2021ko apirilaren 19a

Nafarroak alarma-egoeraren amaiera bitarte luzatuko ditu edukiera, mugikortasuna eta bileren gaineko murrizketak COVID-19aren pandemiari eusteko

Ostiral honetan, bestalde, amaituko da Milagron ezarritako itxiera perimetrala, baina Arguedasen apirilaren 26ra, astelehenera, arte iraungo du (egun hori barne)

Nafarroako Gobernuak, egoera epidemiologiko eta sanitarioa kontuan hartuta, maiatzaren 9ra arte, alarma-egoeraren amaierara arte, luzatzea erabaki du COVID-19aren pandemiari eusteko indarrean diren murrizketak. Modu horretan, mugikortasuna (gauekoa eta perimetrala) nahiz eremu publiko eta pribatuko bilerak arautzeko Lehendakariak emandako foru-dekretua aste honetan bertan berrituko da egun horretara arte; baita, Osasun kontseilariaren foru-agindua ere, ostalaritzako barrualdeen erabilera eta edukierak mugatzen dituena, besteak beste. Era horretan, indarraldia Lehendakariaren dekretuarekin eta Estatuko araudiarekin egokituko da.

Indarrean diren neurriak dagokien monitorizazioaren mende egongo dira beti.

Nahiz eta egia izan azken astean Nafarroan koronabirusaren kasu positibo berriak %21 jaitsi direla, azken 14 egunetan pilatutako intzidentzia 408 kasukoa da 100.000 biztanleko. Horrek agerian uzten du Foru Komunitatea arrisku oso handiko egoeran aurkitzen dela, kalifikazio hori 250 kasutik gorako intzidentziarekin lortzen baita. Modu berean, azken 7 egunetan metatutako intzidentziari dagokionez, Nafarroan 179 kasu izan dira 100.000 biztanleko; beraz, arrisku oso handi hori markatzen duen 125 kasutik gora.

Gainera, ospitaletako presioak oso altua izaten jarraitzen du, atzo, adibidez, 210 pertsona ospitaleratu baitziren, horietako 42 ZIUn. Ondorioz, intzidentziak nahiz ospitaletako presioak neurriak mantentzea gomendatzen dute, birusari eusteko eta inpaktu asistentziala ahalik eta gehien gutxitzeko.  

Modu horretan, ostalaritzako barrualdeak itxita jarraituko du, eta ezingo da jarduerarik egin bingoak, joko-aretoak eta jolas-aretoak bezalako establezimenduen barruko zonetan; azalera ertain eta handietako edukiera komertzialak %30ekoa izaten jarraituko du (ezingo da horietan zona komunetan egon edota aisiarako zonak erabili) eta saltoki txikietan %50ekoa; era berean, ezingo dira familia-ospakizunak, ospakizun sozialak, lagun artekoak edo aisialdikoak egin, janari eta/edo edari kontsumoarekin, ekitaldietarako funtzio anitzeko espazioen barrualdean.

Horrez gain, indarrean jarraituko du gaueko mugikortasunaren murrizketak; hots, ezingo da gauean mugitu 23:00etatik 6:00etara bitartean; komunitateak itxita jarraituko du perimetralki, eta ezingo dira bilerak egin eremu publiko zein pribatuan. 6 pertsona bildu ahal izango dira espazio publiko irekietan eta 4 espazio publiko itxietan, bizikidetza-unitate bereko pertsonak direnean izan ezik. Eremu pribatuan, bilerak bizikidetza-unitatera mugatzen dira.

Milagroko itxiera perimetralaren amaiera eta Arguedaskoaren jarraipena

Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak datorren ostiralean, apirilak 23, amaiera emango dio Milagrora sartzeko eta handik ateratzeko pertsonen mugikortasuna murrizten duen mugari. Konfinamendu perimetrala pasa den martxoaren 26an ezarri zen herriko egoera epidemiologikoa kontuan hartuta. 3.400 biztanle baino gehixeago dituen udalerrian, azken 14 egunetan metatutako intzidentzia 100.000 biztanleko 1.873 kasukoa garai hartan izatetik 673koa izatera igaro da; azken 7 egunetan, berriz, 100.000 biztanleko 1.610 kasutatik 204 kasutara jaitsi da. Halaber, Osasun Departamentuak baheketa egin zien martxoaren 23an 44 eta 64 urte arteko biztanleei.

Bestalde, Arguedasen pasa den apirilaren 6an ezarritako itxiera perimetralak bere horretan jarraituko du datorren astelehenera, apirilaren 26ra, bitarte (egun hori barne), COVID-19ari eustearren. 2.300 bat biztanleko udalerriak 1.012 kasuko intzidentzia metatua izan du 100.000 biztanleko azken 14 egunetan, eta 7 egunetan 440 kasu daude 100.000 biztanleko. Apirileko lehen astean baheketa egin zitzaien herrian 15 eta 29 urte arteko eta 45 eta 64 urte arteko biztanleei.

Neurri guztiak eguneratuta daude gazteleraz zein euskaraz, Nafarroako koronabirusaren web orrialdean.