Descárgate la app
Nafarroako Gobernuak bere sare sozialak Erabiltzeko Eskuliburuaren zirriborroa egin eta herritarren parte-hartzearen mende jarri du
2021ko ekainaren 9a
Nafarroako Gobernuak bere sare sozialak Erabiltzeko Eskuliburuaren zirriborroa egin eta herritarren parte-hartzearen mende jarri du
Nafarroako Gobernuak Nafarroako Gobernu Irekiaren atarian argitaratu du bere sare sozialak Erabiltzeko Eskuliburuaren zirriborroa, eta herritarrek ekarpenak egin ahal izango dituzte bihar, osteguna, hilaren 10etik hasi eta uztailaren 31ra bitarte.
Eskuliburua gaur goizean ezagutu du Foru Exekutiboak asteko bileran. Horren helburua da printzipio orokorrak eta jarduteko jarraibide partekatuak ezartzea Nafarroako Gobernua 2009az geroztik ehuntzen joan den profilen sarean nahiz egile mordoari, tartean funtzionarioak edota kontratatutako laguntza teknikoetakoak. Halaber, dokumentu honen bitartez, herritarrek beren eskubideak bermatu ahal izango dituzte Foru Administrazioaren aurrean, harekin komunikatzeko sare sozialak erabiltzen dituztenean.
Lehendakaritza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barneko Departamentuak egindako proposamenaren arabera, “Nafarroako Gobernuaren sare sozialak Administrazioa eta herritarrak baldintza beretan biltzeko topaguneak dira. Nafarroako Gobernuak sare sozialetan egoteko izan behar duen printzipio orokorra zerbitzu publikoa ematea da: sareak herritarrei informazioa emateko tresnak dira, entzuteko eta laguntzeko. Sareak, gainera, Gobernuaren ekintzaren gardentasunaren zerbitzura dauden eta herritarren parte-hartzea sustatzeko erremintak dira”.
Gaur egun, berrogeita hamar profil baino gehiago daude irekita sare ezberdinetan; hau da, Youtube, Instagram, Facebook, Twitter, Linkedin eta Flickr. Sareen direktorioa esteka honetan kontsulta daiteke sareak ezagutu eta horietara sartzeko.
Sare horietan Nafarroako Gobernuaren presentzia modu deszentralizatuan kudeatzen da, Exekutiboaren profil orokorrekin eta haren eskumeneko jarduera-arlo zehatzetara espezifikoki zuzendutako beste batzuekin (osasuna, kultura, gazteria, Foruzaingoa,…). Halaber, egiletza-sistema mistoa du, eta sare batzuetaz langile publikoak arduratzen dira eta beste batzuek kanpoko enpresen laguntza jasotzen dute edo erabat kanporatuta daude.
Legegintzaldiaren hasieran, Nafarroako Gobernuak zeharkako unitate organikoa sortu zuen 2019ko azaroan, Komunikazio eta Herritarrekiko Harremanetarako Zuzendaritza Nagusiaren barruan, sare sozialetan presentzia zuzentzeko (Publizitate Instituzionalaren, Sare Sozialen eta Ikus-entzunezko Hedabideen Atala) eta sare horietan lan egiten duten egileei babesa emateko, jarduerak segurtasun handiagoa izateko eta kalitate-estandar homogeneoak lortzeko. Eskuliburuaren zirriborro hau prestatzea da unitate honen mugarri nagusia, eta Nafarroako Gobernuak onartutako dokumentu gisa ezarri ahal izatea espero du udazken honetan bertan.
Nafarroan, hedabideen audientziari buruzko 2020ko Cíes Azterketaren arabera, 14 urtetik gorako 502.000 pertsonak dute Interneterako sarbidea (biztanleria horren %90). Sareen erabilerari dagokionean, nafarren erabilera hauek nabarmentzen dira: Youtube, 189.000 (%37,6); Instagram, 169.000 (%33,6); Facebook, 163.000 (%32.4); Twitter, 82.000 (%16,3); edo Linkedin, 46.000 (%4,1).