Descárgate la app
Nafarroako Gobernuak % 75era arte handitu ditu eraikinen birgaitze energetikorako laguntzak
2020ko azaroaren 3a
Nafarroako Gobernuak % 75era arte handitu ditu eraikinen birgaitze energetikorako laguntzak
Nafarroako Gobernuak 4.125.000 euro bideratuko ditu 25 urtetik gorako etxebizitzen birgaitze energetikorako diru-laguntzen deialdi berrian. Horrek ohiko programarekin bat egiten du, eta hala inguratzaile termikoentzako laguntzak % 75era arte igoko dira.
Bizilagunen komunitate bakoitzak 12.000 euroko diru-laguntza eskuratu ahal izango du etxebizitza bakoitzeko, eta, era horretan, deialdi berri honekin bikoiztu ahal izango du orain arte ematen ziren laguntza arrunten gehienekoa, eraikinen inguratzaile termikoen energia-eraginkortasuna hobetzeko.
Bigarren lehendakaria eta Lurraldearen Antolamendu, Etxebizitza, Paisaia eta Proiektu Estrategikoetako kontseilaria den José Mª Aierdik gaur aurkeztu ditu diru-laguntzen deialdi berriaren inguruko baldintzak; hain zuzen ere, eraikinen inguratzaile termikoen energia-eraginkortasuna hobetzeko %75eko laguntza emango da: %40 Nafarroako Gobernuaren laguntzen programa arruntaren bidez jarriko da, eta gainerako %35 Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutuaren (IDAE) kontura.
Hartzaileak eta xehetasunak
Jabeen erkidegoei edo erkidegoen elkarteei zuzendutako laguntzak bihar, asteazkena, azaroak 4, argitaratuko dira Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta soilik telematikoki eskatu ahal izango dira Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez, 2021eko uztailaren 31ra bitarteko epean.
Diru-laguntzen helburua izango da, hasierako egoerarekin alderatuta, amaierako energia-kontsumoa eta karbono-dioxidoaren emisioak murriztea bermatuko duten jarduerak diruz laguntzea. Ez dute diru-laguntzarik izango eraikuntza berriko eraikinetan egindako ekintzek, eraikitako azalera handitzen bada edo eraikinaren erabilera aldatzeko esku-hartzeak egiten badira.
Laguntzen zenbatekoak jardueraren kostuaren %35ekoak izango dira, eta oinarrizko laguntza etxebizitza bakoitzeko 6.000 eurokoa izango da; babes ofizialeko eraikinen kasuan, berriz, beste 500 €-ko laguntza emango da etxebizitza bakoitzeko, baldin eta Esku Hartzeko Plan Orokorra badute edo kalifikazio energetikoa bi letratan hobetzen badute, edota A edo B kalifikazioa lortzeko. Gainera, laguntza hori Foru Exekutiboak emango duen %40ko diru-laguntzaren osagarria izango da; beraz, etxebizitza bakoitzak gehienez 12.000 euro eskuratu ahal izango ditu.
IDEAren diru-laguntza eskatutako obrak amaitzeko epea gehienez 18 hilabetekoa izango da laguntza ematen denetik zenbatzen hasita, eta 24 hilabetera bitarte luzatu ahal izango dira soilik ezusteko gorabeherak gertatzen badira, eta behar bezala justifikatuta. Deialdia eskaera aurkezteko ordenaren arabera ebatziko da, eta banakako ebaluazio-sistemaren bidez emango dira.
Goranzko inbertsioa
Deialdi honen bitartez, Nafarroako Gobernuak hiria birgaitzeko apustuarekin jarraitzen du; izan ere, “bost urte hauetan laguntzak hirukoiztu egin dira, 8 milioi eurotik (2014) 22 milioi baino gehiagora igaro baitira urte honen itxieran, guztira 65m/€ inguruko inbertsioarekin”, Jose Maria Aierdi bigarren lehendakariordeak adierazi duenez.
Aierdi lehendakariordeak azaldu duen moduan, “laguntza horiei esker, Nafarroak beste urrats garrantzitsu bat eman du eraikinen birgaitze energetikorako apustu publikoan, eraikitako hiria berreskuratzeko eta birsortzeko estrategiaren barnean”. Era berean, honela gehitu du: “birgaitzea bultzatzea lehentasun estrategikoa da Nafarroako Gobernuak etxebizitza-arloan jorratzen dituen politiketan eta hiriaren iraunkortasunaren eta gure herriak eta hiriak berreskuratzearen aldeko apustua ere bai, periferietan eraiki berriak diren hirigintza-hedapen handien ordezko aukera gisa”.