Descárgate la app
Nafarroako Urrezko Domina 2020rako hautagaitzak aurkezteko epea zabalik
2020ko abuztuaren 4a
Nafarroako Urrezko Domina 2020rako hautagaitzak aurkezteko epea zabalik
Nafarroako Urrezko Domina emateko hautagaitzak aurkezteko parte-hartze publikorako prozedura deitu du Nafarroako Gobernuak. Aurkezteko epea asteazken honetan, abuztuaren 5ean, hasiko da, eta urriaren 15era arte luzatuko da, Javier Remirez Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu duen Foru Aginduan jasotzen denez.
Deialdiaren helburua da herritarren parte-hartzea bermatzea Domina emateko prozesuan. Nafarroako Gobernuak ematen duen ohorezko sari gorena da, Foru Komunitatean gizartea hobetzen, balio demokratikoak sendotzen eta kanpo-proiekzioa lortzen lagundu duten pertsonak, erakundeak, entitateak eta kolektiboak saritzeko.
Hautagaitzak aurkeztu ahal izango dituzte instituzioek, erakundeek eta elkarteek nahiz edozein pertsona fisikok edo juridikok. Ez dira onartuko saria beretzat edo legez ordezkatzen duten erakundeentzat eskatzen duten pertsonek aurkeztutako hautagaitzak.
Hautagaitzak Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean (Carlos III.aren etorbidea 2, 31002 Iruña) edo Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen inguruko urriaren 1eko 39/2015 Legeko 16. artikuluan aurreikusitako edozein lekutan aurkeztu ahal izango dira, Proiekzio Instituzionaleko Zerbitzuari eskaera zuzenduta.
Epaimahaia eta balorazio-irizpideak
Hautagaitzak baloratuko dituen epaimahaiaren burua harreman instituzionaletako kontseilari titularra izango da, Javier Remirez, eta arlo hauetako arduradunek osatuko dute: komunikazioa, berdintasuna, toki-administrazioa, garapen ekonomikoa, hezkuntza, eskubide sozialak, osasuna, berrikuntza, ingurumena, herritarrekiko harremanak eta kultura.
Epaimahaiak hiru hautagaitza hautatuko ditu aurkeztutakoen artean, eta batez ere ondorengo irizpideak izango ditu kontuan: ereduzko jardun pertsonala edo kolektiboa, herritar guztiek horrela hartua; gizartearen balio demokratikoei laguntzea; elkartasunean eta herritarren aldeko lanean sartzen diren ekintzak bultzatzea; kultura, enpresa, gizarte eta abarreko jardueraren alderdi ezberdinetatik gizarte bidezkoagoa eta solidarioagoa osatzen saiatu diren ibilbideak egin izana; genero-parekotasuna, emakumeen gizarte-ekarpena aintzat hartzen duena; hezkuntza, osasuna, ingurumena eta gizartearen aurrerapena sustatzea; eta kanpoan Nafarroaren irudia bultzatzea.
Epaimahaiak Foru Gobernura igorriko ditu hautatutako hautagaitzak, eta hark, Nafarroako Lehendakariaren edo Gobernuko edozein kideren ekimenez, horietako bat hautatu eta ematea onartuko du, dominaren hartzailearen adostasuna aurrez jasota.
ADACEN, 2019an saritua
2019an, Nafarroako Garuneko Kaltearen ADACEN Elkarteak jaso zuen Nafarroako Urrezko Domina, Foru Exekutiboarentzat “haren jarduera eredugarria, solidarioa eta osasuna sustatzekoa izateagatik, gizartea hobetzen lagunduaz”; saria sortu zeneko 25. urteurrenean jaso zuen. Hautagaitza hainbat erakundek, enpresak eta administrazio publikok bermatu zuten; tartean, NUP, Osasun Zientzien Fakultatea, CIMA edo Nafarroako Medikuen Elkargo Ofiziala, besteak beste.
Saria 1982. urtean banatu zen lehen aldiz, eta, geroztik, Nafarroako Urrezko Domina 35 pertsona, enpresa eta erakundek jaso dute guztira; horien zerrenda esteka honetan kontsulta daiteke.