2020ko urriaren 12a

Nafarroako Gobernuak azpimarratu du garrantzitsua dela neurri berriak betetzea COVID-19aren zabalkundea gelditzeko, egun batean 546 kasu atzeman diren honetan

Gauerdian jarriko da indarrean Nafarroa osoan bi astez elkarreragin soziala eta mugikortasuna zeharo gutxitzeko asmoz emandako foru-agindua. Denbora-tarte horrek berebiziko garrantzia izanen du pandemiaren bilakabidean, herritar zaurgarrienak babesteari dagokionez

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak (NOPLOI) zabalduriko datuen arabera, Osasun Departamentuak 546 COVID-19 kasu atzeman zituen atzo, osasun-sistema publikoan 3.094 PCR proba egin ondoren. Horien %17,6ren emaitza positiboa izan zen, eta ez zen heriotzen berririk eman. Nafarroako Gobernuak berresten du derrigorrezkoa dela gauerdian indarrean jarriko diren neurriak betetzea. Foru-agindu baten bidez ezarri diren neurri horiek 14 eguneko iraunaldia izanen dute Nafarroa osoan. Bi asteok biziki garrantzitsuak izanen dira pandemia geldiarazteko, 281 gaixo ospitaleraturik eta horietatik 34 ZIUn dauden honetan. Osasun-egoera horren aitzinean, Departamentuak azpimarratu nahi du beharrezkoa dela bai foru-aginduaren bidez onarturiko arau kolektiboak, bai jadanik ezagunak diren banakako prebentzio-neurriak betetzea, birusaren zabalkundeari eusteko eta, batez ere, herritar eta sektore zaurgarrienak babesteko.  
 

Ikuspuntu geografikoari dagokionez, Pamplona / Iruñan eta haren eskualdean izan ziren positiboen %56; Tuterako Eremuan kasuen %20 izan zen, eta Estella-Lizarrako Eremuan, %6. Gainerako positiboak Nafarroako beste eskualde batzuetan izan ziren.

Adin-tarteez den bezainbatean, atzokoan 15 eta 29 urte bitarteko multzoan izan zen kasu gehien, %24; ondoren, 45etik 59ra bitartekoan, %22; 30etik 44rakoan, %19; eta 15 urtetik beherakoenean, %16. Azkenik, 60 urtetik gorakoen tartean %19 izan zen. Kasu berrien batez besteko adina 39,1 urtekoa da.    

Generoari erreparatuz gero, berriz, %48 gizonak dira eta %62 emakumeak.   

Epidemiologiaren ikuspuntutik, pandemiaren bilakabideari dagokionez, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak adierazi du atzo beste 27 pertsona ospitaleratu zituztela Nafarroan (bakar bat ere ez ZIUn) COVID-19a izanik ospitaleratzearen arrazoi nagusia.

Ospitaleen okupazioari dagokionez, Nafarroako Osasun Zerbitzua-Osasunbideak (NOZ-O) jakinarazi du, ospitaleratzeen eta alten arteko balantzea egin ondoren, 281 pertsona daudela gaur ospitaleratuta koronabirusagatik eta koronabirusa dutela (atzo baino 18 gehiago). Jakina denez, kopuru horren barnean integraturiko osasun-sare osoan ospitaleraturiko gaixo guztiak daude, bai zentro publikoetakoak bai pribatuetakoak. Modalitateei begira, 34 ZIUn daude (atzo baino bat gehiago) eta 50 etxean ospitaleraturik (aitzineko egunean baino hiru gehiago). Gainerako 197 gaixoak ospitaleetako gela arruntetan daude (atzo baino 14 gehiago). Ospitaleratzearen arrazoia hori izan ala ez, pertsona horiek guztiek positibo eman zuten PCR proba batean, eta COVID-19rako guneetan daude. 

Birusaren ondorioz metaturiko kutsatzeen intzidentzia, atzoko kasuak gehiturik, 22.274 pertsonakoa da, eta hildakoen kopurua, orotara, 617koa.

Lehentasun soziala: ahalik eta gutxien egotea birusaz kutsatzeko arriskupean

Osasun Departamentuak, eta Nafarroako Gobernuak oro har, atzo ezohiko lansaioan bildu eta María Chivite lehendakariak agerraldia egin ondoren, azpimarratu nahi dute ahalik eta gehien murriztu behar direla elkarreragin sozialak eta ezinbestekoak ez diren tokialdatze guztiak, kutsatze-kateak eteteko (bereziki eraikinen barnean egiten diren familiako edo lagunarteko bilkurez den bezainbatean, hortik baitatoz birusaren agerraldi gehienak). Kate horien ondorioz gora egiten ari da kasu positiboen kopurua azken egunetan, aitzineko astean hobeki eustea lortu ondoren, azken epidemiologia-buletinean azaldu den eran. Hartara, jarduera-sektore guztiei eta Foru Erkidegoko eskualde guztiei eragiten dieten neurri gehiago onartzeaz gain (edukiera-mugak, ordutegiak…), gauerdian indarrean jarriko den foru-aginduan adierazi den bezala, Osasun departamentuak jarraitzen du bere hiru lan-ildo nagusiak eguneratzen eta areagotzen: detekziorako eta aztarnak bilatzeko sistema (PCRak egitea, segimendua…); esku-hartze komunitarioa eta ezohikoa intzidentzia handiko eremuetan (bahetzeak, diziplina anitzetako gizarte-ekintza taldeak, udalerriekiko koordinazioa…); eta asistentziaren arloan erantzuteko gaitasuna, bai Lehen Mailako Arretan (osasun-zentroa eta Ospitaletik kanpoko Larrialdi Zerbitzua) bai Nafarroako ospitale-sare integratuan. Azken horretan, sektore publikoari dagokionez, Iruñeko, Lizarrako eta Tuterako ospitaleak daude.

Era berean, Osasun departamentuak lankidetza-ildoak ditu Ministerioarekin eta beste autonomia-erkidegoekin, baita Gobernuko gainerako departamentuekin ere, batez ere Eskubide Sozialetakoarekin (murrizketak ezarri dira adinekoen egoitzen eremu bereziki zaurgarrian, unitate sozio-sanitarioaren bitartez), Hezkuntzakoarekin (eskola-eremua) eta Barnekoarekin. Kasu horretan, bete ezean zigorra dakarten neurriak ezartzea eta ikuskatzea da xedea: 3.000 eurora bitartekoak arinak badira, eta 3.000tik 60.000rainokoak larriak izanez gero.

Azkenik, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak oroitarazi du berebiziko garrantzia duela prebentziorako eta babeserako banakako neurriak betetzeak eta zabaltzeak, bai eguneroko bizimoduan bai lanean. Neurri horien artean daude, besteak beste, higienea (eskuak garbitzea edo hidrogela erabiltzea), maskarak erabiltzea, guneak desinfektatzea eta aireztatzea, aldentze-tarte fisikoa mantentzea, eta isolatzeak eta berrogeialdiak betetzea, sektore eta kolektibo bakoitzarentzat espezifikoak direnez gain, egoera eta ebidentzia zientifikoen arabera.