2021ko uztailaren 15a

Osasun Departamentuak eta Farmazialarien Elkargoak hitzarmena sinatu dute, botiketan salmenta libreko antigenoen autotestak egiteko

Akordio horri esker, test azkarrak atzemateko eta trazabilitate handiagoa lortzeko aukera izango da, Ministroen Kontseiluak datorren astean  testak onartzen dituenean

Nafarroako botiken sarea herritarren zerbitzura egongo da, Nafarroako farmazietan salmenta libreko COVID-19ko antigenoen autotesta egiten laguntzeko, Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE), asteazkenean ziurrenik, argitaratu ondoren eta Ministroen Kontseiluan datorren asteartean onartu ostean.

Osasuneko zuzendari nagusia den Carlos Artundok, Nafarroako Farmazialarien Elkargo Ofizialeko lehendakari Marta Galipienzok eta Nafarroako Osasunbideako Farmazia eta Prestazioetako zuzendariorde Antonio Lopezek lankidetza-hitzarmena sinatu dute gaur goizean, eta, horri esker, zerbitzua garatuko da. Akordioa eta logistika prentsaurrekoan aurkeztu dituzte.

Osasun Departamentuaren eta farmazialarien artean era horretako lankidetza ezarritako lehen komunitate autonomoa da Nafarroa, gaur egun. Bidaiatzeko ziurtatu gabeko probak dira, baina COVID-19 detektatzeko eskuragarritasun handiagoa izaten laguntzen dute. Hitzarmenean jasotakoaren arabera, norberaren diagnostikoa egiteko testa eskatzen duen herritarrak SARS-CoV2 infekzioarekin bateragarriak diren sintoma oso nabariak baditu, farmazialariak osasun-etxearekin harremanetan jartzeko esango dio, proba diagnostikoa egin dezan.

Horren inguruko Errege Dekretua argitaratzen den unean, COVID-19aren autodiagnostikoa egiteko testa saldu ahal izango dute farmaziek, medikuaren errezetarik behar izan gabe. Osasun Departamentuak Nafarroako Osasunbideako osasun-zentroetatik kanpo egiten diren test azkarrek emandako informazioaren trazabilitate handiena izatearren, Osasun Departamentuak eta Farmazialarien Elkargoak akordio honen bidez ezarri dute nola erabili ahal izango den botiketan modu askean saldutako antigenoen test horien proben trazabilitatea ahalbidetzeko informazioa; izan ere, "informazio hori oso baliagarria da gaixotasunaren segimendu epidemiologikoa egiteko”, Osasun Departamentukoek esan dutenaren arabera.

Herritarrak hala nahi badu, farmazialariak proba gainbegiratuko du

Hitzarmenean jasotakoa kontuan hartuta, pertsona bat mota horretako testa erosteko kanpainara atxikitako farmazia batera joaten denean, farmazialariak proba farmazian bertan egitea proposatuko dio. Pertsonak onartzen badu, farmazialariak arreta farmazeutikorako gunera edo behar adinako intimitatea duen beste gune batera lagunduko dio, eta proba egiteko prozesu osoan zehar gainbegiratuko du.

Edonola ere, pertsonak onartzen badu farmazia osasun-sistemarekin harremanetan jartzeko bidea izatea, autotestaren emaitzen trazabilitateari begira, beharrezkoa izango da hori berrestea, baimen informatua sinatuz.

Behin proba eginda, farmazialariak autotestaren emaitza erregistratuko du. Emaitza positiboa izango balitz, erregistratzeaz gain, Nafarroako Osasun Publikoaren Institutuaren posta elektronikora idatzita jakinaraziko du. Informazioa jaso ondoren, Osasun Publikoak ahalik eta modu egokienean kudeatuko du (miaketa, pazientearekin kontaktua, e.a.), COVID-19rako proba diagnostikoak egiten dituzten laborategi pribatuetatik jasotako datuekin egiten duen bezalaxe. Gainera, pertsonari adieraziko dio osasun-zentroarekin berehala harremanetan jartzeko.

Pertsonak proba etxean egitea erabakitzen badu, farmazialariak berarekin harremanetan egoteko aukera eskainiko dio, autotesta egiteko laguntza eskaintzeko eta informazioaren trazabilitaterako esteka izateko, bi alderdi horiek garrantzitsuak direla azpimarratuz.

Kasu horietan, farmazialariak material espezifikoa emango du testarekin batera, eta bertan jasotako argibideak jarraitzearen eta probaren emaitzaren informazioa jakinaraztearen garrantzia azpimarratuko dio. Bestalde, farmazialariak bere burua eskainiko du osasun-sistemarekin komunikatzeko kanal gisa. Pertsonak farmazialariari emaitza positiboa izan dela jakinarazten badio, farmazialariak modu berean jokatuko du, datua erregistratuta eta emaitza Nafarroako Osasun Publikoaren Institutuari (NOPLOI) jakinarazita.

Nola egiten dira autotestak

Oro har, autotest gehienak sudurretik makilatxo batekin lagina hartuta egiten dira; ondoren, makilatxoa soluzio batean sartu behar da. Gero, soluzio hori kasetean isurtzen da, eta minutu batzuen ondoren emaitza lortzen da.

Nolanahi ere, oso garrantzitsua da erositako testaren argibideak erabiltzaileak ondo irakurtzea eta farmazialariaren jarraibideak betetzea. Emaitza positiboa bada, berehala isolatu eta osasun-zentroarekin harremanetan jarri beharko du.