2020ko abuztuaren 5a

Gobernuak 121,3 milioi euro bideratuko dizkie gaur tokiko erakundeei, herritarrei ematen dizkieten zerbitzuak eta funtzionamendua finantzatzeko

Gainera, Nafarroako Udalek beste 10,5 milioi euro jasoko dituzte gaur COVID-19 ak udal aurrekontuetan duen eragina murrizteko

Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren bidez, 121,3 milioi euro bideratuko dizkie gaur tokiko erakundeei, haien eguneroko funtzionamendua eta herritarrei ematen dizkieten zerbitzuak finantzatzeko. Toki Ogasunek Nafarroako tributuetan parte hartzeko duten funtsaren bigarren ordainketa da. Gogoratu behar da funts horren lehen ordainketa joan den martxoan egin zela.

Gaur ordaindutako 121,3 milioi eurotatik, guztira 101,6 milioi euro udalerriei eta kontzejuei ordaindu zaizkie Transferentzia Arrunten bitartez; hau da, ohiko gastuei aurre egin diezaioten. Gogoratu behar da Funtsaren bigarren ordainketa honekin toki-erakunde bakoitzari dagozkion zenbatekoak erregularizatuko direla. Gainera, Iruñeko Udalari 13,2 milioi euro ordaindu zaizkio "Hiriburutza Gutunaren" izeneko bigarren ordainketa moduan. Modu horretan, 2020. urtean, Nafarroako hiriburuak 26 milioi euro jaso ditu. Azkenik, toki-erakundeek ere gaur 6,4 milioi euro jaso dituzte Montepioak finantzatzeko, Nafarroako Udalek, sistema horretara atxikitako langileak dituztenek, jasaten duten Montepioko defizita arintzeko.

236,3 milioi euroko Funtsa, 2019an baino 7 milioi gehiago

Tokiko Ogasunek Nafarroako Tributuetan Parte hartzeko Funtsa 236,3 milioi eurokoa da 2020. urteari begira; hau da, iaz baino zazpi milioi euro gehiagokoa (%3,19). Nafarroako 272 udalerri eta 346 kontzejuren artean banatuko da, funtzionamendua eta zerbitzuak finantzatzeko aukera izan dezaten.

236,3 milioi eurotatik, 197,3 milioi Udalei emango zaizkie ohiko gastuei aurre egiteko. Gainera, Nafarroako Udalek jasaten duten Montepio defizita aritzeko ekarpena mantenduko da, 6,4 milioi eurokoa, hots, %9 gehiago.

Banatzeko proposaturiko formularen arabera, berme-sistema bat ezarri da, udalerri eta kontzeju guztiek gutxienez 2019an jasotako kopurua gehi bi puntu portzentualekoa jaso dezaten. Formulak kopuru teoriko handiagoa esleitzen dietenei, finkatzea ezinezkoa denean, zati proportzionala ematen zaie, aurrekontu-muga osatu arte.

Iruñeko Udalari "Hiriburutza Gutunaren" izenean dagokion zuzkidura (26 milioi euro) eta Nafarroako Udalerrien eta Kontzejuen Federazioari egindako esleipena (434.000 euro) 2019an esleitutako kopuru bera da gehi beste ehuneko bi puntu.

Ekitaldi honetako berrikuntza nagusi gisa, desagertu egin da hautetsiei ordaintzea erabakitzen duten Udalei egiten zitzaien ordainketaren konpentsazio-izaera finalista, eta, horrela, urteko ekarpen finkoa ezarriko da, Nafarroako Udal guztiek jasoko dutena haiek osatzen dituzten kargu hautetsien kopuruaren arabera, ordainsariak jasotzea justifikatu beharrik gabe; ekarpen hori ere ehuneko bi puntu handitu da 2019an zehar jasotakoarekin alderatuta. Zuzkidura hori 5,9 milioi eurokoa da.

Beste 10,5 milioi euro COVID-19aren inpaktua arintzeko

Bestalde, toki-erakundeei 10,5 milioi euro ere ordaindu zaizkie COVID-19ak eragindako aparteko eta premiazko neurriak hartzetik sortutako premiak estaltzeko.

10,5 milioi euro horietatik, guztira 8,5 izango dira Nafarroako Udalak COVID-19a dela-eta jasaten ari diren diru-sarrera gutxiago eta gastu gehiago arintzeko: 1,5 milioi 0-3 urteko haur-eskoletan sortutako defizitak arintzeko izango dira; 200.000 euro musika-eskolentzat; 3,1 milioi euro kirol-zerbitzuentzat; 500.000 euro hirugarren adinekoen egoitzentzat eta eguneko zentroentzat; 600.000 euro aparkalekuetarako; eta 2,6 milioi euro toki-erakundeek beste gastu handiagoei eta diru-sarrera txikiagoei aurre egiteko.

8,5 milioi euro horiez gain, beste milioi bat euro izango dira tokiko jarduera ekonomikoko oinarrizko sektoreei eusten laguntzeko; hala nola, merkataritza, turismoa eta ostalaritza, eta beste milioi bat euro lana, bizitza pertsonala eta familia uztartzera bideratutako udal-jarduerak egitea sustatzeko.

10,5 milioi euro horien ordainketa toki-erakundeek COVID-19ak eragindako premiei aurre egiteko sortutako 25 milioi euroko Aparteko Funtsean kokatzen da. Funts horretako gainerako 14,5 milioi euro toki-erakundeek inbertsio hauek egiteko erabiliko dira: energia-eraginkortasuna, hiriko mugikortasun iraunkorra, udal-eraikinak egokitzea, banda zabaleko konektibitatea eta uraren erabileraren eraginkortasuna (13,5 milioi euro); eta bidaiarien hiriko garraioaren defizita arintzeko ere bai (milioi 1 euro).