2021ko urtarrilaren 20a

Nafarroako Gobernuak Navarra TVri 1,3 milioi euroko diru-laguntza ematea onartu du programazio autonomikoa indartzeko

Telebista kateak gaurkotasun informatiboaren jarraipena areagotuko du eta Foru Komunitate osoan presentzia handiagoa izango du, Tuteran ordezkaritza bat irekiz

 

Nafarroako Gobernuak Navarra Televisión-i 1,3 milioi euroko diru-laguntza ematea onartu du, Foru Komunitatean "telebistako ikus-entzunezko komunikazio zerbitzua sendotzeko eta zabaltzeko". Gaurko bilkuran, Foru Exekutiboak diru-laguntza hori arautuko duen hitzarmena ezagutu du, eta horren arabera, besteak beste, Navarra TVk Tuteran ordezkaritza bat irekitzeko konpromisoa hartu du, Nafarroako bigarren herrigune garrantzitsuena delako.

Nafarroako Gobernuak telebista bidezko informazio-, aisialdi- eta entretenimendu-eskaintza gehitu nahi du, eta laguntza interes horren barruan kokatzen da; izan ere, komunikabide hori egitura eta gizarte-kohesiorako elementua izan da iazko martxoan COVID-19aren pandemia agertu zenetik. Navarra TVren kasuan, Nafarroako Foru Komunitateko telebista operadore autonomiko bakarra da. Diru-laguntza hau emateko onarpena datozen egunetan berretsiko da, Nafarroako Gobernuak eta Navarra TVk hitzarmena sinatzen dutenean.

Programazioaren parrillan islatuko diren beste neurri batzuen artean, Navarra TVk informazio-zerbitzuak indartzeko konpromisoa izango du hitzarmen honekin, deszentralizazio geografikoa bereziki azpimarratuz, Foru Komunitateko lurralde guztietako gaurkotasunaren berri emateko. Eta ildo horretan, Tuteran, Nafarroako bigarren biztanle-gunean, delegazioa irekitzea erabaki du, Erriberan gertatzen diren albisteen berri emateko batez ere.

Era berean, onartutako hitzarmenaren helburuetariko bat da Nafarroako ikus-entzunezko sektorea bultzatzea, telebista-ekoizpenarekin loturiko ekonomia erakartze aldera. 1,3 milioi eurorekin, Navarra TVren programazioaren ekoizpen- eta emisio-gastuak ordainduko dira, aurtengo otsailaren 1etik urriaren 31ra bitartean, hitzarmenean jasotako baldintzen arabera; baldintza horietako bat da diru-laguntza gastuak baino %50 baino handiagoa ez izatea.

Euskara, haurrak eta kirola

Berrikuntza nagusien artean nabarmentzekoa da informazio-programak emango direla asteko egun guztietan, entzumen-urritasuna duten pertsonentzat egokituta, eta, horrez gain, gaurkotasuneko eztabaida-saioak eta magazinak, elkarrizketak eta erreportajeak, politika, ekonomia eta gizartearen inguruan, Nafarroako gaurkotasunari neurria hartzeko.

Halaber, informatiboetan, euskaraz laburtzeko tartea eskainiko da egunero, eta euskarak presentzia handiagoa izango du Navarra TVren eta Euskarabidearen arteko lankidetza-esparruan, asteko parrillaren barruan programaren bat euskaraz izateko.

Era berean, besteak beste, haurrak eta Nafarroako interes sozialeko kirol eta kultur ekitaldien emankizunak kontuan izango ditu telebista-kateak.