Asteazkena, 2020ko Irailaren 9ko albisteak

2020ko irailaren 8a

Mendibileko autobus geltokiko segurtasuna hobetzeko lanak urte amaieran amaituko dira

Ostegun honetatik desbideratzea egokituko da N-121 errepidean bertan kokatutako geltokia kentzeko lanak egin ahal izateko

Ostegun honetan, irailak 10, hasiera emango zaie Mendibileko herri arteko autobus geltokia egokitzeko lanei. Horretarako, N-121 errepidean, 22,350 eta 23,600 kilometroen artean, hain zuzen ereherriaren parean, desbideraketa egokituko da. Lanak hiru hilabetez egingo dira eta urte amaierarako amaituta izatea aurreikusten da. 

Lurralde Kohesiorako Departamentuak lanak Excavaciones Fermín Oses, SL enpresari esleitu dizkio 301.634,80 euroren truke (BEZ barne). Proiektuaren barnean, N-121 errepidetik Mendibilera sartzeko dauden bi elkarguneak aldatuko dira, autobus guztiak herrigunera sar daitezen eta errepidean dauden geltokiak kentze aldera.

Lanak medio, trafikoa N-121 errepideko ezker aldera aldatu beharko da dagoen bazterbidea aprobetxatuaz. Desbideraketa behar bezala adieraziko da seinale bertikalen bitartez. 22,960 kilometrotik 23,600 kilometrora bitarteko zatian 3 metroko bi erreiko eta 0,5 metroko zabalerako bazterbideko atal bat utziko da ibilgailuen zirkulaziorako.

Mendibil Oloritz udalerriko herria eta kontzejua da, eta 64 biztanle ditu. Mendibileko herriarteko autobusen geltokia N-121 errepideko 23. kilometroko elkargunean aurkitzen da. Errepidearen ezker aldean, estalitako markesina bat dago, baina eskuin aldean, autobusa geratzen den lekuan, ez dago geltoki hori adierazten duen instalaziorik. Horrela, herriarteko zerbitzuaren bidaiariek errepidea gurutzatu behar izaten dute elkargunetik barrena, eta horrek oinezkoen nahiz ibilgailuen segurtasunerako arrisku handia sortzen du.

N-121 errepidearen ondoko geltokia kenduko da

Mendíbileko herrigunean bada beste geltoki espezifiko bat eskola-garraiorako; beraz, zerbitzu hori ematen duten autobusak herrira 22. kilometroko elkargunetik sartzen dira, eta, ondoren, 23, kilometrora jotzen dute edota alderantziz, egiten duten ibilbidearen arabera. Bi kasuetan, erdiko errei bat falta da bidegurutzeetan ezker aldera biratu eta udalerrira sartzeko itxaroteko; ondorioz, autobusek zirkulazio-erreian geratu behar izaten dute, eta horrek bide-segurtasunean arriskuak eragiten ditu.

Beraz, obrei esker, N-121 errepideko bi elkarguneak aldatu ahal izango dira herrirako sarbideak errazteko, ezker aldera biratu beharrik gabe. Modu horretan, autobusen sarrera erraztuko da bidaiarien igoera eta jaitsiera guztiak herrigunean egin daitezen, errepidearen ondoan dagoen geltokia indarrik gabe utzita.

Jardueraren luzera osoa 330 metro ingurukoa da. Bi elkarguneetan, trazadura berria egungo plataformara egokituko da, eta handitzeak soilik erdiko erreia eraikitzea beharrezkoa den lekuetan aurreikusi dira. Bietan, plataforma handituko da egungo galtzadaren eskuin aldetik. Horrez gain, egungo errepidearen ardatza mantenduko da.