2021ko ekainaren 28a

Nafarroako Gobernuak LGTBI+ pertsonen giza eskubideekiko konpromisoa berretsi du

Chivite Lehendakariak  adierazpen instituzionala irakurri du LGTBI+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna ospatzeko ekitaldian
Deskargatu irudia Irudi galeria

Maria Chivite Nafarroako Lehendakariak Foru Gobernuaren konpromisoa berretsi du, "LGTBI+ pertsonen giza eskubideen legezko aitorpena gauzatzeko politika publikoak bultzatzen jarrai dezagun". Hala adierazi du LGTBI+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna ospatzeko talde horretako hainbat elkarterekin batera,  Nafarroako Parlamentuan egindako ekitaldian.

COVID-19aren mugak direla-eta, hogei bat lagun bildu dira ekitaldian, Foru Gobernuko, talde parlamentarioetako eta LGTBI+ kolektiboko elkarteetako ordezkarien artean. Chivite Lehendakariarekin batera, Nafarroako Parlamentuko lehendakaria, Unai Hualde, Javier Remirez lehendakariordea eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren zuzendari kudeatzailea, Eva Isturiz, izan dira.

Hitzaldian, Chivite Lehendakariak bere egin ditu joan den asteazkenean, hilak 23, onartutako adierazpen instituzionaleko  hitzak, eta gogorarazi du “sexu-aniztasunak, eta sexu eta genero orientazioak eta identitateak diskriminazio eta bazterketa kausa izaten jarraitzen dutela gure gizartean”; horrela, LGTBI+ pertsonen giza eskubideen aldeko politika publikoak bultzatzen jarraitzearen alde egin du.

Chivitek azpimarratu du beharrezkoa dela Nafarroan kolektibo horren “borrokaren memoria historikoa” berreskuratzea, “XX. mendea ondo sartu arte, jazarpena jasan baitzuen, eta gehienbat klandestinitatean bizi behar izan zuen”. “Ezinbestekoa da gertatutako aurrerapenak mantentzea eta gogoratzea edota pertsona eta erakunde askok beren duintasuna defendatzeko egindako sakrifizioak nabarmentzea”, irakurri du.

Nafarroako Lehendakariak, adierazpen instituzionalaren irakurketan, azpimarratu du “sexu eta genero aniztasunaren aitortza oraindik ere funtsezkoa dela gure gizartearen iraunkortasunerako”; halaber, azpimarratu du “berdintasuna, aniztasuna eta sexu-eta genero-identitate eta –aukera guztien ikusgarritasuna, Nafarroako gizartea eredu izan dadin horiek guztiak errespetatzeko”.

Chivite Lehendakariaz gain, Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek ere Foru Ganberak onartutako adierazpen instituzionala irakurri du. Bestalde, Nora Gomezek, Dekumas Elkarteko lehendakariak, eta Aner Ansorenak, Kattalingorriko idazkariak, gaztelaniaz eta euskaraz irakurri dute LGTBI+ taldearen eskubideak defendatzeko lan egiten duten erakundeek sinatutako adierazpena.

Ekitaldian izan dira Parlamentuko Mahaiko eta Bozeramaileen Batzordeko kideak eta Kattalingorri, Kattalingune, Dekumas, Laiak eta Sare elkarteak.