Descárgate la app
Eskubide Sozialetako Departamentuak 302.077 euro bideratuko ditu ordenagailuak, tabletak, telefonoak eta bestelako gailuak erostera, teknologia berriak adinekoei hurbiltzeko
2020ko azaroaren 13a
Eskubide Sozialetako Departamentuak 302.077 euro bideratuko ditu ordenagailuak, tabletak, telefonoak eta bestelako gailuak erostera, teknologia berriak adinekoei hurbiltzeko
Nafarroako Gobernuak, Eskubide Sozialetako Departamentuaren bitartez, 302.077 euro bideratuko ditu teknologia berriak adineko pertsonei hurbiltzeko eta haien gaitasun digitalak garatzeko. Laguntza horien hartzaileak erretiratuen klubak eta adinekoen elkarteak izanen dira.
Nafarroako Gobernuak ateratako era horretako lehen deialdia da, eta adinekoek egindako eskaerari erantzuten dio, duten eten digitala hautsi eta haien senitartekoekin komunikatzea nahiz teknologia horien erabilera eskatzen duten izapideak egitea errazte aldera.
Mª Carmen Maeztu kontseilariak emandako foru-agindua Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu da gaur, ostirala, azaroaren 13an, eta, horren arabera, diru-laguntza horiek bideratuko dira, besteak beste, mahai gaineko ordenagailuak eta ordenagailu eramangarriak, tabletak eta smarphoneak erosteko eta Interneterako sarbidea instalatzeko gastuetarako.
Eskaerak telematikoki egin daitezke azaroaren 28ra bitarte, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez.
Eten digitala murriztea
Deialdiaren helburua da erretiratuen klubetako eta adinekoen elkarteetako bazkideen eten digitala murriztea, teknologia berriak hurbilduaz gaitasun digitalak gara ditzaten nahiz estimulazio kognitiboaren programak garatzeko, haien bizi-kalitatea hobetu eta zahartze aktiboa indartzearren.
Modu horretan, pertsona horiek aukera izango dute komunikazio eta informaziora, aisiara, Internetez eguneroko bizimodua errazten duten zerbitzuetara edota etxean emandako gizarte-zerbitzu eta osasun-zerbitzuetara sartzeko.
Hain zuzen ere, COVID-19aren pandemia eta behartu dituen konfinamendu neurriak direla-eta, gero eta nabariago geratu dira dagoen eten digitala eta adinekoei gailu horiek erabiltzerakoan laguntzeko dagoen beharra.
Datorren urtean, prestakuntza jorratzea aurreikusten da deialdi honen osagarri gisa, adinekoen erakundeek beharrezko ekipamenduak eskuratu ondoren.
Trebatze-plana Foru Komunitateko 65 urtetik gorako adinekoen eten digitalari buruzko azterketaren emaitzaren arabera definituko da. Azterketa Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitalaren Departamentuko Telekomunikazio eta Digitalizazioaren Zuzendaritza Nagusia ari da egiten, Eskubide Sozialetako Departamentuarekin eta Adinekoen Elkarteen Konfederazioarekin (T3RCER TIEMPO) elkarlanean.
Diru-laguntza izan dezaketen gastuak
Pasa den urritik 2020ko amaierara bitarte erositako ekipamenduen gastuek izango dute diru-laguntza, eta Interneterako sarbidearen instalazioak ere bai.
Zehazki, honako hauek sartuko dira: ekipamendu informatikoa (mahai gaineko ordenagailua, ordenagailu eramangarria, tabletak, koloretako tintako inprimagailua, laserra edo funtzioanitza edo eskanerra), nahiz programa informatikoak (ofimatikako programak, antibirusa, estimulazio kognitiborako programak) eta telefono-ekipamenduak (smarphoneak) erostea eta Interneterako sarbidea instalatzeko gastuak.
Erositako aparatu bakoitzeko, diru-laguntza gehienez ondorengoa izango da: 200 euro telefono mugikorrentzat (smartphoneak); 600 euro mahai gaineko ordenagailu edo eramangarrientzat (software barne); 200 euro tableten kasuan; 150 euro eskaner edo koloretako tintako, laser edo funtzio anitzeko inprimagailuentzat; adinekoentzako estimulazio kognitiboko programaren urteko harpidetza ordaintzea; eta 100 eurora bitarte Interneterako sarbidearen instalazioa ordaintzeko.
Elkarte edo klub bakoitzak ekipamendu ezberdinetan nahi dituen unitate adina eros ahal izango ditu. Diru-laguntza gehienez 2.000 eurokoa izango da.