Descárgate la app
Nafarroako Gobernua Foru Komunitateko hainbat sektorerekin bildu da fiskalitatea lantzeko
2020ko urriaren 13a
Nafarroako Gobernua Foru Komunitateko hainbat sektorerekin bildu da fiskalitatea lantzeko
Nafarroako Gobernua Foru Komunitateko sektore ekonomiko ezberdinekin bildu da gaur goizean zehar, fiskalitatearen inguruko gaiak jorratzeko, Parlamentuan hurrengo aldaketa fiskalak aurkeztu aurretik.
Ekonomia eta Ogasun kontseilaria, Elma Saiz, Nafarroako langile autonomoen ordezkariekin (UPTA eta ATA) elkartu da, eta jakinarazi die Gobernuak Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga (JEZ) kentzeko asmoa duela. Neurri horrek Nafarroa osoko 31.000 langile autonomori eta 7.000 enpresa txiki eta ertaini eraginen lieke.
Horrekin batera, Saiz kontseilaria eta Bernardo Ciriza Lurralde Kohesiorako kontseilaria Nafarroako Udalerri eta Kontzejuen Federazioarekin (NUKF) bildu dira. Bilera horretan, JEZ kentzeko Gobernuaren asmoaren berri eman dute. Ekimen horren bidez Nafarroako ekintzailetza suspertu eta ekonomia berpiztu nahi du Gobernuak. Udal-ekonomien gaineko inpaktu negatiboak saihesteko, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak asmoa du biltzeari utziko zaion diru-kopuru hori toki-erakundeei oso-osorik ordaintzeko.
10 milioira bitarteko laguntzak ostalarientzat
Nafarroako Gobernuak gaur goizean eginiko bilkuretan, Ekonomia eta Ogasun kontseilaria, Elma Saiz, eta Garapen Ekonomiko eta Enpresarialekoa, Manu Ayerdi, ostalaritza-sektoreko ordezkariekin mintzatu dira haien egoeraz jarduteko eta laguntza-sorta bat proposatzeko, pandemiak gehien kaltetu duen sektoreetako bat mantendu eta suspertzeko xedez.
Hala, JEZa ezabatzeaz gain (haiek ere izanen lirateke horren onuradun), 2020an 10 milioi eurora bitarteko zuzeneko laguntza-ildo bat ezartzeko proposamena egin du Gobernuak.
Laguntza horiek, batez ere, taberna, jatetxe, ostatu, bidaia-agentzia, turismo-jarduera eta gaueko aisialdirako izanen lirateke.
Foru Gobernuaren eta ostalaritza-sektorearen arteko bileraren emaitzetako bat elkarrekin lan egiten jarraitzeko konpromisoa izan da, Nafarroako Gobernuaren ekimen horri buruzko xehetasunak finkatzeko.
PFEZren moduluak kenduko dira
Era berean, Ekonomia eta Ogasun, Landa Garapen, Lurralde Kohesio eta Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariek bilera egin dute nekazaritza-, abeltzaintza-, garraio- eta ostalaritza-sektoreetako ordezkariekin. Adierazi dietenez, Gobernuak asmoa du PFEZ modulu bidez ordaintzeko sistema, gaur egun indarrean dagoena, ezabatzeko.
Ildo horretan, Gobernuak jakinarazi du sektore bakoitzean zergak ordaintzeko sistema egokiagoa ezarri nahi duela, gaur egungo zenbatespen objektiboak zailtasunak dituzten negozioei egin diezaiekeen kaltea saihesteko; zailtasun horiek agerikoagoak dira COVID-19aren ondoriozko pandemia-egoera honetan.