2021ko irailaren 7a

Herri-lanen Zuzendaritzak Uxueko errepideko ezponda egonkortzeko lanei ekin die

Obrak hurrengo 3 hilabete eta erdian eginen dira, 340.000 euroko inbertsioarekin
Uxuen egonkortuko den NA-5310 errepidearen gaineko hegala.
Uxuen egonkortuko den NA-5310 errepidearen gaineko hegala.  Deskargatu irudia Irudi galeria

Lurralde Kohesioko Departamentuak, Herri Lan eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, aste honetan hasi ditu NA-5310 errepidean, Uxueko noranzkoan, dagoen ezponda egonkortzeko lanak. Obra hurrengo 3 hilabete eta erdian eginen da, 340.000 euroko inbertsioarekin.

Construcciones Mariezcurrena SL enpresari esleitu zaizkio lanak, eta bide horren trazadura berria eraikitzen hasi zirenetik errepide-tarte horretan izandako luizien arazoa saihesteko aukera emango dute. Trazadurak, batez beste, 350 ibilgailu ditu egunean.

Errepideak, NA-132 errepidetik Uxuera abiatzen denak, 5. kilometroan dagoen ezpondan lerradura bat izan zuen 2018ko udaberrian, Uxueko udal hilerriaren eta Mairagako Mankomunitatearen biltegiaren inguruan. Horren ondorioz, aldez aurreko lanak egin ziren: drainatze bat egin zen burualdean, eta harri-lubeta bat hegalaren oinarrian, lur-mugimendu berriak saihesteko, egungo obrak zehaztu arte.

Uren egonkortzea eta hustuketa

Egungo proiektuan jasotako lanek funtsezko bi jarduketa dituzte: alde batetik, hegala modu aktiboan egonkortzea, 51 eta 53 metroko kotetan ainguratutako hormigoi armatuzko horma banatan, hurrenez hurren; eta, bestetik, azaleko isurketa-urak husteko sistema bat egitea, hegala drainatu edo husteko.

Urak husteko sistemak babes-areka bat izanen du lerraduraren goiko arrailduraren gainetik eta ur-bilketako areka bana horma ainguratuen ondoan dauden zabalguneetan. Horrela, ur guztiak eremu horretan dagoen zorrotenera eramanen dira.

Lanak egiten diren bitartean, NA-5310 errepidean dagoen harri-lubetaren ondoko erreia moztuko da eta bidean dabiltzan ibilgailuei ordezko bidea emanen zaie.