2021ko abuztuaren 11a

Erronkari, Ribaforada, Leire eta Lekunberri, Kultur programaren hurrengo agertokiak

Joaquín Taboada; Mielotxin; Diego Arbizu eta Pascual Jover; eta Hagoan taldeen kontzertuak emango dira
Joaquín Taboadaren promozio-irudia.
Joaquín Taboadaren promozio-irudia.  Deskargatu irudia Irudi galeria

Arte eszenikoen eta musikaren Kultur 2021 programa asteburu honetan Joaquin Taboada, Mielotxin, Diego Arbizu eta Pascual Jover bikotearekin eta Hagoan taldearekin hasiko da, hurrenez hurren, Erronkari, Ribaforada, Leire eta Lekunberrin.

Gogoratu behar da Kultur 2021ek, musikarekin batera, arte plastikoak ere eskaintzen dituela bere egitarauan. Bertizeko Jaurerriaren jauregian, Gua-Mia-Bu-ren Azken eguzkilorea margo digitalaren erakusketaz goza daiteke abuztuaren azken egunera arte.

Joaquin Taboadaren ‘3 en diálogos’, Erronkarin

Kultur 2021 programa musikal eta eszenikoa aste honetan hasiko da Erronkarin, ostegunean, abuztuak 12, 19:00etan, herriko kiroldegian, Joaquín Taboadaren 3 en diálogos proposamenarekin. Kontzertuak 80ko eta 90eko hamarkadetako musika biolin, biolontxelo eta pianora egokituko du.

3 en dialogos lanarekin 80ko eta 90eko hamarkadetan “gure bizitzetan sartu ziren musika berri guztiei omenaldia” egin nahi dio Taboadak. Musika berri horiek irrati programetan entzun ziren, besteak beste, Radio 3-eko Diálogos ahaztezinean edo M80ko Música Privada irratsaioan eta Taboada berarenean, esaterako.

“Ikuskizuna birsorkuntza bat da, ez imitazio bat”, dio Taboadak. “Gai bakoitza berariaz moldatu da biolina, biolontxeloa eta pianoa (gai batzuetan, akordeoia) hirukote horretarako; izan ere, ezinezkoa izanen litzateke jatorrizko gai guztiak sortuta zeuden bezala egitea, formazio eta estilo ugari daudelako, New Age puruenetik hasi eta musika elektronikora arte”, azaldu du.

Mielotxinen ‘Órdago’, Ribaforadan

Hurrengo egunean, ostirala 13, Mielotxin taldearen eszenatoki bihurtuko da Ribaforada. 22:00etan, Zaldun Templarioen kalean (troka), taldeak bere Órdago ikuskizuna aurkeztuko du, Nafarroako iparraldeko eta hegoaldeko musika herrikoien arteko elkarrizketa burutuz.

Mielotxin 2003an sortu zen, Nafarroako herri-musika iparraldetik hegoaldera eguneratzeko eta berpizteko helburuarekin. Bere ikuskizunean, jota kantatuari Órdagoa jotzen zaio, “jota dantzatuaren aurrean gaudela, Iparraldeko Nafarroari Hegoaldekoa aurrean dela, mendiaren espiritu erasotzaileari lautadaren espiritu delikatua aurrean dela… Ardoa, mahastia, Mediterraneoko paisaia, landa-bizitza… identifikatzen gaituzten elementuak eskaintzen ditu”.

Órdago ikuskizun honen protagonista jota da, Noelia Compais ibilbide luzeko jota abeslariaren eskutik, Tafallako (Nafarroa) Flamarique ahizpen jota eskolako ikasle izandakoa. Bera da jota, eta Mediterraneoko kultura eta ardoa ordezkatzen ditu.  Aurrean dantzariak daude, Atarrabiako Mikelats dantza taldekoak, mendia, espiritu basatia, dantza eta ibarra irudikatzen dituztenak.

Ribaforadan egingo den ikuskizuna baino lehen, Fontellaseko El Bocal-ari bisita gidatua egiteko aukera egongo da, 10:15etan Fontellasen, hamar laguneko taldeendako gutxienez.

Diego Arbizu y Pascual Jover, Leireko monasterioan

Azkenik, abuztuaren 14an, larunbata, bi kontzertu eskainiko ditu Kulturrek: 19:45ean, Leireko monasterioko elizan, Diego Arbizu eta Pascual Jover arituko dira, Europako erromantizismo musikaleko obrak interpretatzen

Bikoteak Mendelssohn-etik Rachmaninoff-erako obrak interpretatuko ditu, Leipzig eta Mosku arteko bidaia eskainiz, "Europako erromantizismo musikalaren egunsentia eta ilunabarraren artean". Diego Arbizu Pablo Sarasate Goi Mailako Musika Kontserbatorioko eta Rotterdameko Hogeschool voor Muziek-eko Biolontxeloko eta Ganbera Musikako Goi Mailako tituluduna da. Pascual Jover pianista iruindarra da. Iruñeko P. Sarasate Kontserbatorio Profesionalean eta Madrilgo Goi Mailako Musika Errege Kontserbatorioan ikasi zuen.

Leireko kontzertua baino lehen, bisita gidatua eskainiko da monastegian, Leireko likorea eta pintxo dastaketarekin. 17:00etan izango da, monastegiko harreralekuan. Ondoren, 19:00etan, Bezperak Kantu Gregorianoan entzuteko aukera egongo da. Gutxieneko partaidetza hamar lagunekoa izango da.

Hagoan-en ‘Bazen behin’, Lekunberrin

Bestalde, larunbat honetan bertan, Lekunberriko Herriko plazan, 22:00etan, Hagoan talde iruindarrak Bazen behin, bere lehen diska aurkeztuko du.

Hagoan Iruñeko rock musika-talde gazte bat da. 2020an, lehen singlea kaleratu zuten (Bizitzeko beldurra) bideoklip formatuan, YouTuben dago eskuragarri. Hilabete batzuk geroago, lehen diskoa plazaratu zuten (Bazen behin); hori aurkeztuko dute Lekunberrio kontzertuan.

Taldeak otsailean eta martxoan sarrera guztiak agortu zituen Zizurko eta Burlatako kultur etxeetan. Letrak berek egindakoak dira eta, horietaz gainera, Berri Txarrak edo Platero y Tú taldeen eragina nabari da maiz.