Descárgate la app
640 pertsonak eta enpresak 304 milioi euro zor dizkiote Nafarroari, 2020ko zordunen zerrendaren arabera
2020ko irailaren 30a
640 pertsonak eta enpresak 304 milioi euro zor dizkiote Nafarroari, 2020ko zordunen zerrendaren arabera
Nafarroako Foru Ogasunak 2020ko zordunen zerrenda argitaratu du gaur bere webgunean. Guztira, 640 zergapeko daude, eta 304 milioi euro zor dituzte 2019ko abenduaren 31n. 2019an argitaratutakoa baino 16 zordun gehiago ditu zerrendak, eta zor den zenbatekoa guztira, 1,3 milioi euro handitu da.
Zordunen zerrenda argitaratuz, Nafarroako Foru Ogasunak bete egiten du Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren 105 bis artikuluan ezarririkoa. Artikulu horrek dio zerrenda horretan agertu behar dutela 120.000 eurotik gorako zorrak dituzten pertsonek eta enpresek, zor horiek etenda edo geroratuta ez baldin badaude.
Zerrenda osatzen duten gehienak pertsona juridikoak dira. %76,07 juridikoak dira, eta %24,25, berriz, pertsona fisikoak. Gainerako %1,11 nortasun juridikorik gabeko entitateak dira. 598k Nafarroan dute egoitza, eta haiei dagokie zorraren %92,9; zor den kopuruaren %6,73 Espainiako gainerako lurraldeetako zergadunei dagokio; eta %0,29k, hau da, 2 zergadunek, atzerrian dute helbidea.
Zorraren %40,86, hots, 121 milioi euro, higiezinen eta eraikuntzaren sektoreari dagokio. Ondoren datoz merkataritzan eta ostalaritzan diharduten enpresak, %22,84; fabrikazioan ari direnak, %9,81; zerbitzu profesionalak eskaintzen dituztenak (%9,57) eta garraioaren arlokoak (%4,62).
Gehien-gehienak (%91,2) 2019ko zerrendan ere bazeuden. Orotara 584 zordun dira eta, aurreko zerrendarekin alderaturik, 255en zorra handitu egin da (5,2 milioi, guztira), 157rena gutxitu (5,9 milioi euro), eta 172k aurreko zerrendako zor berdina dute.
Era berean, aurreko zerrendan ez zeuden 58 zordun daude, orotara 19 milioi euroko zorra dutenak.
Beste alde batetik, aurreko zerrendan zeuden 40 ez daude oraingoan. Horietako 10en kasuan, zerrendatik desagertzearen zergatia hartzekodunen lehiaketa bukatu eta sozietatea likidatu izana da; beste 10 kasutan zorra gutxitu da, eta 120.000 eurotik beherakoa da orain; 4ri geroratu egin zaie zorraren ordainketa, eta 3k zorra kitatu dute.
Orotara, 40 zordun horiek 15,9 milioi euro zor zituzten.
Nafarroako Foru Ogasunak azpimarratu nahi du oraingo zerrendan dauden 94 enpresa lehiaketa-prozesuan daudela. Zor den kopuruaren %24,52 dagokie horiei, hau da, 74,5 milioi euro.
Zordun nagusien eta erantzuleen arteko bereizketaz den bezainbatean, zordunen %87,34 beraiek sorturiko zorraren ondorioz ageri dira zerrendan (zordun nagusiak), eta %12,66, berriz, hirugarrengo batek eragindako zorraren erantzule gisa ageri dira.
Ordaindu ez diren zergen artean, BEZa da lehena (108,6 milioi euro, kopuru osoaren %35,72). Haren ondotik, Sozietateen gaineko Zerga (%8,85, hau da, 26,8 milioi), Konturako atxikipenak (%6,73 eta 20,4 milioi), PFEZ (%4,53 eta 13,7 milioi) eta Zerga Bereziak (%1,96 eta 5,9 milioi). Gainerakoa ezarritako zigorrei (%12,14 eta 36,9 milioi) eta bestelako zerga, gainordain eta eratorpen-espedienteei dagokie (%30 eta 91,3 milioi).
Zerrendan agertzeko baldintzak betetzen ote diren ebazteko erreferentziazko data 2019ko abenduaren 31 izan da. Zerrenda argitaratu baino lehen, ageri diren guztiei adierazi zaie beren izena bertan egoteko proposatu izan dela, eta aukera eman zaie ez agertzeko, zorra osorik kitatzearen truke. Inork ez du bide hori aukeratu.