Descárgate la app
Ezpel-sitsari aurre egingo dioten txori intsektujaleentzako eta saguzarrentzako habia-kaxak jarri dira
2021ko martxoaren 29a
Ezpel-sitsari aurre egingo dioten txori intsektujaleentzako eta saguzarrentzako habia-kaxak jarri dira
Habi-kaxak, ezpel-sitsaren harrapariak gordetzeko. Deskargatu irudia
Irudi galeriaLanda Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak ezpel-sitsaren aurkako borroka biologikorako planarekin jarraitzen du, eta azken asteetan hegazti intsektujaleentzako 106 habia-kaxa eta saguzarrentzako 82 kutxa jarri ditu, lepidoptero horrek bereziki kaltetutako eremuetan, Nafarroan espezie inbaditzaile horren populazioak murrizteko harrapari naturalak hedatzen laguntzeko helburuarekin.
Ekimena Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiaren Baso Zerbitzuak eta Zerbitzu Zinegetikoak garatu du, eta, horrela, habia-kaxak banatu dituzte Esteribar, Eguesibar, Urrotz eta Izagaondoa udal-mugarteetako zona ezberdinetan. Herri horietako bakoitza hautatu da arazo horrek maila ezberdinean kaltetutako ezpeldiak egoteagatik.
Ezpel-sitsa (Cydalima perspectalis) asiar jatorriko lepidopteroa da, Europan espezie inbaditzaile moduan katalogatua. Nafarroan erabat zabaltzen ari da. Ezpelaren hostoak eta azala jaten ditu (Buxus sempervirens), zuhaixka hiltzeraino eraman dezakeen irrika handiarekin.
Intsektu inbaditzaile honek hedatzeko eta ugaltzeko duen gaitasun altuari (ekaina eta urria artean, tximeleta-fasean elkarren segidako errunaldiak izanez), sits-hodeiek eragindako eragozpenak gehitu behar zaizkio; izan ere, Foru Komunitateko ezpeldientzat suntsitzaileetariko bat izatera iritsi da.
Hegazti intsektujaleak bultzatzea
Zona estrategikoetan habia-kaxak jartzearen helburua da hegazti intsektujaleen espezie ezberdinak bultzatzea. Hiru motakoak jarri dira: batzuk 32 mm-ko sarrera-zuloa dute hegaztientzat, tartean, kaskabeltz handia, gerri-txori arrunta edo garrapoa; eta beste batzuk 27 mm-ko sarrera-zuloa espezie txikiagoentzat, hots, amilotx urdina, amilotx mottoduna edo pinu-kaskabeltza. Horiek guztiak ezpel masen ondoan kokatu dira, eta kasu askotan prozesionariak kaltetutako pinuetan, hegaztiei aterpea eta babesa eman ahal izateko moduko tamainako zuhaitzak hautatuta beti.
Saguzarrentzat jarritakoak ere hiru motakoak dira, baina tamaina eta ezaugarri ezberdinekoak. Horiek guztiak koloniak hartzeko diseinatu dira, bai udarako, bai hibernaziorako. Saguzarrak Europako, estatuko eta eskualdeko legediak babesten dituzte, eta ugaztun txiki horiek bultzatzea bereziki garrantzitsua da basoetako nahiz nekazaritzako izurriak kontrolatzeko duten garrantziarengatik.
Kaxa bakoitza kodetu eta geoerreferentziatu egin da; modu horretan, errazagoa izango da okupazioari eta erabilerari buruzko segimendua egitea, eta hurbileko ezpel-masen bilakaeraren inguruko datuekin erlazionatu ahal izango da.
Horien instalazioa Cydalimaren hedapenaren aurkako neurri-multzo zabalagoaren barruan sartzen da; izan ere, berez ez da horiek kontrolatzeko behin betiko irtenbidea. Hala ere, estrategia horrek beste onura batzuk eskaintzen ditu ingurumen-arloan, biodibertsitatea eta oreka naturala erraztuaz. Kaxak, azkenean, egurrezkoak dira, material berriztagarrienarekin egindakoak.
Etengabeko borroka biologikoa
Ezpel-sitsa ezpel-ale eta ezpel-heskaien defoliatzaile jalea da, lorategietan nahiz mendian.
Hori kontrolatzeko, espezialisten ustez, arazoa ezin da tratamendu masiboen bitartez konpondu, dibertsitate biologikoa galtzearekin lotutako beste arazo batzuk areagotuko bailirateke. Estrategiarik egokiena borroka biologikoa da, ekosistemaren erresilientzia gehitzeko eta bere burua defendatu ahal izateko neurriekin.
Departamentuak burutzen duen borroka biologikoko planaren esparruan, Cydalima perspectalis kontrolatzeko neurriak hauek dira, habia-kaxa berriak jartzeaz gain:
Entsegu esperimentala partzelekin bost kokapen ezberdinetan, Tricholine buxus produktua erabilita. Borroka biologikoko esperientzia horretaz Baso eta Ehiza Zerbitzua, GAN-NIK enpresa publikoa eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Bioteknologia Laborategiko irakasle-taldea arduratzen dira. Horren helburua da ezpeldietan ezpel-sitsaren populazioak arintzeko gaitasuna ebaluatzea, Cydalimaren errunaldien parasitoide autoktonoa sartuta, populazio horiek kontserbatu nahi diren ezpeldi estrategikoetan ezarri ahal izateko asmoarekin.
Kalteen segimendua eta aldizkako ebaluazioa Ingurumeneko Basozainak hautatutako ezpeldi batzuetan (>200). Izurriaren progresioa zehazteko oinarrizko informazioa da, frontea bertan baitago, eta, horrela, portaera hobeto ezagutu daiteke.
Ugalketarako materiala biltzea (ezpel-haziak), 2020an zehar, Nafarroako Baso Hazien Bankuan biltegiratua, Miluzeko instalazioetan. Jarduera horri esker, espeziearen jarraipena ziurtatuko litzateke eta biodibertsitatea kontserbatu, Pirinioetako ezpeldietan izurriak bilakaera oso negatiboa izanez gero; horrekin batera, herritarren ekimenak babestu ahal izango lirateke, tartean “EzpelZaintza”, edo Abaurregainako bizilagunek haziak jasotzeko abian jarritako ekimena.
Gainera, beste neurri batzuk aztertzen ari dira; esate baterako, Cydalima perspectalis monitorizatzea argi-tranpen eta/edo feromona-tranpen bidez, tranpa-sarea sortuz puntu finkoetan, haien hegaldi-kurbak hobeto ezagutzeko eta harrapaketa-metodo eraginkorrak diren ebaluatzeko helburuarekin edo beste espezie batzuei egiten dien kaltea aztertzeko ere.