Descárgate la app
Gobernuak nekazaritzarako laguntzak handitu ditu muga naturalak dituzten eremuetan
2021ko maiatzaren 12a
Gobernuak nekazaritzarako laguntzak handitu ditu muga naturalak dituzten eremuetan
Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak handitu egin ditu muga naturalak dituzten eremuetako nekazaritza-sektorerako laguntzak. 2020ko kanpainako 5,1etik 2021eko, 2022ko eta 2023ko kanpainetarako 8,1 milioi eurora igaro da laguntza horien zenbatekoa. Helburua da eremu horietan nekazaritza-ekoizpenak dituen zailtasunak babestea, bereziki COVID-19aren pandemiak kaltetua.
Gobernuaren Bilkuraren ondorengo prentsaurrekoan, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilari Itziar Gomezek honela nabarmendu du: “neurriaren xedea da mendi-eremuetako edo mendi-eremuez bestelako muga natural esanguratsuak dituzten nekazaritza-lurren erabilera jarraitua eta iraunkorra ziurtatzea”. Horretarako, “nekazariei kostu gehigarriak eta diru-sarreren galerak konpentsatuko zaizkie, eremu horietan nekazaritzaren ekoizpenak dituen zailtasunengatik eta mugengatik gehi COVID-19tik eratorritakoak”, azpimarratu du.
Laguntza sektoreko profesionalentzat izango da, eta Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroan (NNUE) inskribatuta egon beharko dute Titulu Nagusi gisa; 2.000 bat nekazari izango direla uste da. 3,1 milioi euroko igoera zati berdinetan banatuko da nekazarien eta abeltzainen artean. Zenbateko osoaren %64 mendiko guneetarako izango da eta %36 mugak dituzten eremuetarako.
Muga naturalak dituzten eremutzat hartzen dira goi-mendikoak, mendikoak eta eremu kaltetuetakoak. Nafarroan, lurralde osoaren %85a osatzen dute; hots, 855.000 hektarea.
2021erako NPB laguntzen eskaera bakarraren kanpaina deitzen duen foru aginduan zehazten da laguntza horien aldaketa.
NPB laguntzen eskaera bakarrean sartzen dira honako hauen bidezko zuzeneko ordainketak: laguntza desakoplatuak, nekazariei lotutako laguntzak, abeltzainei lotutako laguntzak eta landa-garapenerako laguntzak, tartean muga naturalak dituzten eremuetara bideratutakoak eta orain aldatu direnak.
Aldaketak, zehatz-mehatz
Muga naturalak dituzten eremuetara bideratutako partida handitu da funtsezko hiru aldaketaren bidez:
Lehenengoak modulazio-mailak eguneratzen ditu, urte askoan aldatu gabe egon baitira, nahiz eta 1994 eta 2020 urte artean ustiategien tamaina %51,14 gehitu. Aldaketak murrizketarik gabeko lehenengo bi tarteak bateratzen ditu, eta hori ona da ustiategi txikiagoentzat, 2 eta 25 hektarea artekoentzat, hain zuzen.
Bigarren aldaketak koefizienteak eguneratzen ditu ustiapen-sistema ezberdinetarako, koefiziente doituagoa aplikatzearren, nekazaritza-ustiategiak abeltzaintza-ustiategiak bezainbeste ez zigortzeko. Hirugarren aldaketa hektareako zenbateko unitarioei buruzkoa da; alegia, 106,55 €-tik 127,68 €-ra igaro dira goi-mendietan, 76,79 eurotik 93,63 eurora mendietan eta 60,09 eurotik 74,08 eurora mugak dituzten eremuetan.
Proposatutako hiru aldaketen eragin ekonomiko globalak, zenbateko guztiak 3.000.000 € handitzeaz gain, ustiategien batez besteko zenbatekoa 1.000 € handitzea dakar; hots, 1.717 €-tik 2.770 €-ra. Era berean, abeltzainen batez besteko zenbatekoa 1.352 € gehituko da (2.670 €-tik 4.021 €-ra) eta nekazariena 865 € (1.094 €-tik 1.959 €-ra).
Laguntza honen onuradunen kopurua, azkenean, ia ez da batere aldatuko, orain gutxieneko azaleraren azpitik dauden eta laguntza handituko zaien ustiategien azalera onargarria handitzen duen koefizienteari oso gutxi eragiten baitio.