2020ko abenduaren 17a

Landa Garapenerako Departamentuak 1,3 milioi emango ditu elkarlanerako proiektu berritzaileen laguntzetan

Deialdiak proiektu pilotuei eta produktu, praktika, prozesu eta teknologia berrien garapenari laguntzea du xede

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak “Proiektu pilotuetarako eta produktu, praktika, prozesu eta teknologia berriak garatzeko laguntzak” izeneko deialdia argitaratu du, 2020. urteari dagokiona. Lehen sektoreko lankidetza-ekimenei zuzenduta dago eta guztira 1.300.000 euro bideratuko dira.

Nekazaritza eta abeltzaintzaren sektoreko proiektuetan lankidetzan aritzea da 2014-2020 aldirako Nafarroako Landa Garapenerako Programak jasotzen duen lehentasunetako bat eta deialdi honetan zehazten da horrelako proiektuei laguntzea inplikatutako eragile guztien lankidetza eta koordinazioa sustatuz, lotura egon dadin ikerketaren eskaintza zientifikoaren, sektorearen eskarien eta ekoizpenen merkatura bideratzearen artean.

Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiaren ebazpenak, laguntza-deialdi honen oinarri arautzaileak jasotzen dituenak, proiektu pilotu finantzagarri hauek ezartzen ditu: kalitatea eta jasangarritasuna duten nekazaritza-ustiategien lehiakortasuna hobetzea; balio natural handiko ekosistemak eta biodibertsitatea leheneratzea, zaintzea eta hobetzea; uraren eta energiaren erabilera eraginkorragoa lortzea; ekonomia zirkularra bultzatzea; berotegi-efektuko gasen isurketak murriztea eta nekazaritza-jarduera dibertsifikatzea, Landa-enpleguaren sorrera eta berrikuntza.

Laguntza mota horien deialdia 2016tik egiten da Nafarroan eta 1,3 milioi euroko zuzkidurari eusten dio; gastu hori Nafarroako Gobernuak 2020rako aurrekontuan duen LGENF partidaren kontura egiten da.

Partzuergoan lankidetzan diharduten erakundeak

Erakunde bazkide onuradunek partzuergo bat osatu beharko dute barne-hitzarmen baten bidez, gutxienez bi erakunde eta horietako batek, gutxienez, sektorearekin zerikusia izan beharko du. Diruz lagundu daitezkeen kostuen artean daude proiektuaren bideragarritasun- eta prestaketa-azterlanak, animazio-jarduerak, proiektua gauzatzea eta emaitzak zabaltzeko eta transferitzeko jarduerak.

Diruz lagundu daitezkeen gastuen tipologiak honako hauek hartzen ditu barne: teknikari propioak (lantokia Nafarroan dutenak eta muga % 25 dutenak), ekipamendu-ondasunen hornidura (makinak, ekipoak, euskarriak, instalazioak erostea edo alokatzea, garraioa egokitzea), egiturak eta ekipamendua egokitzea eta hobetzea, ordainsari teknikoak ( % 12ko muga), inbertsio ukiezinak (programa informatikoak), material suntsikorra eta laguntza teknikoak ( % 50eko muga).

Deialdia hilabeteko epean ireki behar da eta izapideak telematikoki egin behar dira. Proiektua gauzatzeko azken epea 2022ko abenduaren 31 izango da. Gehienez 200.000 euroko laguntza emango da proiektu bakoitzeko eta finantzaketa-ehunekoa % 40 eta % 90 artekoa izan daiteke. Laguntzaren % 65 FEADERk finantzatzen du.