Descárgate la app
Uztailaren 1etik irailaren 30era bitartean 7 egun baino gehiagoko enplegu-erregulazioko espedientea duten pertsonek aparteko laguntza eska dezakete gaurtik aurrera
2020ko azaroaren 3a
Uztailaren 1etik irailaren 30era bitartean 7 egun baino gehiagoko enplegu-erregulazioko espedientea duten pertsonek aparteko laguntza eska dezakete gaurtik aurrera
COVID-19a dela-eta uztailaren 1etik irailaren 30era bitartean aldi baterako enplegu-erregulazioan egon diren pertsonek, gehienez 450 euroko aparteko laguntza eskatu ahal izango dute gaurtik aurrera, Nafarroako Gobernuak onartuta. Kalkuluen arabera, 3.000 langile izango dira neurri horien onuradunak.
Laguntza horiek eskuratzeko baldintzak eta eskaera gaur, azaroak 3ko NAON (256. zk.) argitaratu dira, eta epea azaroaren 20an amaituko da.
Eskubide Sozialetako Departamentuak 2.975.000 euroko inbertsioa aurreikusi du deialdi honetarako, eta, beharrezkoa bada, gehitzeko aukera ez du baztertzen, baldintzak betetzen dituzten pertsona guztiek eskura ditzaten, Mª Carmen Maeztu kontseilariak egindako adierazpenen arabera. “Laguntza horien bitartez, soldata txarragoak dituzten langileei lagundu nahi zaie, krisialdian haien diru-sarrerak are gehiago murriztu baitira”.
Udan ERTEan egon diren pertsonentzat
Besteren konturako langileek eskatu ahal izango dituzte laguntzak, ordaindutakoaren araberako langabezia-prestazioaren titularrak izan badira, kontratua eteteagatik edo lanaldia murrizteagatik aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteen bidez, 2020ko uztailaren 1etik irailaren 30era bitartean.
Laguntzak eskuratzeko baldintzen artean, 2019az geroztik Nafarroan helbide fiskala izatea eskatzen da PFEZ ondorioetarako eta Gizarte Segurantzarako kontingentzia arrunten gaineko 20.000 euroko edo hortik beherako kotizazio-oinarria izatea ere bai 2020ko uztailaren 1aren aurreko 12 hilabeteetan edo enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteak eragindako unean.
Laguntzak eskuratzeko muga ekonomikoa 20.000 eurokoa da, eta zenbateko hori ezingo dute gainditu 2019ko zergaldian Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren bidez lortutako errentek, zerga-oinarria izanik, gehi horretatik salbuetsita dauden errentek.
Onuraduna familia-unitate bateko kidea bada, muga hori 40.000 eurokoa izango da. Halaber, familia-unitateko kide bat ere 2019ko ekitaldiko Ondarearen gaineko Zergaren mende ez egotea eskatzen da.
Ordainketa bakarreko laguntzak gehienez 450 eurora bitarte
Laguntzen zenbatekoa 2020ko uztailaren 1etik irailaren 30era bitartean (biak barne) onuradunari aplikatutako lanaldi-etenaldiko eta/edo -murrizketako enplegu-erregulazioko egunen arabera kalkulatuko da.
Laguntzak 35 eta 450 euro artekoak izango dira hilabetean, lanaldiaren %50eko edo handiagoko lanaldiko kontratuen kasuan. Kasu horretan, zenbatekoa gehienez 450 eurokoa izango da. %50etik beherako lanaldia duten pertsonei dagokienean, zenbatekoa 23 eurokoa izango da hilabetean, gehienez ere 300 eurora bitarte. Bi kasuetan ordainketa bakarra egingo da.
Eskaera, ahal dela, telematikoa
Deialdiaren oinarrietan ezarritako moduan, eskaerak eta beharrezko dokumentazioa ahal dela telematikoki aurkeztu ahal izango dira, Nafarroako Gobernuaren Atariko Izapideen Katalogoko laguntzen fitxaren bitartez (www.navarra.es).
Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikorako esteka egongo da. Ziurtagiri digitalaren bidez edo NAN + Nafarroako Ogasunaren PINaren bidez identifikatzea beharrezkoa izango da.
Izapidea errazteko eta azkartzeko, Cl@ve sistemaren bidez ere egin ahal izango da, Foru Administrazioko hainbat erregistrotan eskatuta (ikus zerrenda). Horien artean aurkitzen dira Eskubide Sozialetako erregistroa, Gonzalez Tablas kaleko 7an eta NOZ-Oren erregistroa, Tutera kaleko 20. zenbakian. Horietan, gainera, hala eskatzen duten pertsonei (aurretiko hitzorduarekin), laguntza eskainiko zaie elektronikoki aurkezteko, izan ditzaketen zalantzak argitzearekin batera.
Eskaera egiteko, honako hauek aurkeztu behar dira: lan-kontratua, ERTEaren aurreko azken 12 hilabeteetako kotizazio-oinarrien inguruko txostena eta lan-bizitzaren txostena (biak Gizarte Segurantzari eskatu behar zaizkio); baita transferentzia bidez ordaintzeko eskaera ere.
Dokumentuak eskaneatzeko zailtasunen bat duten pertsonek, haiei telefonoarekin ateratako argazki bat aurkeztu ahal izango dute (irakurterraza).