Descárgate la app
Nafarroan 1.034 salaketa jarri dira emakumeen aurkako indarkeriagatik 2020ko urtarriletik irailera bitartean
2020ko azaroaren 24a
1.034 salaketa jarri dira emakumeen aurkako indarkeriagatik Nafarroan 2020ko urtarriletik irailera bitartean
Nafarroan, 2020ko urtarrila eta iraila bitartean, 1.034 salaketa jarri dira emakumeen aurkako indarkeriagatik, iazko epe berean bezala, orduan 1.041 salaketa aurkeztu baitziren.
Gainera, 2020ko urtarriletik irailera bitarteko eguneko salaketen batez bestekoa 3,79koa izan da, eta 2019an 3,81ekoa.
Salaketek %6 egin dute behera martxo-apirilean
Salaketa-kopuruak behera egin zuen Nafarroan aurtengo martxoan eta apirilean, COVID-19aren ondoriozko etxe barneko konfinamendua indarrean zegoela. Hain zuzen ere, 2019an hilabete horietan jarritakoak baino %6 gutxiago izan ziren.
Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren bitartez, herritarrei dei egin zien konfinamenduaren hasieran, aktiboki jokatu eta beren inguruan gerta zitezkeen emakumeen aurkako balizko indarkeria-egoerak salatzeko. Horretarako hainbat kanpaina jarri zituen martxan, aldi berean xede zutenak emakumezko biktimei informazioa ematea asistentzia-baliabideen funtzionamenduaz eta Nafarroako udaletan eskura dauden baliabide eta zerbitzuez.
Besteak beste, NBIk, Nafarroan diharduten poliziekin koordinaturik, areagotu egin zuen genero-indarkeriagatik jarritako salaketen segimendua, Foru Erkidegoko lurralde osoan.
Salaketen eta 016 eta 112ari eginiko deien gorakada, konfinamenduaren arintze- aldian
Konfinamendua arintzeko prozesuaren hilabeteetan, eta ‘normaltasun berria’ren hasierakoetan (Nafarroan ekainaren 21ean izan zen), egiaztatu zen gora egin zuela genero-indarkeriagatik jarritako salaketen kopuruak, baita 016 (indarkeria mota horren biktimei arreta emateko telefonoa) eta 112 zenbakiei eginiko deienak ere.
2020ko maiatz-ekainean, orotara, 260 salaketa jarri ziren genero-indarkeria dela eta, hau da, %18 gehiago iazko hilabete horietan baino.
Hain zuzen ere, maiatzean 123 salaketa jarri ziren, eta 2019an, berriz, 113 izan ziren (%9ko igoera). Ekainean 137 salaketa jaso ziren, eta iaz 106 izan ziren (gorakada %29,25ekoa da).
Maiatz, ekain eta uztailean 246ra iritsi zen kopurua. Bestela esanda, %60ko igoera egon zen 2019ko hilabete horien aldean.
Maiatzean eta ekainean, orotara, emakumeen aurkako indarkeriarekin zerikusia zuten 182 abisu kudeatu ziren. Igoera %20koa izan zen.
Salaketen %35, emakume gazteek jarriak
Salaketen soslaien argazkia eginez gero, ikus daiteke indarkeria fisikoa eta psikologikoa dela oraindik ere gehien salatzen dena, kasuen %55,42 baita mota horretakoa.
Gainera, alde handiz (%81), salaketa gehienak bikotekidearen edo bikotekide ohiaren aurka jarri dira. Eremu geografikoez den bezainbatean, Pamplona / Iruñan eta haren eskualdean jarri da salaketen %60,35.
Era berean, aurtengo irailera bitartean indarkeria matxistagatik jarritako 1.034 salaketetatik, %35,40ren jartzaileak 30 urtetik beherakoak izan dira; 366 salaketa orotara. Horietatik, 19 eta 30 urte arteko emakumeek 299 jarri zituzten, eta 14 eta 18 artekoek, berriz, 67.
Ildo horretan, Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren eta Nafarroako Gazteriaren Institutuaren bitartez, gazteei zuzenduriko bi programa berri jarri ditu martxan aurten, ‘Impulso – Taupada’ eta ‘Iguala’, genero-berdintasuna eta emakumeen aurkako indarkeria ezabatzea jorratzeko.
739 emakumeri eman zaie arreta GIBEAI taldeetan
Nafarroako Gobernuak, NBIren bidez, genero-indarkeriaren biktima izan diren emakumeei arreta integrala emateko taldeen (GIBEAI) sarea du; aurten indartu egin dira talde horiek, soslai profesionalen kopurua handituz. GIBEAI horietan, aurtengo irailera arte, 739 emakumeri eta 47 adingaberi eman zaie arreta.
Emakume horietatik, 301ek Iruñerriko, ipar-mendebaldeko eta ipar-ekialdeko GIBEAIn jaso dute arreta; 2017k Tuterakoan, 116k Tafallakoan eta 105ek Estella-Lizarrakoan.
Era berean, harrera egiteko baliabideetan (larrialdi-zentroak, harrera-etxeak eta egoitzarako etxebizitzak) 90 emakumeri eta 82 seme-alabari eman zaie arreta aurtengo urtarriletik irailera bitartean. 121 ziurtagiri eskatu dira babesturiko etxebizitza eskuratze aldera genero-indarkeria jasan izana egiaztatzeko, eta horietatik 116 eman dira.
Urtero azaroaren 25ean ospatzen den emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko Nazioarteko Eguna dela eta, Nafarroako Gobernuak adierazpen instituzional bat onartuko du bihar, eta elkarretaratze bat eginen da indarkeria matxista arbuiatzeko.