Ezagutu zer betebehar dituzun lagun egiteko animalia baten jabe gisa

Legeek betebehar eta debeku batzuk ezartzen dizkiete lagun egiteko animalia bat duten pertsonei.  Ezagutu bideo honetan etxeko animalien ongizatea lortzeko araudiaren helburuak. 

Zer espezie dira lagun egiteko animaliak?

Honako espezie hauek edukitzen ahal dituzu lagun egiteko animalia gisa: 

  • Txakurrak, katuak eta hudoak, nahiz eta etxe batean ez bizi. 
  • Etxeko abereak edo animalia basatiak, jasota badaude Estatuko legeak erregelamendu batean zehaztuko duen zerrendan. 
  • Abeltzaintzako animaliak, jabeak lagun egiteko animaliatzat inskribatzen baditu. 
  • Ehiza-hegaztiak eta akuarioko animaliak, ez badira espezie exotiko inbaditzaileak edo espezie babestuak.

 

Honako espezie hauek EZ dituzu edukitzen ahal lagun egiteko animalia gisa: 

  • Animalia pozoitsuak.
  • Pertsonei edo beste animalia batzuei kalte egiten ahal dieten animaliak.
  • Espezie babestuak.
  • Espezie inbaditzaileak.

Nola identifikatu behar dut nire txakurra, katua edo hudoa?

Nahitaezkoa da txakurrak, katuak eta hudoak mikrotxip batekin identifikatzea, erregistroan inskribatzea (zehazki, Lagun Egiteko Animaliak Identifikatzeko Nafarroako Erregistroan) eta identifikazio-pasaporte bat edukitzea. Albaitariaren bidez eginen duzu.

Lagun Egiteko Animaliak Identifikatzeko Nafarroako Erregistroa kontsultatzen ahal duzu, honetarako:

Jabe batek txakur, katu edo hudo bat pertsona juridiko baten izenean inskribatu ahal izateko, 94/2022 Foru Dekretuaren 8.7 artikuluan jasota ez badago (adibidez, abeltzaintzako ustiategien titularrak, pertsona juridiko baten izenean nukleo zoologikoa duten hazleak), baimen bat eskatu behar du.

Zer albaitaritza- eta txertaketa-kontrol behar ditu zure maskotak?

Nafarroan, amorruaren aurkako txertoa URTERO jartzen zaie txakurrei, katuei eta hudoei. Animaliaren jabeak edo edukitzaileak du betebeharra. Aldez aurretik identifikatutako animaliak baino ez dira txertatzen ahalko.

Zure albaitariak esanen dizu zer txerto jarraibide bete behar duzun zure animalia gaixotasunetatik babestuta edukitzeko.

Jabe gisa, zer beste betebehar dituzu?

  • Elikagai osasungarri eta orekatuekin elikatzea. Ez elikatzea osasun-kontrolik izan ez duten animalien erraiekin, hilotzekin eta beste hondakin batzuekin.
  • Bizitzeko egokia den espazio bat ematea, espeziea eta tamaina kontuan hartuta, eta higiene- eta osasun-baldintza egokiak bermatzea.
  • Mugitzeko eta ariketa fisikoa egiteko askatasuna ematea.
  • Harreman sozial egokia bermatzea.
  • Txakurrak, katuak eta hudoak mikrotxip batekin identifikatzea, Lagun Egiteko Animaliak Identifikatzeko Nafarroako Erregistroan inskribatzea eta identifikazio-pasaporte bat edukitzea. Albaitariaren bidez eginen duzu. 
  • Txakurrak, katuak eta hudoak amorruaren kontra urtero txertatzea, eta parasitoak aldian behin kentzea.
  • Urtero albaitari-kontrola egitea.
  • Animaliak gaixotasun edo lesio baten sintomak dituenean, albaitariarengana joan behar zara berehala, eta ez dituzu inoiz medikatu behar albaitariak agindu ezean.
  • Zure animaliak jokabide- eta bizikidetza-arazoak dituenean, erregistratutako hezitzaile batengana edo animalien portaeran aditua den profesional batengana jotzea, bereziki txakurren kasuan. Hemen duzu Nafarroan trebatzaile gisa erregistratutako pertsonen zerrenda.  
  • Ez uztea kalterik eragiten pertsonei, beste animalia batzuei eta ingurune naturalari. Ez dituzu aske utzi behar toki publikoetan eta sarbide publikoko toki pribatuetan.
  • Udal-ordenantzak betetzea. Txakurren kasuan, bide publikoan gorotzak jaso eta pixa garbitu behar duzu, eta animalia uhalaz lotuta eraman.
  • Ez uztea zure animaliari ugaltzen zuk jakin gabe. Zure txakurra edo katua kalera ateratzen bada zuk kontrolatu gabe, esterilizatu egin beharko duzu

