Descárgate la app
Nafarroako Gobernuak zazpi udalekin babes zibilari eta larrialdiei aurre egiteko laguntza indartu du
2021ko otsailaren 10a
Nafarroako Gobernuak zazpi udalekin babes zibilari eta larrialdiei aurre egiteko laguntza indartu du
Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Foru Komunitateko zazpi udalek, tokiko suhiltzaile boluntarioen elkarteekin, lankidetza hitzarmena berritu dute babes zibilaren eta larrialdien arretaren arloan, batez ere suteen prebentzio eta itzalketaren eta salbamenduaren arloan.
Sinadura Nafarroako Jauregian egin da. Foru Gobernuaren aldetik, Amparo López Barne zuzendari nagusia, José Javier Boulandier Babes Zibil eta Larrialdietako Zerbitzuko zuzendaria eta Francisco Javier Baldanta Suhiltzaile Zerbitzuko zuzendaria izan dira.
Udalen aldetik honako hauek etorri dira: Berako alkatea, Aitor Elexpuru; Izabako alkateordea, Carlos Anaut; Lesakako alkatea, Ladis Satrústegui; Leitzako alkatea, Mikel Zabaleta, Agoitzko alkatea, Ángel Martín; Goizuetako alkatea, Unai Miranda; eta Luzaideko alkatea, Nicolás Camino.
Hitzarmenaren arabera, Nafarroako Gobernuak 203.000 euroko laguntza ekonomikoa emango die udal horietako suhiltzaile boluntarioei, eta laguntza teknikoa eta prestakuntza espezifikoa emango die.
Era berean, hitzarmenaren helburuen artean dago pertsonen eta ondasunen babes- eta segurtasun-mailak handitzea; era guztietako larrialdiak prebenitzeko ekintzak sustatzea, aurreikus daitezkeen arriskuetarako gailuetan parte hartzea, baita suteak itzaltzeko eta hainbat gertakaritan salbatzeko ekintzak eta larrialdi-egoerak arintzeko babes zibileko beste jarduketa batzuk ere.
Barne hartzen ditu, halaber, larrialdi egoeretan behar bezala esku hartzeko beharrezkoak diren jarduketak adostea, Babes Zibilari eta Nafarroako Larrialdietako Laguntzari buruzko Foru Legearekin eta Nafarroako Larrialdietako Plan Orokorrarekin bat.
Udalerriek babes zibilean duten eskumena
Udalak dira herritarrengandik hurbilen dagoen Administrazio gisa larrialdiko egoera bati aurre egiteko oinarria eta lehen instantzia. Nafarroako Babes Zibilari eta Larrialdiei Aurregiteko Zerbitzuari buruzko Foru Legeak babes zibilerako eskumena aitortzen die udalerriei, baita udalerrian boluntarioek babes zibilerako ekimenak bideratu eta antolatzeko ardura ere. Horrenbestez, sinatu zuten udalek suhiltzaile boluntarioen tokiko elkarteak sortu zituzten.