2021ko urriaren 14a

Kalteberatasun sozioekonomikoko egoeran dauden 12.000 pertsonak baino gehiagok doako maskarak eskuratu dituzte

Osasun Departamentuaren eta Farmazialarien Elkargoaren arteko lankidetzari esker, 1,6 milioi maskara inguru banatu dira 2020ko azaroaren 15etik 2021eko urriaren 1era arte

Nafarroako farmazia-bulegoen sareak 1.591.400 maskara banatu ditu doan, osasun-txartelaren bidez, kalteberatasun-egoeran dauden 12.000 pertsona ingururi eta sektore behartsuei. Foru Komunitatea izan da biztanleriaren kolektibo jakin bati maskarak etengabe finantzatu dizkion bakarra.

Ekintza hau Nafarroako Osasun Zerbitzua-Osasunbidearen (NOZ-O) eta Farmazialarien Elkargoaren arteko lankidetza-hitzarmenari esker burutu da; hitzarmena 2020ko azaroaren 15ean sinatu zuten.

Osasun Departamentuak eta Farmazialarien Elkargoak oso positibotzat jo dute kalteberatasun-egoeran dauden kolektiboei maskarak eskuratzea bermatu dien programa. Egungo egoera epidemiologikoa medio, urriaren 1ean etetea erabaki zen.

Farmaziek 50 maskarako kaxa bat doan banatu zieten ezarritako baldintzak betetzen zituzten pertsonei errezeta elektronikoaren bidez eta bost hilabetetik behin. Maskarak honako hauei banatu zaizkie: kotizazio gabeko pentsioak jasotzen dituzten 45 urtetik gorako pertsonei eta horien onuradunei; langabezia-subsidioa jasotzeko eskubidea galdu duten langabeei; sindrome toxikoa dutenei; desgaitasuna duten pertsonei; eta gizarteratzeko errentak jasotzen dituztenei. Era berean, maskarak 45 urtetik beherako guraso bakarreko titularrei ere eman zaizkie, sendagaiengatik koordainketarik ez dutenei.

Farmazietan saldutako antigenoen 355 testaren emaitza positiboa izan da

Farmazietan saltzeko antigenoen autotestak uztailaren 23an hasi ziren saltzen, Osasuneko zuzendari nagusia den Carlos Artundok eta Farmazialarien Elkargoko presidentea den Marta Galipienzok 2021eko uztailaren 15ean sinaturiko beste lankidetza-akordio baten ondorioz.

Egun horretatik aurrera, farmaziek COVID-19aren autodiagnostikorako testak saltzeko baimena zuten, errezeta medikorik behar izan gabe. Orain arte, 355 testaren emaitza positiboa izan da, PCR bidez baieztatuta; hau da, abuztuan, irailean eta urrian detektaturiko kasu guztien %3,6.

Proba horiek etxean edo farmazian bertan egin ditzake erabiltzaileak; proba farmazian egitea gomendatzen da segurtasun, trazabilitate eta fidagarritasun handiagoa izateagatik. Farmazietan egindako probetan positibo ematen duten pertsonak COVID-19 artatzeko osasun-sisteman sartzen dira zuzenean, kasu susmagarri gisa, eta NOZ-Oko taldeek hitzordua ematen diete baieztatzeko probak egiteko.