Jabeentzako debekuak

  • Ezin duzu txakur edo katu bat terrazan eduki modu iraunkorrean.
  • Ezin duzu txakurra toki batean lotuta eduki modu iraunkorrean; soilik denbora labur batez, eta arrazoi justifikatuta dagoenean.
  • Txakurren kasuan, urkatze-lepokoak, lepoko arantzadunak eta lepoko elektriko batzuk ez dituzu erabiltzen ahal. Albaitari profesional batek edo trebatzaile batek hala zehazten duenean baino ez dira erabiliko animaliari kalteak eragiten ahal dizkioten lepoko elektrikoak, eta aldi baterako bakarrik.
  • Ez duzu kirurgiarik egiten ahal lagun egiteko animalia baten itxura aldatzeko (kasurako, txakur bati belarriak eta buztana moztea). Halakoak egiten ahalko dira albaitari profesional batek beharrezkotzat jotzen baditu arrazoi medikoengatik, ziurtagiri bidez justifikatu ondotik.
  • Ez zara etxetik kanpo egoten ahal hiru egun baino gehiago zure maskota gainbegiratu gabe utzita. Txakurren kasuan, epe hori ez da 24 ordutik gorakoa izanen.

Lagun egiteko animalia bat arduraz edukitzeko zure betebeharrei eta gomendioei buruz gehiago jakiteko, kontsultatu gida hau.

Baduzu edo eduki nahi duzu arriskutsua izaten ahal den txakur bat?

Nafarroan, arriskutsuak izaten ahal diren txakurtzat hartzen dira arraza hauetakoak eta haien gurutzaketak:

  • Pit bull terrierra.
  • Staffordshire bull terrierra.
  • American staffodshire terrierra.
  • Rottweilerra.
  • Dogo argentinarra.
  • Fila brasildarra.
  • Tosa Inua.
  • Akita Inua.

Kalifikazio hori dute, orobat, izaera nabarmen oldarkorra duten eta pertsonei nahiz beste animalia batzuei eraso egin dieten animaliek. Kasu horretan, autonomia-erkidegoko edo udaleko agintaritzak izendatutako albaitari batek txostena egin ondotik zehaztuko da arriskugarritasuna. Txostena aurretiazko edo ofiziozko salaketaren ondotik eginen da.

Arriskutsua izaten ahal den txakur bat izateko, eskatzailea bizi den udalak emandako lizentzia behar da.

Zenbait baldintza bete behar dira lizentzia lortzeko. Besteak beste:

  • Adinez nagusia izatea.
  • Aurrekari penalik ez izatea.
  • Arriskutsuak izaten ahal diren animaliak edukitzeko gaitasun fisikoa eta psikologikoa izatea. Hori frogatzeko, behar bezala baimendutako azterketa-zentroek emandako ziurtagiriak lortu beharko dira.
  • Hirugarrenei eragindako kalteengatiko erantzukizun zibileko aseguru bat kontratatzea, ehun eta hogei mila eurokoa (120.000 €) gutxienez.

Bide publikoetan, higiezinetako eremu komunetan, garraio publikoetan eta, orokorrean, erabilera publikoko leku eta guneetan, txakurrak lotuta joan behar dira, gehienez ere 2 metro luzeko kate ez-lerrakor batez, eta muturrekoa jarrita behar dute.

Pertsona bakoitzeko arriskutsua izaten ahal den txakur bat baino ez da paseatzen ahal, eta udalaren baimena eduki behar da.

Esteka honetan, portaera arriskutsuak izaten ahal dituzten animalien jabetza arautzen duen araudia duzu ikusgai.

