Descárgate la app
Nafarroak % 1,74 murriztu du energiaren azken kontsumoa 2019an
2020ko azaroaren 23a
Nafarroak % 1,74 murriztu du energiaren azken kontsumoa 2019an
Nafarroak % 1,74 murriztu du azken energiaren kontsumoa 2019an, urtebete lehenago erregistratutako datuekin alderatuta. Informazio hori Manu Ayerdi Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariak gaur aurkeztutako balantze energetikotik atera da.
Etxebizitzei eta merkataritzaren eta zerbitzuen sektoreei esker murriztu da azken kontsumoa batik bat; izan ere, urte batean %8tik gora gutxitu dute energia-erabilera, eta guztizkoaren %16,74 dira. Aitzitik, garraioa eta industria (kontsumoaren %39,1 eta %36,1 hurrenez hurren) 2018koen antzeko mailan ibili dira.
Azken kontsumoa %17,4 beheititzearen ondorioz, per capita energia-kontsumoa %2,71 jaitsi da, eta ekoitziriko BPG unitateko bakoitzarekikoa, berriz, %2,71. Ayerdi kontseilariak azpimarratu du “berri onak” direla horiek, baina adierazi du “oraindik bide luzea dagoela egiteko”. Batez ere, nabarmendu duenez, energia berriztagarrien kuotaz den bezainbatean, azken urtean okerrera egin baitute datuek: 2018ko %22,04tik 2019ko %21,41era.
Ayerdik argitu duenez, horren zergatia “euri-erregimenaren ondoriozko ekoizpen hidrauliko txarra izan da”. “Haize-ekoizpenari dagokionez %2 egin dugu gora, eta %9 fotovoltaikoaz den bezainbatean, autokontsumoa barne; beste berriztagarriek ere gora egin dute, baina igoera hori ez aski izan”, azaldu du. Ildo horretan, berriztagarrien argindar-ekoizpenak azken kontsumo elektriko osoaren barnean duen portzentajea %74,38raino jaitsi da. 2018an, %76,93koa izan zen.
Gainera, beste faktore bat izan da 2019an, Nafarroaren energia-balantzea baldintzatzen duena lehen mailako energia-kontsumoari dagokionez, hau da, energia sortzeko erabiltzen den energiari dagokionez. Estatu osoan ikatz-zentralak ixteak eragin du zenbait autonomia-erkidegok, horien artean Nafarroak, energia inportatu beharra izatea beste erkidego batzuetatik. Iaz, %52 egin zuen gora lehen mailako energia gisa erabiliriko gasaren kontsumoak; hau da, 2007ko mailara itzuli zen. “Horrek hainbat adierazleri eragin die, hala nola lehen mailako energiaren autohornikuntzari, zeina ia %20 beheititu baita, eta argindar-ekoizpen osoaren barnean berriztagarrien bidezko ekoizpenak duen kuotari; azken hori %22,56 jaitsi da, %69,22tik %46,66ra”, azpimarratu du kontseilariak.
2030eko helburuetatik urruti
2019ko Energiaren Balantzeak erakusten duen Nafarroako energiaren erradiografia oso aldendurik dago, oraindik, 2030eko Energia Planean ezarririko helburuetatik eta KLINA Klima Aldaketaren Bide Orritik. Horietan ezartzen da berotegi-efektuko gasen emisioa %45 murriztu behar dela 1990ekoen aldean, eta kontsumitzen den energiaren %50 berriztagarrietatik lortu behar dela.
“Azken kontsumoaren barnean berriztagarriek duten gaur egungo kuota %21,41ekoa izateak oroitarazten digu urruti gaudela %50eko portzentaje horretatik, eta adierazten digu gauza anitz dugula egiteko, bai energia eratzeaz bai kontsumoaz den bezainbatean”, adierazi du Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariak, eta ohartarazi du “11 urte geratzen direla 2030 horretara iristeko”.
Oraingoz, bederen, Nafarroa bideak bilatzen ari da energia berriztagarriaren ekoizpenari bultzada emateko, parke eoliko eta fotovoltaiko berriak eraikitzeko baimenak emanez. Gaur-gaurkoz 35 proiektu ebaluatzen ari da, eta horiei beste 32 gehituko zaizkie urte bukaeran. Baita autokontsumoko azpiegiturei dagokienez ere. Bada, horrez gain, azpimarratu beharreko beste alderdi bat, Ayerdik esan duenez: kontsumoa. “Energia hoberena kontsumitzen ez dena da”. “Energia-efizientzia hobetzeko lanarekin batera, kontsumoa gutxitzeko ekimen horiek guztiak behar ditugu, energiaren balantzea nabarmen aldatzea nahi balin badugu. Bestela, ez dugu izanen aldaketa benetako eta errealik”, ohartarazi du.
Energia-efizientziarako laguntzak
Ildo beretik, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuak laguntza-lerro bat du enpresa txiki eta ertainetan eta industria-sektoreko enpresa handietan energia-efizientziako jarduketak egiteko. Orotara 4,5 milioi euro emanen ditu hainbat proiekturi laguntzeko: isolatze termikoa, klimatizazioaren kontrola, beroa berreskuratzea, argiztapena, hozketa eta abar.
Une honetan 2,4 milioi euro inguru daude oraindik eskuragarri, eta abenduaren 31ra arte izanen da aukera horiek eskatzeko. Dirulaguntzen bidez proiektuen kostuaren %30 kitatzen ahal izanen da.
Nafarroako Administrazioak bere inbertsioak handitu ditu
Bestalde, Nafarroako Gobernuak 475.526 euro inbertitu ditu orotara, 2019an, Foru Administrazioaren mugikortasun elektrikoan eta energia-efizientzian (186.000 euro gehiago aitzineko urtean baino). Ildo horretan, 335.330 euro erabili ditu plaka fotovoltaikoak jartzeko hainbat eraikin publikotan: Nafarroako Liburutegi Nagusia, Odol Bankua, Tuterako Virgen del Camino eta ETI ikastetxeak, Fuerte del Príncipe aterpetxea, eta Irunberriko San Isidro eta Iruñeko San José Nuevo zentroak.
Era berean, 92.580 euro bideratu ditu itxiturak ordezkatzeko lanetara; eta beste 47.606 euro ibilgailu elektrikoak birkargatzeko guneak instalatzera, Iruñeko Odol Bankuan (2), Tuterako Odol Bankuan (1) eta Virgen del Camino, Tuterako ETI, Donapea eta Ribera del Arga institutuetan.
Urte hau hasi zenetik, Nafarroako Gobernuak 308.000 euro inbertitu ditu jadanik fotovoltaikoetan, itxituretan eta birkarga egiteko guneetan.