lankidetzan hiru hamarkada emateagatik .

Biltzarrak bi hitzaldi inspiratzaile izan zituen honako hauen eskutik: Guillermo Dorronsoro, Zabala Innovation Consulting aholkularitza etxeko Administrazio Kontseiluko aholkularia eta Deusto Business Schooleko irakaslea; eta Cristina Monge, analista politikoa eta trantsizio ekologikorako gobernantzako ikertzailea.
Gainera, hainbat elkarrizketa mahairen bidez, honako gai hauek jorratu ziren, besteak beste: adimen artifiziala eta teknologia berriak, gizartearen zerbitzura dauden tresna eraldatzaile gisa; sareen sorrera eta administrazioen eta inplikatutako eragileen arteko lankidetza; desinformazioaren erronka; hondamendien aurreko jarduketa; eta boluntariotzaren genero ikuspegia.

Pie de página