Descárgate la app
Nafarroako Gobernuak 12.499 euroko diru-laguntza emanen dio Tuterako Udalari hiriko garraio publikoaren gizarte tarifa finantzatzeko
2021ko otsailaren 17a
Nafarroako Gobernuak 12.499 euroko diru-laguntza emanen dio Tuterako Udalari hiriko garraio publikoaren gizarte tarifa finantzatzeko
Nafarroako Gobernuak, gaurko bilkuran, akordio bidez baimena eman dio Garraioko Zuzendari Nagusiari Tuterako Udalari 12.499,28 euroko diru-laguntza emateko hiri horretako bizilagunei garraio publikoko zerbitzurako sarbidea bermatzeko, ahalmen ekonomikoa edozein dela ere.
Diru-laguntzaren bidez, Garraio Zuzendaritza Nagusiak tarifa arruntaren eta tarifa sozialen arteko diferentzia ekonomikoa finantzatuko du irailaren 30a arte. Horrela, Nafarroako Gobernuaren mugikortasun iraunkorreko estrategiaren barruan sartzen den bidaiarien garraio publikorako sarbidea bermatu nahi da.
Tarifak eta erabilera
Foru Gobernuak Erriberako Udalarekin urteko hitzarmen bat sinatu du 2009az geroztik, tarifa murriztuen bidez bidaiarien erabilera orokorreko hiriko garraio publiko erregularraren erabilera sustatzeko. Hitzarmenaren indarraldiko azken urtean, diruz lagundutako tarifen erabiltzaileak 95.356 ziren 2019an, eta 44.948 2020an, hau da, %52,86 jaitsi dira.
COVID-19 krisiak erabiltzaile-kopuruaren %16,68ko beherakada eragin zuen 2020ko lehen hiruhilekoan, eta etxeko konfinamenduarekin batera %89,25eko beherakada izan zuen 2020ko bigarrengoan, %50,30ekoa hirugarren hiruhilekoan, murriztapenak pixkanaka altxatu zirelako.
2012an, Udalak, Nafarroako Gobernuarekin batera, gaur egun indarrean dauden tarifak adostu zituen: txartel arrunta, 1 €; bonobusa, 0,32 €; A motako tarifa soziala (65 urtetik goitikoak eta diru-sarrera mugatuak dituztenak), 0,10 €; B motakoa (65 urtetik gorakoak eta ezinduak eta langabeak), 0,12 €; c motakoa (familia ugariak), 0,18 € eta doakotasuna garrio aldaketetan.