Descárgate la app
Gobernuak 3 milioi euroko aparteko laguntzak onartu ditu COVID-19agatik uda honetan ezarritako ABEEek kaltetutako pertsonentzako
2020ko urriaren 21a
Gobernuak 3 milioi euroko aparteko laguntzak onartu ditu COVID-19agatik uda honetan ezarritako ABEEek kaltetutako pertsonentzako
Nafarroako Gobernuak gaurko bilkuran aparteko laguntzak onartu ditu, 2.975.000 euroko zenbatekoarekin, uda honetan adinekoen egoitzetan COVID-19ak ezarritako ABEEetan kaltetuak izan diren langileentzako.
Beharrezkoa balitz laguntza-lerroa zabaldu liteke, Foru Gobernuaren xedea, Carmen Maeztu Eskubide Sozialetako kontseilariak Gobernu Bilkuraren ondorengo prentsaurrekoan adierazi duenez, “baldintzak betetzen dituztenen %100 onuradun izatea” baita.
Zehazki, laguntza horiek besteren kontura lan egiten duten eta baldintza hauek betetzen dituzten pertsonei zuzenduko zaizkie: langabezia-prestazioa jaso izana kontratua etetearen ondorioz, edo aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente (ABEE) bat ezarririk lanaldia murriztu izanaren ondorioz, 2020ko uztailaren 1etik irailaren 30era bitartean.
Laguntza jasotzeko baldintzen arten, 2019tik PFEZri dagokion egoitza fiskala Nafarroan izatea eskatzen da, eta, halaber, Gizarte Segurantzaren kontingentzia arruntetarako kotizazio-oinarria 20.000 eurokoa edo hortik beherakoa izatea 2020ko uztailaren 1aren aurreko 12 hilabeteetan, edo aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteak eragin dion unean.
Laguntzen hartzailea izateko muga ekonomikoa 20.000 euroan ezarri da. Zenbateko horren azpitik egon beharko dute Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren 2019ko epealdian eskuraturiko errentek (horiek izanik zerga -oinarria), gehi horretaz salbuetsiriko errentek.
Onuraduna familia-unitate bateko kidea bada, muga hori 40.000 eurokoa izanen da. Eskatzen da, era berean, familia-unitateko kideetako bat ere ez izatea zergaduna 2019ko ekitaldiko Ondarearen gaineko Zergari dagokionez.
Laguntzaren gehienezko zenbatekoa 450 eurokoa izanen da, eta kalkulatzeko, kontuan izanen da onuradunari, enplegu erregulazioan, ezarri zaizkion lanaldiaren etenaldi edota murrizketako egunen kopurua, 2020ko uztailaren 1etik irailaren 30era bitarteko aldian, biak barne.
Eskubide Sozialetako kontseilari Carmen Maeztuk adierazi duenez, “Gobernuan oso balorazio positiboa egin dugu akordio honi buruz, baita COVID-19aren krisiak gehien eragin dien herritarren sektoreei laguntzeko Elkarrizketa Sozialerako Kontseiluan lorturiko gainerakoei buruz, lana eta familia bateragarriagoak izateko xedea dutenei buruz (mendekotasuna dutenen eta adinekoen zaintzaileak kontratatzeko laguntzak), eta ekonomia suspertzeko abiaraziriko neurriei buruz”.
“Laguntza horien asmoa –bukatu du Maeztuk– soldata baxuenak dituzten eta krisiaren ondorioz diru-sarreak are gehiago murriztu zaizkien langileei laguntzea da”.
Laguntzak arautuko dituen deialdia laster argitaratuko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean.