2021ko maiatzaren 4a

Nafarroako Gobernuak 384.000 euroko diru-laguntza emanen du babes zibileko boluntariotzarako

Babes zibileko taldeen, suhiltzaile boluntarioen eta jarduera espezifikoak dituzten elkarteen funtzionamendua finantzatzeko laguntzen hiru deialdi argitaratu dira

Nafarroako Gobernuak, Barne Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, larrialdien eta babes zibilaren arloko boluntariotza talde ezberdinei diru-laguntzak emateko hiru deialdi onartu ditu. Guztira, 384.000 euro emango ditu erakunde horien funtzionamenduan laguntzeko.

Zehazki, prozedurak boluntarioen udal-elkarteentzat eta babes zibileko tokiko elkarteentzat nahiz jarduera espezifikoak dituzten boluntarioen elkarteentzat eta suhiltzaile boluntarioen elkarteentzat dira. Hiru kasuetan, eskaerak aurkezteko epea maiatzaren 31n amaituko da.

Aurtengo otsailean Barne Departamentuarekin sinatutako Lankidetzako Esparru Hitzarmenari heldutako Udalek (Agoitz, Bera, Goizueta, Izaba, Leitza, Lesaka eta Luzaide) diru-laguntza eska dezakete suhiltzaile boluntarioen elkarteen funtzionamenduan eta inbertsioetan laguntzeko, dagoeneko NAOn argitaratutako deialdian  ezartzen denaren arabera. Exekutiboak 203.000 euro bideratuko ditu erakunde horiei laguntzeko: 181.000 elkarteen gastu arruntak artatzeko (aseguruak, ekipamendua, erregaiak, konponketak, materiala, e.a.) eta gainerakoa inbertsioetarako (obrak, material inbentariagarria, ibilgailuak, e.a.). Sinaturiko hitzarmena kontuan hartuta, aipatu zazpi herrietako elkarteak larrialdietarako sistema publikoan sartzen dira, Babes Zibilak koordinatutako arreta emateko mobilizatzeko prest izanik.

Diru-laguntzen beste prozedura bat Cintruenigo, Milagro eta Tuterako Babes Zibileko boluntarioen udal-elkarteei eta Sartagudako Babes Zibileko boluntarioen tokiko elkarteari zuzentzen zaie, aurretik hitzarmen bana sinatu baitzuten Nafarroako Gobernuarekin Nafarroako Babes Zibilaren Sistemara atxikitzeko.

Deialdian 111.000 euroko diru-laguntza bideratuko da: 85.000 euro elkarteen gastu arruntei aurre egiteko eta 26.000 euro inbertsioetarako.

Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuko izapideen katalogoko fitxarako esteka honen bitartez; bertan, araudia eta prozedurari buruzko informazio osoa aurkitu daiteke.

Era berean, Barne Zuzendaritza Nagusiak  diru-laguntzen deialdia onartu du babes zibilaren arloan jarduera espezifikoak dituzten eta kualifikatuta dauden boluntarioen elkarteentzat, Nafarroako Gobernuarekin aurrez sinatutako hitzarmenetan jasotakoari erreparatuta. Erreskate kualifikatuetan eta arreta psikologikoan espezializatuta daude elkarteak: erreskatea txakurrekin edo haitzuloetako eta natura-inguruneko edo mendiko espezialistekin, eta babesa eta laguntza psikologikoa biktimei, senitartekoei, esku-hartzaileei edo hondamendietan edo larrialdietan kaltetutako beste pertsona batzuei.

Kasu horretan, Exekutiboak 70.000 euro bideratuko ditu: 55.000 euro gastu arruntak finantzatzeko eta 15.000 euro inbertsioetarako. Eskaerak maiatzaren 31rako aurkeztu behar dira Nafarroako Gobernuaren katalogoko izapide-fitxa honen bitartez.