Descárgate la app
El INAI difunde 2.500 vinilos con el lema “¿Qué haces tú por la igualdad?” en 165 centros educativos y 44 espacios juveniles
2020ko urriaren 23a
NABIk "Zer egiten duzu zuk berdintasunagatik?" leloarekin, 2.500 binilo zabaldu ditu 165 ikastetxetan eta 44 gazte-gunetan
Berdintasunerako Nafarroako Institutuak (NABI) datozen egunetan 2.500 binilo zabalduko ditu, "Zer egiten duzu zuk berdintasunagatik?" Leloarekin. Binilo horiek Foru Komunitateko 165 ikastetxetan eta 44 gazte-gunetan banatuko dira, gune horietako ispiluetan jar daitezen. Modu sinbolikoan, ispiluan islatuz, gazteei emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna eraikitzeko dituzten jarrerei, portaerei eta ekintzei buruz hausnartzeko eskatuko zaie.
Lelo horrekin ilustratu zuen Nafarroako Gobernuak martxoaren 8rako, Emakumeen Nazioarteko Egunerako, egindako kanpaina, eta bera diseinatu zen herritarrei oro har zuzendutako hausnarketarako deiak denboran zehar iraun zezan, hainbat esparrutako espazioetan eta zentroetan biniloak banatuta.
Zehazki, hezkuntza-arloan, egun hauetan biniloak jarriko dira Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko 107 ikastetxetan, Lanbide Heziketako 33 ikastetxetan, Oinarrizko Lanbide Heziketako 25 ikastetxetan eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP). Hiru Hizkuntza Eskola Ofizialetan eta 51 Musika Eskoletan ere jarriko dira.
Ildo horretan, NABIk garrantzitsutzat jo du binilo horiek ikastetxe horietan zabaltzea, “hezkuntza-etapa ezberdinetan, gazteak kontzientziatzea garrantzitsua baita, haien ingurune sozialetan benetako berdintasuna lortzen eta harreman afektibo osasuntsuak eta askeak bizitzen laguntzeko betetzen duten funtsezko egitekoa kontuan hartuta”.
Era berean, Nafarroako Gazteriaren Institutuko instalazioetan ere badituzte binilo horiek, eta gazteen sei aterpetxetan, gazteak artatzeko 18 bulegotan eta gazteriaren 20 zentrotan jarriko dira.
Halaber, Nafarroako Kirolaren Institutuak ehun bat binilo ditu kirol-instalazioetan banatzeko. Horrez gain, 4.000 eranskailu banatu dira toki-erakundeen, Nafarroako Gobernuaren zerbitzuen, Berdintasuneko teknikarien sarearen, osasun-etxeen eta Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen artean.
Prebentzio eta sentsibilizazioaren ildoan, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak gida bat zabaldu du genero-indarkeriaren arloko baliabideei eta zerbitzuei buruzko informazioarekin. Aurten, jada 1.200 gida banatu dira, eta iaz 3.500era iritsi ziren.
Gida hau gazteentzako informazio-guneetan banatu da eta Nafarroako Gazteriaren Institutuan izapidetutako Gazte Txartel bakoitzarekin. NABIren web gunean ere aurki daiteke.