Descárgate la app
Minbiziaren aurkako Nazioarteko egunaren karietara, Nafarroako Gobernuak adierazpen instituzionala onartu du
2021ko otsailaren 3a
Minbiziaren aurkako Nazioarteko egunaren karietara, Nafarroako Gobernuak adierazpen instituzionala onartu du
Nafarroako Gobernuak, otsailaren 4an Minbiziaren aurkako Munduko Eguna dela-eta, adierazpen instituzionala onartu du, gaixotasun hori duten pertsona guztiekiko elkartasuna adierazteko, haien beharrei erantzuten laguntzeko konpromisoa agertzeko eta haien bizitzetan pandemiaren eragina arintzeko eta ikerketa bultzatzeko politika eta esku-hartze publikoak garatzearen aldeko apustua egiteko.
Bestalde, Osasun Departamentua pandemiaren unerik gogorrenetan ezinbesteko eta atzeraezinak diren patologien artapena babesten ahalegindu zen martxoan egindako Kontingentzia Planaren bitartez, eta orain laguntza eta prebentziozko jarduera ahalik eta gehien berreskuratzeko prozesuan murgilduta dago, horren erritmoa eta intentsitatea ez baitira COVID-19aren inpaktutik urrun egon.
Hona hemen asteazken honetan onartutako adierazpen instituzional osoa:
“Minbizia mundu-mailako arazo soziosanitario nagusia da eta heriotzaren bigarren arrazoia. 2030. urteari begira, kasu berriak %30etik gora gehitzea aurreikusten da. Urtero, ia 280.000 pertsonari minbizia diagnostikatzen zaie gure herrialdean, eta 112.000 baino gehiago hil egiten dira (egunean batez beste 307 pertsona). Nafarroan, urtean 4.850 kasu berri diagnostikatzen dira, eta 1.550 hiltzen dira (egunero 4 eta 5 pertsona artean).
COVID-19aren pandemiak eragindako krisiak larriagotu egin du minbizia duten pertsonen eta haien familien ahultasun sozial eta sanitarioaren egoera, kolektiboa bi aldiz kaltebera izanik; hots, minbiziarengatik eta COVID-19arengatik.
Minbizia duten pertsonak eta haien familiak krisi honen inpaktu ezberdinak eta latzak jasaten ari dira arlo sanitarioan, emozionalean eta sozialean.
Nafarroako Gobernuak, Minbiziaren aurkako Munduko Eguna dela-eta, gaixotasun hori duten pertsona guztiekiko elkartasuna adierazi du, eta haien beharrei erantzuten laguntzeko eta haien bizitzetan pandemiaren eragina arintzeko konpromisoa agertu du.
Ildo horretan, Nafarroako Gobernuak:
Gaixotasunaren eragile gisa ezagutzen diren ingurumen-, nutrizio-, genetika-, lan-, jokabide- edo bestelako arrisku-faktoreen aurrean politika eta esku-hartze publikoak garatzeko konpromisoa adierazten du.
Haien egoera bereziki zaurgarria arintzeko eta minbizia duten pertsonen eta haien familien eskubideak bermatzeko dagozkion ekintzak burutzea defendatzen du.
Minbiziaren ikerketa babestuko du, gaixotasun horren aurka borrokatzeko ezinbesteko tresna bezala.
Minbizia duten pertsonei laguntzen ari diren elkarte eta erakunde guztiei bere aitorpena helarazten die, haien konpromiso eta etengabeko lanarengatik”.
Laguntza mantentzea eta baheketak pixkanaka berreskuratzea
Nafarroako Ospitale Guneko (NOG) nahiz Sofia Erregina Ospitaleko (SEO) Onkologia Medikoko Zerbitzuek laguntza-eskaera osorik eta segurtasunez artatu ahal izan dute azken urtean, zirkuituak, protokoloak eta lan egiteko moduak egokituta. Ildo horretan, eta paziente eta langileen fluxua handia izan arren, ez da kutsatze-fokurik izan zerbitzu horietan.
Prebentzioari dagokionean, estrategiaren funtsezko zutabea izanik, ekainetik aurrera berriro abian jarri zen Bularreko Minbizia Goiz Detektatzeko Programa, eta emakumeei baheketa-miaketak nahiz tarteko azterketak egiteko gonbidapena egin zitzaien. Ildo berean, Kolon eta Ondesteko Minbizia Goiz Detektatzeko Programaren baheketa-jarduerari ahalik eta lasterren heldu nahi zaio berriro. Era berean, ekainean baita ere, polipoak berrikusteko kolonoskopien gonbidapenak abian jarri ziren, eta, geroztik, normaltasunez egiten ari dira gaur arte.