Descárgate la app
Osasuna, Nafarroako 2021eko Urrezko Domina
2021ko azaroaren 17a
Osasuna, Nafarroako 2021eko Urrezko Domina
Gaurko bilkuran, Nafarroako Gobernuak Nafarroako Urrezko Domina 2021 eman dio Club Atlético Osasunari, “nafar guztien gizarte- eta lurralde-kohesiorako egindako ekarpenarengatik”; iaz ehun urte bete zituen.
Sari hau Foru Komunitateko sari nagusia da eta, saria emateko dekretuan jasotzen denez, “Club Atlético Osasuna Nafarroan sustraitze sozial handia duen kirol-erakundea da; iaz mendeurrena ospatu zuen”. Dekretuaren testuan azpimarratzen da “Osasuna Nafarroako gizartearentzat kirol-erakunde bat baino zerbait gehiago izan dela eta dela. Sentimendu horrek nafar guztien gizarte- eta lurralde-kohesioari laguntzen dio, aniztasuna eta pluraltasuna ezaugarri dituen Foru Komunitatean; izan ere, fideltasuna eta babesa batzen ditu, zale bakoitzaren sentimendu indibidualetatik, kokapen geografikotik edo klase sozialetik haratago”.
Exekutiboak, halaber, Osasunaren kirol eta gizarte lana nabarmendu ditu, Fundazioaren bidez garatutako jarduerak azpimarratzearekin batera; hala nola, neska-mutilek elkarrekin joka dezaketen Eskola arteko Futbol Txapelketa, emakumeen futbola bultzatzea eta Genuine Ligan parte hartzea (bertan, desgaitasun intelektuala duten pertsonek osatutako taldeak lehiatzen dira). Era berean, kirola sustatzeko, Osasunak Nafarroa osoko dozenaka klubekin sinaturiko hitzarmenak azpimarratu ditu.
Saria Maria Chivite Lehendakariak emango dio abenduaren 3an, Nafarroaren Egunean, egingo den ekitaldi instituzional nagusian.
Nafarroako Gobernuak azaroaren 10ean ezagutu zituen sariaren Epaimahaiak aurkeztutako hiru proposamenak (Aspace, Club Atlético Osasuna eta Juan Miguel Gil Jaurena kirurgialaria), erakundeek edo pertsonek aurkeztutako hainbat hautagaitza jaso ondoren. Laugarren urtez jarraian, hautagaien proposamena herritar guztiek egiteko aukera izan dute.
Dakigun moduan, Nafarroako Urrezko Domina Foru Komunitateak ematen duen sari gorena da, eta pertsona, erakunde, entitate eta kolektiboek jaso dezakete gizartea hobetzen, balio demokratikoak sendotzen eta Nafarroa kanpoan proiektatzen laguntzen nabarmentzeagatik.
Hautagaiak eta sarien zerrenda
Hain zuzen ere, Gobernuak gaur saritutako hautagaitza Xota Kirol Klubak aurkeztu zuen, Jose Antonio Arregui lehendakariaren bitartez, eta proposamenean azpimarratu zuen Osasunak “gizartearen balio demokratikoak bultzatzen dituela, Nafarroako gizartea osatzen duten sentsibilitate ezberdinen arteko topagune izanik”.
Nafarroako Gobernuaren aurrean, beste hautagaitza hauek ere aurkeztu ziren: batetik, Aspace (Garun Paralisia eta Antzeko Desgaitasunak dituzten Pertsonei laguntzeko Nafarroako Elkartea), aurten 50 urte beteko dituena, Nafarroako bederatzi Udalek proposatuta; eta, bestetik, Baztango Juan Miguel Gil Jaurena kirurgialaria, Madrilgo Gregorio Marañon Ospitaleko Haurren Bihotz Kirurgiako burua, Miren Jaione Ustarrozek sustatua eta 800 sinadurak babestua, Espainiako Kardiologia Elkarteak eta Pequeña Gerrera y sus familias Elkarteak ere bultzatuta.
Club Atlético Osasuna 1982az geroztik Foru Komunitatearen sari nagusia jaso duten 37 pertsona edo erakunderen zerrendan sartu da, gizarte hobe bat izaten laguntzeagatik.