2020ko abenduaren 28a

COVID-19aren aurkako prebentzio neurri berriak indarrean sartu dira Gabonen bigarren zatirako

Salbuespen gisa, Erronkariko haranera Pirinioetako autobidetik (A-21) sartzeko eta irteteko baimena emango da, egun hauetako egoera meteorologikoa dela eta
camera_alt Deskargatu irudia collections Irudi galeria

Astelehen honetan sartuko dira indarrean Gabonen bigarren zatian COVID-19ari aurre egiteko neurri berriak; izan ere, neurri horiek eragina izango dute Nafarroako perimetroaren itxieran, familiek etxeetan egingo dituzten topaketetan eta etxeratze-aginduan.

Arrazoiak azaltzeko, Lehendakariaren Foru Dekretua gaur argitaratu da NAOn, ezohiko zenbakian, eta, bertan, hasiera batean Urtezahar egunerako eta Urteberri egunerako aurreikusitako neurriak kentzea justifikatzen da, “ardura, prebentzio eta aurreratze printzipioetan oinarrituta, urte berriaren hasierarako espero den uhin epidemikoaren inpaktua eta aurreikusi daitezkeen ondorioak ahalik eta gehien gutxitzearren; hala nola, saihestu daitezkeen heriotzak, osasun-sistemaren eta profesionalen gaineko inpaktua eta ekonomiaren eta, oro har, bizitza sozialaren gaineko inpaktua”.

Modu horretan, Foru Komunitateak perimetralki itxita jarraituko du familiekin eta hurbilekoekin elkartzeko abenduaren 30etik urtarrilaren 2ra bitartean; etxeetan, gehienez sei pertsona bildu ahal izango dira, gehienez ere bi bizikidetza-unitatekoak; eta, azkenik, etxeratze-agindua 23:00ak bitartekoa izango da Urtezahar gauean.

Bestalde, ostalaritza, merkataritza, ikuskizunak, egoitzak edo kirola bezalako sektoreetan, edukiera eta mugei buruzko araudia bere horretan mantenduko da, Osasun eta Giza Eskubideetako kontseilarien foru-aginduak luzatzean. Osasun Departamentuaren foru-agindua urtarrilaren 14 arte luzatuko da, egun hori barne, eta Eskubide Sozialetakoarena, berriz, aldatu gabe egongo da egoera epidemiologikoa aldatzen ez den bitartean.

Herritarren artean sor daitezkeen zalantzei erantzuteko, Nafarroako Gobernuak COVID-19aren aurrean indarrean den araudiaren inguruan ohikoenak diren galderei buruzko dokumentua eguneratu du; dokumentu hori koronabirusaren web orrialdean argitaratuta dago.  

Arrisku altuko alerta-mailak jarraitzen du, osasun-txostenen arabera

Azken osasun-txostenen arabera, pandemiak "arrisku altuko alerta-mailan" jarraitzen du Nafarroan, ikuspegi epidemiologikotik, “muturreko hauskortasun konnotazioekin”. Era horretan, gogoratu behar da, beste adierazle batzuen artean, arrisku altuko alerta-mailak 100.000 biztanleko 150 eta 75 kasutik gorako intzidentzia izatea esanahi duela 14 eta 7 egunetan zehar, hurrenez hurren. Gaur egun, intzidentzia hori 183,88tik gorakoa da 14 egunetan eta 90,33tik gorakoa 7 egunetan.

Bestalde, azken egunetan, positibotasun-tasaren portzentajea gehitu da proba diagnostikoetan, abenduaren 22ko (asteartea) %3,3tik atzoko %6,51ra igo baita, asteko %5,33ko batez bestekoarekin, aurreko asteko %4,97koa baino handiagoa.

Halaber, pandemiaren bilakaera ebaluatzeko beste adierazle garrantzitsua da Oinarrizko Ugalketa Indizea (Rt), eta hori 0,63tik (azaroaren amaiera aldera) 0,93ra (abenduak 23) eta 0,99ra (abenduak 25) igaro da.

Erronkarira Pirinioetako autobiatik sartu eta irten ahal izango da

Bestalde, Las Coronasko portua egoera meteorologiko honetan saihesteko, Nafarroako Gobernuak aukera eman du Erronkariko Haranera sartzeko eta handik irteteko Salvatierra de Escako (Zaragoza) errepidetik. Esako urtegitik (A-21) igarotzen da, Aragoiko zonan, Carrica Bentaraino (NA-137).

Foru Exekutiboak gogoratu du ibilbide hori ibilgailuan egin ahal izango dutela soilik herri horiekin lotuta dauden pertsonek, eta, kontrol-kasuan, justifikatu ahal izango dute Pirinioetako haranetara joan direla premia edo ezinbesteko arrazoiak direla-eta edota neguko bideen berezko gorabeherak kontuan hartuta bide-segurtasuneko ezohiko arrazoiak medio.

Salbuespenezko neurri hori indarrean egongo da astelehenetik urtarrilaren 6ra bitarte.