Descárgate la app
Chivite Lehendakariak Sanchezi harrera egin dio Nafarroako Jauregian
2020ko azaroaren 13a
Chivite Lehendakariak Sanchezi harrera egin dio Nafarroako Jauregian
Maria Chivite Nafarroako Lehendakariak Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari harrera egin dio gaur goizean Nafarroako Jauregian, Foru Erkidegora egindako bisita ofizialaren agendako lehen ekitaldi gisa.
Sanchez presidentearen bisita Espainiako Gobernuko presidente batek Nafarroako Jauregira egindako lehen bisita ofiziala da demokrazia berrezarri zenetik.
Presidentea beranduago iritsi da lainoa medio, hegazkinak Donostian lurra hartu behar izan du-eta.
Iruñean zela, Sanchez baita ere lehen agintaria izan da Foru Exekutiboaren egoitzara autoz sartzen, Nafarroako Jauregian berritu berria den lorategian barrena, San Ignacio etorbide aldera. Ibilgailua Nafarroako Artxibo zaharreko sarreraraino iritsi da, eta bertan zegoen Nafarroako Lehendakaria, Maria Chivite, Pedro Sanchezi harrera egiteko.
Jauregiaren barruan, presidentea Nafarroako Gobernuarekin bildu da Erabilera anitzeko Aretoan. Exekutiboaren kontseilariengana zuzendu da pandemiaren egungo egoera ebaluatuaz. Zehatzago, azpimarratu du sistema autonomikoaren egitura eta koordinazioa probatu direla, nahiz eta erkidegoekin batera egindako lana eta lankidetza nabarmendu, presidenteekin martxoaz geroztik egindako hitzaldi ugarien bitartez.
Era berean, Sanchezek eskerrak eman dizkio Nafarroari bere jarrerarengatik eta epidemiari eusteko egindako lan guztiarengatik eta Espainiako Gobernuarekin koordinatutako lanarengatik.
Ondoren, Chivite Lehendakariak Nafarroako Jauregiko beste leku batzuk erakutsi dizkio Sanchez presidenteari; hala nola, Tronuen Aretoa eta ondoko kapera nahiz Lehendakariaren bulego instituzionala. Horrez gain, Sanchezek erakundearen Urrezko Liburuan sinatu du, eta ondorengoa estanpatu du:
“Nafarroako Herriari,
1952. urteaz geroztik, Espainiako Gobernuko presidenterik ez da izan Jauregi eder honetan.
Zoriari esker, ohore eta zoriona dut Erakunde hain harro eta historikoa bisitatzeko ohitura osasuntsua abian jarri duena izateko.
Aukera honek balio izan dezala Gobernu zentralaren eta Nafarroako Gobernuaren arteko lankidetza indartzeko.
Lankidetza indartu horrek Nafarroako herri noblearen oparotasuna, aurrerapena eta indarra lor ditzala.
Besarkada bat,
Pedro Sánchez 20/11/13”
Lorategi berritu berria
Sanchez presidentearen bisita Nafarroako Jauregiko lorategia berritzeko obren amaierarekin batera egokitu da; lanak egiten abuztuan hasi ziren, eta sarrera hobetu dute, ibilgailuek sartzeko aukera izanik.
Lanek ingurune naturalaren eta arkitektonikoaren esentziari eutsi diote, baita iturriari ere, eta, bide batez, espazioaren energia-eraginkortasuna ere optimizatu da.
Zehazki, iturriaren erreformari esker, zurrusta-sistema jarraitutik ordutegi-tarteak programatzeko aukerara igaro da ahal izan da, eta, era berean, ur-hornigailuen altuera eta funtzionamendua bereizi ahal izan dira, irisgarritasun- eta arrazionaltasun-irizpideak jarraituz.
Lorategiak ureztatzeko sistemari dagokionean, gauez ureztatzeko diseinua aurreikusi da, uraren banaketa hobetuaz sarearen kontsumo txikiagoarekin, ura azkar lurruntzea saihestuaz eta euria edo ekaitza denean zona ureztatzea automatikoki galaraziaz.
Halaber, lorategien bi guneen eta eraikinaren sarrerako bi parterren artean, ibilgailu ofizialak sartu ahal izateko gune bat sortu da. Era berean, eserlekuak jarri eta berdeguneak birlandatu dira, garaiko espezie apaingarriekin.
Nafarroako Ingurumen Kudeaketa / Gestión Ambiental de Navarra (NIK/GAN) sozietate publikoak egin ditu berritze-lanak, 263.614 euroko inbertsioarekin. Jarduera Jauregiaren Esku-hartze Planean kokatzen da, 2015ean jarri zen abian, eta lanak egiten 2018an hasi ziren.
Lorategia, egungo fisonomiarekin, Victor Eusa arkitektoak diseinatu zuen. Zuhaitzen artean nabarmenak dira zedroa, magnolia eta 1855ean landatutako sequoia, aurten 165 urte beteko dituena egungo kokalekuan. Sequoia Nafarroan aitortutako 31 monumentu naturaletako bat da. Jatorriz Ipar Amerikakoa da, zehazki Sierra Nevada mendilerrokoa (Kalifornia), eta 38 metro inguruko altuera du.