2021ko apirilaren 20a

Altsasuko Udala Nasuvinsaren alokairuen poltsara gehitu da, hutsik dauden etxebizitzen lagapena sustatzeko

José Maria Aierdi lehendakariordeak eta Javier Ollo alkateak akordioa sinatu dute gaur, etxebizitza eskuratzen laguntzeko
Jose Mari Aierdi lehendakariordea eta kontseilaria eta Javier Ollo, 
Altsasuko alkatea, sinaduraren unean. 
Jose Mari Aierdi lehendakariordea eta kontseilaria eta Javier Ollo, Altsasuko alkatea, sinaduraren unean.   Deskargatu irudia Irudi galeria

Nafarroako Gobernuak hitzarmen bat sinatu du Altsasuko Udalarekin, udalerri hori Nasuvinsaren alokairuen-poltsaren programan sartzeko, etxebizitza hutsen lagapena sustatzeko eta herri horretan alokairuko etxebizitzen eskaerari erantzuteko.

José María Aierdi Lurralde Antolamendu, Etxebizitza, Paisaia eta Proiektu Estrategikoetako bigarren lehendakariorde eta kontseilariak eta Javier Ollo herriko alkateak sinatu dute lankidetza-hitzarmena, gaur goizean Altsasuko Udaletxean egin den ekitaldi batean.

Sinatutako testuak jasotzen duen bezala, Altsasuko Udalak laguntza eskainiko du erabiltzen ez diren etxebizitzen errentamendua bizilagunen artean zabaldu eta bultzatzeko, haien mobilizazioak alokairuko etxebizitzen eskariari erantzuten laguntzeko. Bestalde, Nafarroako Gobernuak aholkuak eta prestakuntza emanen dizkie udal langileei, erabili gabeko higiezinak detektatzeko eta zerbitzu hori emateko.

Bermeak eta abantailak

Nasuvinsak kudeatzen duen alokairu-poltsak —gaur egun 781 etxebizitza ditu, %18 Iruñerritik kanpo— berme batzuk eskaintzen dizkie alokairu-poltsa horretara etxebizitza hutsak ekartzen dituzten bizilagunei. Horien artean, nabarmentzekoak dira errenta-kobrantza puntuala eta aseguratua lehen errentaria sartzen denetik, egoera onean dagoen etxebizitza itzultzea (etxebizitzaren ohiko erabilerak eragindako ohiko higadura izan ezik) eta etxebizitzan gerta daitezkeen ezbeharrak estaltzen dituen arrisku anitzeko asegurua kontratatzea (edukitzailea).

Gainera, azken hiru urteotan programa hau suspertzeko eta gaur egun indarrean dagoen programa bultzatzeko sartu diren berrikuntza nagusien artean, honako hauek azpimarra daitezke: 1.500 euroko diru-laguntza aurreratua eta itzuli beharrik gabekoa ematea, edo hiru hilekoren baliokidea, lortutako etekinen zerga-arinketak, etxebizitzen jabeek jasotako errentaren gehikuntza (baita Nasuvinsak hilean 50 euro arte ordaintzen dituen komunitate-gastuak ere), etxe-aseguru bat kontratatzea, bizigarritasuna hobetzeko kudeaketa sinplifikatzea (eraginkortasun energetikoa eta konponketak), etxebizitza alokairura egokitzeko birgaitze-gastuak interesik gabe finantzatzea 12.000 eurora arte, edo energia-eraginkortasunaren ziurtagiria luzatzea sozietate publiko horren kontura, besteak beste.

Gainera, Nafarroako Gobernuak diru laguntza ematen die familia maizterrei, beren dirusarreren eta familia unitatearen arabera, ordaindu beharreko errentaren %20, 50, 75 edo 90, familia horiek errentamendu eskuragarriak izan ditzaten beren ahalmen ekonomikoaren arabera.

Etxebizitza hutsak eskuratzeko, Altsasuko Udalak egungo errentamenduan dagoen etxebizitza-eskaera kuantifikatuko du eta etxebizitza babestuen eskatzaileen erroldan inskribatzea bideratuko du, udalerriko beharrei buruzko ahalik eta informazio zehatzena izateko.

Gehitu diren herriak

Nafarroako Gobernuak Foru Komunitateko lurralde osora zabaldu zuen alokairu poltsaren programa 2016. urtean, ordura arte Iruñerria eskualdeko eta Tuterako udalerrietan baino ez baitzuen jarduten. Azken bost urteotan, Nafarroako hainbat eskualdetako hogei udal baino gehiago atxiki zaizkio poltsari, Foru Gobernuari etxebizitza hutsak mobilizatzeko politikan laguntzeko, alokairu babestuaren eskaintza zabaltzeko eta, era berean, jabeei segurtasuna eta bermeak eskaintzeko.

Altsasurekin batera hitzarmen hau dute Lesaka, Zarrakaztelu, Viana, Tafalla, Leitza, Lekunberri, Burgi, Oibar, Bera, Berriozar, Burlata, Antsoain, Tutera, Barañain, Zangoza, Agoitz eta Lizarrak.