Descárgate la app
Nafarroako Gobernuak berritu egin ditu alokairu publikoko poltsari etxebizitza partikularrak lagatzeko diru-laguntzak
2020ko abenduaren 17a
Nafarroako Gobernuak berritu egin ditu alokairu publikoko poltsari etxebizitza partikularrak lagatzeko diru-laguntzak
Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak gaur argitaratu du Nafarroako Aldizkari Ofizialean Nasuvinsari etxebizitza partikularrak alokairu poltsaren etxebizitza programarako lagatzeko diru-laguntzen deialdia. Exekutiboak 225.000 euro erabiliko ditu laguntza horietarako; helburua higiezinen errentamendua bermatzea, jabeei berme osoa emanez, erabiltzen ez diren etxebizitzak mobilizatzea eta alokairuko parkean etxebizitza gehiago jartzea da.
Diru-laguntzen deialdi honen bidez, Gobernuak prezio eskuragarrietan lortutako etxebizitzen eskari gero eta handiagoari erantzun nahi dio eta Nasuvinsak kudeatzen duen alokairu-poltsari etxebizitzak eskaintzea lehenetsi eta sustatu nahi du, jabeei hainbat abantaila emanez.
Onuradunak
Laguntza hauek jaso ahal izango dituzte Nasuvinsarekin alokairu-poltsara atxikitzeko etxebizitza lagatzeko kontratua sinatzen duten pertsona fisikoek, baldin eta etxebizitza errentan ematen bada hiru hilabeteko gehieneko epean, etxebizitza lagatzen den egunetik zenbatzen hasita.
Lagapen horrek, besteak beste, honako abantaila hauek bermatuko dizkio jabeari: hilekoen ordainketa ziurtatua eta unean unekoa, Nasuvinsak bere gain hartzen duela alokairuaren kudeaketa, etekinen gaineko zerga-desgrabazioak, % 0ko finantziazioa, beharrezkoak izan daitezkeen erreformetarako eta etxebizitzaren egoera perfektua kontratua amaitzean etxebizitza berreskuratzeko unean.
Baldintza horiez gain, Gobernuak itzuli beharrik gabeko berehalako diru-laguntza emango dio lagatako etxebizitzaren titularrari, geroko ordainketetatik kendu gabe. Ordainketa horren zenbatekoa Nasuvinsarekin itundutako 1.500 eurorainoko errentaren hiru hilerokori dagokiona izango da eta ordainketa bakar baten bidez ordainduko da kontratua sinatzean.
Laguntza hauek jasotzeko eskabideak 2021eko urtarrilaren 1etik urte bereko abenduaren 2ra bitartean aurkeztu ahal izango dira, ahal dela telematikoki, izapide-fitxaren bidez edo Etxebizitza Zerbitzuaren Erregistroan eta Nafarroako Gobernuaren gainerako erregistroetan.