Zure maskotarekin bidaiatu nahi baduzu

Izan gogoan kontuan hartu beharreko baldintza hauek lurralde nazionaletik kanpo bidaiatzen baduzu:

  • Identifikazioa eta amorruaren aurkako txertoa: Europar Batasunaren barruan edo kanpoan, animalia behar bezala identifikatuta egon behar da, eta amorruaren aurkako txertoa egunean eduki behar du. Datuak animaliaren kartillan, pasaportean edo osasun-ziurtagirian jasoko dira.
  • Kontsultatu helmugako herrialdeko enbaxada edo kontsulatuarekin. Herrialde bakoitzak ezartzen ditu animalia bisitariek bete beharreko baldintzak.
  • Pasaportea. Lagun egiteko animaliek Europar Batasunean bidaiatzeko edo beste herrialde batzuetatik sartzeko behar duten dokumentua da. Egiaztatu zure albaitariarekin pasaportearen eredua indarrean dagoena dela.
  • Animaliaren osasun-ziurtagiria. Europar Batasunetik kanpora bidaiatzeko behar da. Elkargoko albaitari kliniko batek ematen du. Egiaztatzen du animaliak ez duela gaixotasun infekzioso-kutsakorren sintomarik, amorruaren kontrako txertoa duela eta bidaiatzeko moduan dagoela, bai eta helmugako herrialdeak eskatutako beste edozein alderdi ere. Gehienez 10 eguneko balioa izaten du, helmugako herrialdearen arabera.
  • Esportazio-ziurtagiri ofiziala (CEXGAN). Animaliaren osasun-ziurtagiria esportazio-ziurtagiri ofizial batekin batera aurkeztu behar duzu. Albaitariak izapidetzen du, CEXGAN aplikazioaren bidez, eta Gobernuaren Ordezkaritza eta Ordezkariordetzetako Nekazaritza Arloetako albaitaritza zerbitzu ofizialek berrikusi eta ematen dute. Helmugako herrialdeko prozeduren arabera eman beharko da, eta animaliaren jabeak eraman beharko du bidaiatzeko.
  • Itzulera. Europar Batasunekoa ez den herrialde batean txakurrekin, katuekin edo hudoekin bidaiatuz gero, kontuan hartu behar dira Espainiara itzultzeko ezarritako protokoloak. Garrantzitsua da profesionalek alderdi horren berri aldez aurretik ematea, jabeei eta animaliei eragozpenik ez sortzeko. Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu CEXGANen inportazio-esteka edo hitz egin Espainiako kontsuletxearekin edo enbaxadarekin.
  • Informazio gehiago Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren orri honetan.

Ostalaritzako negozioetan, eraikin publikoetan eta garraio publikoan sartzea

  • Ostalaritzako negozioetan sartzea araututa dago toki bakoitzeko udal-ordenantzan. Negozio horiek ez dute zertan baimendu lagun egiteko animaliak haietara sartzea, baina, baimentzen ez badute, kartel edo seinale bat jarri beharko dute, kanpotik ikusteko moduan.
  • Eraikin publikoetan sartzen ahal dira, salbu eta berariaz debekatuta badago eta hala adierazita badago eraikinaren sarreran, ikusteko moduan.
  • Garraio publikoan ere bidaiatzen ahal dute, baldin eta pertsonentzat, beste animalia batzuentzat eta gauzentzat arriskutsuak ez badira, alde batera utzi gabe udal ordenantzetan ezarritakoa.

Animaliak hiltzea eta eutanasia

Lagun egiteko animaliak hiltzea debekatuta dago legedian. Kasu hauetan, baimenduta dago animaliak hiltzea eta eutanasia: 

Eutanasia baimenduta dago, baldin eta albaitari batek egiten badu, berak hala iritzita, animaliak ez dezan alferrik sufritu edo lesio baten ondorioz ez badu bizi-kalitate onargarririk izaten ahal. 
Animaliak hiltzea baimenduta dago pertsonen edo animalien segurtasuna bermatzeko, osasun publikorako arriskua badago edo larrialdi bat badago, justifikatuta dagoenean, eta agintaritza eskudunak baimendu ondotik.

Zer egin behar dut...?

  • ​​​​​​...animalia galtzen bada: salaketa jarri edo galdu dela jakinarazi agintaritza eskudunari, 48 ordu iragan baino lehen.
  • …animalia hiltzen bada: hilotza entregatu baimendutako enpresa bati, erraustu edo ehortzi dezan. Enpresak ziurtagiri bat eman beharko dizu. Ziurtagiri horrekin, albaitari batengana jo beharko duzu identifikazio-erregistroan baja eman diezaion zure maskotari. 

Argibide gehiago

Gehiago jakin nahi baduzu estatuko eta Foru Komunitateko araudiari buruz, Nafarroako Gobernuak egindako agiria kontsultatu dezakezu. Konpainia-animaliei buruzko ohiko galderetan sakontzen du agiri horrek. Hona hemen: 

Konpainia-animaliei buruzko gida (PDF, 4MB)