Descárgate la app
Nafarroako Gobernuak mendekotasuna duten pertsonen arretarako 300 pertsona gaitu ditu egoitzetan egon daitezkeen beharrei erantzuteko
2020ko irailaren 1a
Nafarroako Gobernuak mendekotasuna duten pertsonen arretarako 300 pertsona gaitu ditu egoitzetan egon daitezkeen beharrei erantzuteko
Eskubide Sozialetako Departamentuak aste honetan hasi ditu mendekotasuna dutenei oinarrizko zaintzan prestakuntza emateko ikastaroak. Nafar Lansare (SNE-NL) Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren bitartez, datozen asteetan 300 pertsona gaituko ditu egoitzetan izan daitezkeen beharrei erantzuteko lan-poltsak osatzeko.
Eskubide Sozialetarako kontseilariak, Carmen Maeztuk, eta SNE-NLko zuzendari kudeatzaileak, Miriam Martónek, lehenbiziko ikastaroari bisita egin diote. Azkoienen programatu zuten ikastaro hori, inguruko herri guztietan (Faltzes, Funes, Azkoien eta Martzilla) egoitzak daudelako. Haiekin izan dira Juan Carlos Castillo, herriko alkate eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko (NUKF) lehendakaria, eta Beatriz Lacabe, egoitza eta irabazi asmorik gabeko beste arreta-zerbitzu batzuk biltzen dituen Lares elkartearen izenean.
Orotara, SNE-NLk 30 ikastaro programatu ditu, 30na orduko iraupena eta ikasleentzat 10na toki izanen dituztenak, COVID-19aren protokoloarekin bat eginik. Saioetan bost gai lantzen dira: oinarrizko zaintzak, mugitzea eta ariketa fisikoa, elikadura eta sendagaiak, eritasunak, eta komunikazio psikologikoa. Ikastaroak praktikoak ere badira (ohe artikulatuak, garabiak, mihise bereziak…), eta gainera norberaren babeserako ekipamenduaren erabilera irakasten da.
Iruñean emanen diren 14 ikastaroetan ez dago tokirik jadanik –horietako hiru aste honetan hasiko dira- eta beste 16 programatu dira Nafarroako gainerako eskualdeetan. Une honetan horietako 5etan geratzen dira tokiak (Bera, Zarrakaztelu, Lekaroz, Tafalla eta Lodosa), eta beste batzuen deialdia egiteke dago oraindik (Tutera, Agoitz/Zangoza eta Lizarra). Interesa dutenek informazioa kontsultatu eta izena eman dezakete www.empleo.navarra.es webgunean, Formación atalean, edo formacion.navarra.es helbidean.
Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziarekin batera diseinatu dira ikastaroak, Laresen lankidetzarekin, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak ere parte hartu duelarik eta ikastaroak hartzen dituzten udalerriek antolakuntzaz arduratu direlarik.
Nafarroan dauden hirugarren adinerako 71 egoitza publiko eta pribatuetan 2.000 zaintzaile inguruk egiten dute lan. Berrogeialdiak iraun zuen bitartean, 500en bat baja egon ziren COVID-19a dela eta. Premiazko neurriei esker ez zen kualifikazioa eskatzeko beharrik egon langileak kontratatzeko, eta departamentuak abiarazitako kontratazio-zerrendan 1.280 pertsonak eman zuten izena, horietatik 999 titulaziorik gabekoak.
“Arazoak izan genituen, bereziki toki batzuetan. Ikastaro hauei esker gutxieneko trebakuntza jaso duten eta dagokien diploma eskuratu duten pertsonak izanen ditugu erizain-laguntzaile lanetarako, gaixotasunen ondoriozko bajengatik edo prebentziozko isolatzeengatik haiengana jo behar baldin badugu”, adierazi du kontseilariak. Maeztuk eskerrak eman dizkie NUKFri eta udalei, konpromisoa hartzeagatik, eta ikasleei, agerturiko gogoagatik.
Bestalde, SNE-NLko kudeatzaileak, Miriam Martónek, aipatu du enplegu-poltsan lehentasuna izanen dutela heziketa osoagoa jaso dutenek: Profesionaltasun Egiaztagiri Sozio-sanitarioa, erietxeko laguntzailea edo, behintzat, bi heziketa-modulu. Izena emateko epea oraindik zabalik duten ikastaroak ere baditu SNE-NLk. Martónek dei egin die ikasleei beharra izanez gero SNE-NLko lanbide-orientazioko zerbitzuetara jotzeko, www.empleo.navarra.es webgunean hitzordua eskatuz. SNE-NLk 80.000 euro erabiliko ditu, orotara, COVID-19ari aurre egiteko prebentzio-ekintza honetarako.