2021ko apirilaren 8a

Landa Garapenak Nafarroako 5.000 esne kutxa emango dizkio Zaporeak elkarteari Greziako Lesbos irlan dauden errefuxiatuentzako

Bilketa kanpaina baten parte da, eta herritarrek parte hartu ahal izango dute larunbatean, hilak 10
Ezkerretik eskuinera: Javier Ruiz Redín, Itziar Gómez eta Fermín Artola
Ezkerretik eskuinera: Javier Ruiz Redín, Itziar Gómez eta Fermín Artola  Deskargatu irudia Irudi galeria

Landa Garapenak Nafarroako 5.000 esne kaxa emango dizkio Zaporeak irabazi asmorik gabeko elkarteari, Lesbos uharteko Kara Tepe errefuxiatuen esparruan bizi diren pertsona migratzaileentzat. Ekimen hori elikagai hori biltzeko kanpaina baten parte da, eta herritarrek parte hartu ahal izango dute larunbatean, hilak 10.

Esnea Lacturale markakoa da, Reyno Gourmeti atxikia, eta INTIA sozietate publikoaren bidez banatuko da. Behi-esnea da, ontziratua eta iraungipen luzekoa, helmugara iritsi arte egoera onean mantendu ahal izateko.

Kanpainaren aurkezpenean, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria den Itziar Gomezek honela nabarmendu du: “ekoizpen integratuko esnea da, kalitate-zigilua, eta horren bitartez tokikotik mundu globalera laguntzeak eta egungo gatazkak eta bidegabekeriak arintzeak duen garrantzia azpimarratu nahi dugu”. “Gainera, Nafarroako esnea da –nabarmendu du kontseilariak-, eta gure abeltzainak eta gure lurraldea ordezkatzen ditu”.

Gomezek, halaber, honako hau gehitu du: “jakin badakigu bilketa honekin ez dela aldatuko une honetan esparruan bizi diren 7.200 pertsonaren egoera zaila, baina espero dugu kanpaina honek balio izatea errefuxiatuek jasaten duten mantenugaien eskasia eta falta arintzeko nahiz giza begirada solidarioa eskatzen duen arazoaz ohartarazteko eta horretan arreta jartzeko”.

Ekimenaren aurkezpenean, kontseilariarekin batera izan dira Fermin Artola, bilketa-kanpainaren arduraduna; eta Javier Ruiz Redín, Zaporeak elkartearen Nafarroako arduraduna. Biek kanpainaren xehetasunen eta irlan burutzen duten lan humanitarioaren berri eman dute.

Biltzeko hogei bat puntu

Aurrean adierazi bezala, edozein markakoak izan daitezkeen eta iraungipen-data luzea behar duten esne kaxak larunbat honetan, apirilak 10, bilduko dira, 10:00etatik 20:00etara bitartean, Iruñean zein Nafarroako geografiako beste herri batzuetan egongo diren hogei bat puntutan.

Zehazki, hiriburuan, BMren hiru supermerkatuetan bilduko da: San Juanen (Olibaren Monasterioa kalea, 9), Iturraman (Iñigo Arista kalea, 15 bis) eta II. Zabalgunean (Tafalla kalea, 13-15). Horrez gain, Zaporeakek Errotxapean duen etxabera ere eraman ahal izango dira (Bernardino Tirapu zeharbidea, 4).

Herrietako gainerako bilketa-puntuak hauek izango dira: Altsasun, BM supermerkatuan (Iruña etorbidea, 18) eta Eroskiren bi supermerkatutan (Intxaurrondo kalea, 3 eta La Paz kalea, 47); Antsoainen, BM supermerkatuan (Tomás de Burgui Aita zeharb, 2); Bakaikun, Udaletxean; Barasoainen, “La despensa del valle” okindegian (Correo kalea, z/g); Tafallan, BM supermerkatuan (Abaco kalea, 52), Eroski supermerkatuan (Iruña etorbidea, z/g) eta Merkatuan; eta Uharten, “El Arte” fruta eta barazkien bi lokaletan (Perez Goyena kalea, 7 eta Portal kalea, 1).

Era berean, bilketa-puntuak egongo dira honako herri hauetan: Andosilla, Arbizu, Azagra, Lizarra, Etxauri, Mendabia, San Adrian, Sartaguda eta Ziordia.

Esnea eta fruta astero banatzea

Kanpamenduan bizi diren 7.200 pertsonaren osasun-baldintza gogorrak eta haien elikadura-eskasia kontuan hartuta, Zaporeakek esnea eta fruta astero banatu nahi ditu gutxienez datozen hiru hilabeteetan, prestatutako janaria banatzeaz gain.

Hori dela-eta, elkarteko arduradunek herritarren lankidetza eskatu dute: “badakigu asmo handiko erronka dela, baliabide ekonomiko eta elikagai ugari behar direlako, baina ahalegindu egin nahi dugu, Greziako irletan errefuxiatuta dauden pertsonen egoera gero eta kritikoagoa baita”, azpimarratu dute.

Zaporeak, 9 urte Lesbosen

Zaporeak irabazi asmorik gabeko elkartea da, duela 9 urte sortutakoa elkartasuna eta gastronomia konbinatzen dituzten ekimenak garatzeko helburuarekin; modu horretan, janari duina eskaintzen die Europara iristen diren errefuxiatuei. Gaur egun, Zaporeakek sukalde-proiektuarekin jarraitzen du Greziako Lesbos irlan, eta Kara Tepeko errefuxiatuen esparruan bizi diren pertsonentzat janaria prestatu eta banatu egiten die.

Moriako lehengo esparrua erre ondoren, errefuxiatuen egoera okerragotu egin da azken sei hilabete hauetan, eta, pandemiarekin, elikadura-prekarietatea are larriago bilakatu da.

Ondorioz, prestatutako janaria banatzearekin batera, Zaporeakek “lehorreko banaketa” deiturikoa jarri du abian, elikagaien eskasia eta falta konpentsatzearren. Orain arte, lau poltsa banatu dituzte (abenduan, urtarrilean, otsailean eta martxoan) askotariko elikadurarekin, Kara Tepeko biztanle guztientzat.