Descárgate la app
Irailaren 21era arte luzatuko da Bizigarritasun Dekretu berriari ekarpenak egiteko epea
2020ko abuztuaren 25a
Irailaren 21era arte luzatuko da Bizigarritasun Dekretu berriari ekarpenak egiteko epea
Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak luzatu eginen du Bizigarritasun Foru Dekretu berriaren idazketaren inguruko ekarpenak egiteko epea, eta irailaren 21era arte luzatuko du.
Hasiera batean, ekarpenak aurkezteko abuztuaren 31ra bitarteko epea izanen zuten toki-entitateek, profesionalek eta gizarte-eragileek. Haatik, interes handia piztu dela ikusirik Gobernu Irekiak data berria iragarri zuen joan den abuztuaren 18an. Izan ere, sektoreko hainbat eragilek denbora luzeagoa eskatu zioten departamentuari teknikoki hobeki landuriko proposamenak eramaten ahal izateko, abuztua lanketa hori egiteko hilabete zaila dela eta. Epe berria ezarririk, “eztabaida eta parte-hartzea oparoagoak izatea” da asmoa, Lurralde Antolamenduak adierazi duenez.
Ekarpen horiek guztiak Bizigarritasun Foru Dekretuaren moldatze-zirriborroa osatzeko baliatuko dira. Departamentuak honezkero 16 urte dituen gaur egungo araudia egokitzeko xedez landu du zirriborro hori, hirigintzaren errealitate berriarekin eta Foru Erkidegoan agertu diren jasangarritasun-printzipioei loturiko erronka berriekin bat etortzeko. Dekretu berriaren helburuak dira birgaitze-proiektuetatik abiaturik etxebizitza sustatzea, eraikin guztien irisgarritasunari eta efizientzia energetikoari dagokienez aurreranzko urratsak egitea, eta guneen erabilera eta mugikortasuna malgutzea.
Horrez gain, dokumentuak neurri berriak ezartzen ditu, izapide administratiboak eta bizigarritasun-zedulen erregulazioa sinplifikatzeko xedez, baita kudeaketa telematikoa sustatzeko asmoz ere. Halaber, eremu nazionalean, araudia gaurkotuko da Eraikuntza Kode Teknikora egokitzeko.
Dekretu berrian aipatzen direnen artean daude, besteak beste, higiezin handietan tokia banatzea etxebizitza txikiagoak sortu eta gizarte-eskakizun berrietara egokitzeko; erabilera-mota bat baino gehiago izanen duten etxebizitza malguagoen beharra; genero-ikuspegia aintzat hartzea gune komun seguruak diseinatzerakoan; eta etxebizitza eta haren guneak egoera zehatzetara eta eskakizun berrietara egokitzeko komenigarritasuna, hala nola COVID-19 pandemiatik eratorri direnak, telelana eta familia-bateratzea adibidez.
Bai Dekretuarekin bai haren eranskinekin zerikusia duen dokumentazio guztia Gobernu Irekia webgunean kontsulta daiteke.